Eusko Jaurlaritza maiatzean hasiko da Laudion babes ofizialeko alokairuko 93 etxebizitza eraikitzen, Udalak bi partzela doan laga izanari esker

Argitalpen-data: 

Bloque_de_las_29_viviendas.jpg
  • Proiektuak araubide orokorreko babes ofizialeko alokairuko 64 eta 29 etxebizitzako bi sustapen gauzatzea aintzat hartzen du, eta 14,7 milioi eurotik gorako inbertsio globala egingo du horretarako. 29 etxebizitzek % 60ko industrializazio-maila izango dute; beste 64 etxebizitzek, berriz, elementu industrializatuak izango dituzte fatxadetan eta bainugeletan
  • Alokabidek kudeatuko dituen logela bateko, biko eta hiruko etxebizitzak Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak legegintzaldi honetan sustatuko dituen 7.000 etxebizitzen parte dira, eta 2028. urtean zehar entregatuko zaizkie maizterrei

Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila maiatzean hasiko da Laudio / Llodion babes ofizialeko alokairuko 93 etxebizitza eraikitzen, Goikoplaza hirigintza-esparruan, Udalak bi udal-partzela doan eta kargarik gabe laga ondoren. Sustapenak Zumalakarregi hiribideko 55ean eta 57an eta Goikoplaza kaleko 10ean egingo dira eta Alokabidek kudeatuko ditu. Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan sustatuko dituen 7.000 etxebizitzen parte dira.

Proiektuak araubide orokorreko babes ofizialeko alokairuko 64 eta 29 etxebizitza egitea aintzat hartzen du. Obra-aurrekontua (kontrata bidez egikaritzearen aurrekontua) 13,6 milioi eurokoa da, eta inbertsio globala 14,7 milioi eurotik gorakoa. Eusko Jaurlaritzak eta Arabako udalbatzak 2024ko martxoaren 20an sinatu zuten lankidetza-hitzarmenaren esparruan kokatzen da jarduketa.

Arloko sailburu Denis Itxasok baieztatu duenez, “babes ofizialeko 29 etxebizitzaren sustapenak % 60ko industrializazio-maila izango du, eta babes ofizialeko 64 etxebizitzarenak, berriz, elementu industrializatuak izango ditu bai fatxadetan bai bainugeletan”. Azpimarratu du, era berean, “halako tamainako jarduketa batek zuzeneko inpaktua eta oso positiboa duela Laudio / Llodio bezalako udalerri batean. Izan ere, alokairuko etxebizitzaren eskaria handia da eta sustapen publiko bakoitzak modu erabakigarrian laguntzen du etxebizitza duina eta eskuragarria izateko aukera hobetzen”.

Ildo horretan, erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du Itxasok. Azpimarratu duenez, “udalen inplikaziorik gabe, eta, kasu honetan, Laudio / Llodioko Udalak lurzorua doan laga ez balu, ezinezkoa litzateke herritarren benetako beharretara egokitutako asmo handiko etxebizitza-politika publikoak garatzea”.

Babes ofizialeko 29 etxebizitzak 2028ko erdialderako entregatzea aurreikusten da. Babes ofizialeko 64 etxebizitzak, aldiz, 2029ko hasiera alderako, eraikuntza-lanak amaitu eta dagozkien administrazio-tramiteak bete ondoren. Sailburuaren hitzetan, “Alokabidek alokairuaren kudeaketa publikoa, profesionala eta gardena bermatzen du, eta etxebizitza horiek benetan behar dituztenengana iritsiko direla eta epe luzean parke publikoaren barruan iraungo dutela ziurtatzen du”.

Udalerrian dagoen alokairuko etxebizitza babestuen eskari handiari erantzuten dio jarduketa horrek. 2026ko urtarrilean, Laudio / Llodiori lotutako 835 bizikidetza-unitate daude Etxebiden inskribatuta, eta horietako 678k alokairu-araubideko etxebizitza eskatzen dute. Horietako 392k araubide orokorreko babes ofizialeko alokairuko etxebizitza eskuratzeko baldintza ekonomikoak betetzen dituzte, 9.000 eta 46.463,29 euro bitarteko urteko diru-sarrerak dituzte-eta. Sailburuak dioenez, “datu horiek nabarmentzen dute Laudio / Llodiok alokairuko etxebizitzaren parke publikoa areagotzeko premia duela, eta Goikoplazakoa bezalako eragiketak egokiak ez ezik, ezinbestekoak direla eskari horri erantzuteko”.

