Euskadin urte arteko langabezia 1.221 pertsonatan murriztu da, baina 706 pertsonatan igo da aurreko hilaren aldean

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Euskal lan merkatuak eredu egonkorragoa finkatu du, kontratazio mugagabe gehiagorekin eta hobekuntza iraunkorrarekin urteko perspektiban, urtarrileko urtarokotasuna gorabehera   

Lan merkatuaren sakoneko joeraren sendotasuna berretsi du Euskadik 2026ko urte hasierako enpleguaren bilakaerarekin. Gabonetako kanpainak sortutako ohiko portaera jasotzen badu ere urtarrileko balantzeak, 706 langabe gehiagorekin —108.140 langabe daude, orotara—, langabeziak behera egin zuen joan den hilean, 2025eko urtarrilaren aldean, hau da, % 1,12ko urte arteko murrizketa. Datu horrek enpleguaren etengabeko hobekuntzaren ibilbidea indartzen du urteko kopuruetan.

Sektoreka, hileko saldoan, langabeziak behera egin du eraikuntzan (-116, -% 2,11), industrian (-183, -% 1,72) eta lehen sektorean (-% 18, -% 0,94). Hala ere, gabonetako erosketen ondoren, gora egin du zerbitzuen sektorean (+933, +% 1,24) eta aurretik enplegurik ez zutenen artean (+90, +% 0,3). Hori ohikoa da urtarrilean, baina aurtengo igoera azken hamazortzi urteetako txikiena izan da.

Hala ere, urte arteko bilakaera positiboa izan da hiru lurralde historikoetan, eta langabeziak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita EAEko hiru hiriburuetan ere. Lurraldearen aldetik orekatua den hobekuntza horrek adierazten du lan merkatua erresilientea dela eta sendotu egin dela enplegua xurgatzeko gaitasuna Euskadi osoan.

Kontratazioa

Aurrerapen nabarmenak erakusten jarraitzen du enpleguaren kalitateak. Urtarrilean, 59.267 kontratu erregistratu ziren, eta horietatik 15.024 mugagabeak izan ziren, kontratu guztien
% 25,3. Kontratazio mugagabearen pisu horrek gora egin du, bai aurreko hilabetearekin alderatuta, bai urte arteko terminoetan, eta horrek agerian uzten du lan egonkortasuna pixkanaka indartu egin dela. Aldi berean, murriztu egin da behin-behinekotasunaren garrantzi erlatiboa, eta lanaldi partzialeko kontratazioak behera egin du abenduarekin alderatuta; kontratu mugagabeak, berriz, hazi egin dira, kopuru absolutuetan, hiru lurraldeetan.

Sektoreka, kontratazioaren hileko bilakaeran manufaktura industria nabarmentzen da enpleguaren sorreran duen dinamismoagatik (+2.506 kontratu), hezkuntzarekin (+1.063) eta eraikuntzarekin (+743) batera. Aitzitik, ostalaritzak (abenduan baino 2.043 kontratu gutxiago), administrazio jarduerek (1.168 gutxiago) eta informazio eta komunikazioek (-968) izan dituzte jaitsierarik handienak.

Laburbilduz, abenduko datuek kontratazio-bolumen handiagoa islatzen dute, osasun-jarduerek eta ostalaritzak bultzatuta. Behin-behinekotasunak eta partzialtasunak lan-egonkortasuna baldintzatzen jarraitzen dute, eta, testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak berretsi egiten du lan-eskubideen defentsarekin eta lan-arloko edozein iruzur edo gehiegikeriaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa. Euskadiko Lan Ikuskaritzak abian jarritako lan-kontratazioko bigarren talka-planaren eta izaera sistemikoko praktika irregularrei aurre egiteko berariazko informazio-kanpainen bidez, Eusko Jaurlaritzak zaintza-lana areagotzen jarraituko du, enplegu egonkorragoa eta kalitate handiagokoa lortzeko bidean aurrera egiteko

Gizarte Segurantzako afiliazioa

Gizarte Segurantzako afiliazioak, bestalde, 12.417 kotizatzaile gutxiago izan ditu urtarrilean, abenduko errekorraren ondoren (1.036.804 afiliatu). Urtarrila ixtean, guztira 1.024.387 zenbatu ziren. Hala ere, urte arteko datuei erreparatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko afiliazioa 9.881 langiletan hazi da 2025eko urtarrilaren aldean, hau da, % 0,97 gehiago.

Langabeziaren iraupenaren bilakaera ere nabarmentzekoa da. Urte arteko datuei dagokienez, iraupen laburreko langabezia 969 pertsonatan jaitsi da, eta enplegura itzultzeko azkartasun handiagoa islatzen du. Era berean, iraupen luzeko langabeziak murrizten jarraitzen du aurreko urtearekin alderatuta, eta pixkanaka hobetzeko joera sendotzen ari da laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboetan.

Oro har, urtarrileko datuek erakusten dutenez, urtarrileko urtaroko aldaketaz harago, Euskadik joera positiboa sendotu du: duela urtebete baino langabezia gutxiago, kontratazioan egonkortasun handiagoa eta langabeziaren iraupena pixkanaka hobetzea. Horrela, eredu sendoago, orekatuago eta kalitate handiagoko enplegura bideratuago dagoen lan merkatu baterantz doa Euskadikoa.