Euskadik euskararen eta hizkuntza gutxituen papera aldarrikatu du adimen artifizialaren etorkizunean Euskorpora Summit 2026 jardunaldian.

Argitalpen-data: 

IMG_4840.jpg
  • Bilbon egin den topaketak Europako adituak, erakundeak, enpresak eta ikertzaileak bildu ditu hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren erronkei buruz hausnartzeko.
  • Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariordeak nabarmendu du hizkuntzek “beren etorkizuna ere jokoan” dutela aro digitalean, eta euskararen gaitasun digitalak indartzeko beharra azpimarratu du.

 

Euskorporak gaur egin du Bilbon, EITBren egoitzan, Euskorpora Summit 2026: Europako testuingurutik tokiko eraginera jardunaldia. Topaketak erakunde publikoak, enpresak, ikertzaileak eta Europako hizkuntza-teknologien arloko adituak bildu ditu, adimen artifizialaren garapenak hizkuntza txikientzat dakartzan erronkak eta aukerak aztertzeko.

Jardunaldiaren hasieran, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskararen presentzia bermatzearen garrantzia azpimarratu du etorkizuneko teknologia digitalen garapenean.

Bere hitzaldian, hizkuntza-aniztasuna Europako balio estrategiko gisa aldarrikatu du, eta adimen artifizialaren etorkizuna hizkuntza guztientzat eraikitzearen garrantzia nabarmendu du.

Euskorporaren lehen urteko balantzea

Irekiera instituzionalaren ondoren, Euskorporaren lehen urteko mugarri nagusiak jasotzen dituen ikus-entzunezko bat aurkeztu da.

Ondoren, Leire Barañano Euskorporako zuzendari nagusiak proiektuaren bilakaera aurkeztu du, datu linguistikoen bilketan, lankidetza-sareen sorreran eta euskararen azpiegitura digitalen garapenean egindako aurrerapenak azalduz.

Bere hitzaldian azpimarratu du kalitatezko hizkuntza-datuak funtsezkoak direla etorkizuneko adimen artifizialeko sistemetan euskararen presentzia bermatzeko.

Europako ikuspegia: hizkuntza guztiak adimen artifizialean

Jardunaldiaren lehen blokean Europako hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren arloko erreferente nagusiek parte hartu dute.

Besteak beste, Georg Rehm (DFKI), Khalid Choukri (ELDA eta ELRA), Andrejs Vasiljevs (Tilde), Krister Lindén(Helsinkiko Unibertsitatea) eta Steinþór Steingrímsson (Árni Magnússon Institute for Icelandic Studies) izan dira hizlari.

Parte-hartzaileek nabarmendu dute hizkuntza-baliabide sendoak, datuen gobernantza egokia eta nazioarteko lankidetza ezinbestekoak izango direla Europako hizkuntzek adimen artifizialaren hurrengo belaunaldian presentzia bermatzeko.

Euskadiko ekosistema, hizkuntza-teknologien alde

Jardunaldiaren bigarren zatian Euskadiko ekosistemaren gaitasunak, beharrak eta aukerak aztertu dira.

Mahai-inguruan parte hartu dute Andres Urrutiak eta Miriam Urkiak (Euskaltzaindia), Jon Telletxeak (EITB), Iñaki Gorostidik (Logikaline) eta Mikel Echebarriak (Laboral Kutxa).

Parte-hartzaileek adierazi dute lankidetza publiko-pribatua eta kalitatezko datuen erabilera izango direla euskararen inguruan garatzen diren adimen artifizialeko soluzio berrien oinarri nagusiak.

Europa eta Euskadi lotzen dituen topagunea

Euskorpora Summit 2026k agerian utzi du hizkuntza-teknologiak eta datu linguistikoak elementu estrategiko bihurtu direla hizkuntzen etorkizunerako.

Jardunaldiak Euskorporaren papera indartu du Europa eta Euskadiko eragileen arteko topagune gisa, ezagutza partekatzeko, lankidetzak sustatzeko eta euskararen etorkizun digitala sendotzeko.

Lehen edizio honekin, Euskorpora erreferentziazko gune bihurtzeko bidean urrats berri bat eman du, hizkuntza txikien, adimen artifizialaren eta hizkuntza-teknologien inguruko Europako eztabaidan.

Euskorporari buruz

Euskorpora fundazioaren helburua da euskarazko datu linguistikoak bildu, egituratu eta balioan jartzea, hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren garapena sustatzeko. Bere misioa euskararen etorkizun digitalerako azpiegitura estrategiko bat eraikitzea da.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)