Izenpetutako hitzarmenaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du, halaber, AR-2 partzelan eraikitako lokalak Udalari doan lagatzeko, gizarte-zuzkidura gisa erabil ditzan. Gainera, akordioak hiru etxebizitza ere erreserbatzeko aukera aintzat hartzen du, hirigintza-jarduketek eraginpean hartu dituzten edo premia bereziak dituzten pertsonei adjudikatzeko. Sailburuak azpimarratu duenez, “etxebizitza publikoa ezin da ulertu modu bakartuan, gizarte-zuzkidurak, lurralde-kohesioa eta auzoetarako bizi-kalitatea barnean hartzen dituen hiri-estrategia zabalago baten parte gisa baizik”.

Zortzi altueratan banatutako 64 etxebizitzako bloke bat

Lehenengo jarduketak aintzat hartzen du babes ofizialeko alokairuko 64 etxebizitza eraikitzea Zumalakarregi hiribideko 55ean eta 57an kokatutako Goikoplaza esparruko AR-2 partzelan. Orubea, gaur egun behin-behineko aparkaleku batek okupatua, berriki bideratu duten San Juan errekarantz irekitzen da hegoaldeko fatxadan.

Proiektua DG Arquitectura Habitable SCP taldeak diseinatu du, ingurunearen baldintza hidraulikoak kontuan hartuta. Hala, T500 errepikatze-denborako uholde-kotaren gainetik (126,19 metroan finkatua) kokatu dituzte sarbide guztiak, 126,25 metroko kotaraino goratutako zokalo baten bidez. Itxasok nabarmendu duenez, “proiektu honek frogatzen du kalitatezko etxebizitza publikoa, ingurunean egoki integratua eta ingurumen-baldintza korapilatsuetara egokitua egin daitekeela, segurtasun- eta jasangarritasun-irizpideei uko egin gabe”.

Construcciones Olabarrik jasoko duen eraikinak bi soto, beheko solairua eta zortzi altuera izango ditu. Blokeak, gainera, bi komunikazio-nukleo eta espazio komun zabalak izango ditu. Sustapenak logela bateko 16 etxebizitza, bi logelako 43 etxebizitza —horietako hiru egokituak— eta hiru logelako bost etxebizitza izango ditu. Eraikuntzaren eta energiaren ikuspuntutik, sustapenak prestazio handiko isolamenduak, panel fotovoltaikoak eta berokuntza elektriko efizientea izango ditu, eta elementu industrializatuak fatxada eta bainugeletan.

Sustapen horren obra-aurrekontua 8,8 milioi eurokoa da. Inbertsio osoa, berriz, 9,57 milioi eurokoa da, eta % 2ko eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga aplikatzen zaio, % 95eko hobariarekin, gizarte-interes nabarmeneko jarduketa da-eta.

% 60ko industrializazio-maila

Bigarren jarduketan, i2G Apraiz Marchal Barberena Arquitectos SLk idatzitakoan, babes ofizialeko alokairuko 29 etxebizitza eraikiko dira AR-3 partzelan, Goikoplaza kaleko 10 zenbakian, Nerbioi ibaiaren parean. Eraikina, BYCAM Servicios Edificios e Infraestructuras, SAk eraikiko duena, etxe-uhartearen erremate gisa diseinatu da, barne-patioa duen hiri-bloke bat itxiko du eta, hartara, hiri-ehunaren jarraitutasuna hobetuko du. Etxebizitzetarako sarbidea beheko solairu goratu batetik egiten da, arrapala eta eskailera bidez, eta eraikina L baten modura garatzen da, sotoko solairurik gabe.

Sustapenak logela bateko lau etxebizitza, bi logelako 22 etxebizitza —horietako bi egokituak— eta hiru logelako hiru etxebizitza izango ditu. Aireztapen gurutzatua eta eguzkialdiaren aprobetxamendua ahalbidetzen dituzten orientazioak izango dituzte etxebizitza guztiek.

Jarduketa horrek erabakitasunez egiten du zurezko industrializazioaren alde. Hala, zur kontralaminatuzko (CLT) panelez egindako egitura izango du lehen solairutik aurrera, eta % 60ko industrializazio-maila.

Itxasok berretsi duenez, “zuraren eta elkarlaneko lan-ereduen aldeko apustuari esker, eraikuntza publiko jasangarriago baterantz aurrera egin dezakegu, egikaritze-epeak murriztu ditzakegu eta ingurumen-inpaktua minimiza dezakegu, arkitektura-kalitatea galdu gabe”. Obra-aurrekontua 4,7 milioi eurokoa da, eta inbertsio osoa 5,17 milioi eurokoa, dagokion udal-hobari fiskala barne, jarduketa gizarte-interesekoa da-eta.

Bi sustapen horiekin, Eusko Jaurlaritzak erabakitasunez indartzen du alokairuko etxebizitzaren eskaintza publikoa Laudio / Llodion, eta inbertsio publikoa, erakundeen arteko lankidetza, jasangarritasuna eta udalerriko eskari errealarekiko erantzuna uztartzen dituen etxebizitza-politika kontsolidatzen du.

 

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)