- Denis Itxaso sailburua Tobia Zevi Erromako Udaleko Etxebizitza zinegotziarekin eta haren lantaldearekin bildu da Italiako hiriburuan. Topaketak gai hauek izan ditu ardatz: Europaren finantzaketa; errenta ertainak dituzten langile-klaseentzako arreta; eta alokairuko merkatuaren erregulazioa
- Eusko Jaurlaritzak Erromarekin partekatu du Euskadin bultzatzen ari den Etxebizitzaren Gizarte Funtsaren diseinua, hau da, alderdi pribatuak alokairuko etxebizitza eskuragarria eta babestua bultzatzeko tresna
- Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariak ere parte hartu du ordezkaritzan, eta bidaia baliatu du antzinako eskola-eremu batean 76 etxebizitza publiko eraikitzeko obren eta 280 pisuko birgaitze energetiko integralaren proiektua bisitatzeko
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Erromako Udalak lankidetza-bide egonkorra irekitzea erabaki dute, esperientziak, tresnak eta etxebizitza-politika publiko berriak partekatzeko, betiere Europako hirien egungo hiri-erronka sozial eta demokratiko nagusietako baten aurrean: etxebizitza-merkatuaren tentsio handiko testuinguruetan etxebizitza eskuragarria lortzeko aukerakbermatzea. Denis Itxaso sailburuak bilera instituzionala egin du Italiako hiriburuan Andrea Tobia Zevi Erromako Udaleko Etxebizitza zinegotziarekin eta bere lantaldeko kide batzuekin —horien artean Laura Pecoraro aholkularia zegoen—.Bileran Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak ere parte hartu du.
Bilerak honako hiru ardatz nagusi hauen inguruan hausnartzeko eta esperientziak partekatzeko aukera eman du: Europak etxebizitza eskuragarrirako finantzaketa finalistaren aldekokonpromisoa hartzea; etxebizitza-politika publikoak langile-klasearen bitarteko mailetara zabaltzea; eta finantza-tresna berriak garatzea, hala nola Euskadin bultzatzen ari den Etxebizitzako Gizarte Funtsa. Ildo horretan, sailburuak aditzera eman duenez, “etxebizitza Europako arazo bihurtu da, baina erantzunak, gehienetan, hirien, eskualdeen eta herritarrengandik hurbilen dauden administrazioen finantza-ahalmen mugatuaren mende daude”. Hori dela eta, jakinarazi du behar-beharrezkoa dela “Europar Batasunak gaian esku hartzea eta itzuli behar ez den finantzaketa zehatza eta finalista gaitzea, hiriek eta eskualde metropolitarrek alokairuko etxebizitza eskuragarrien parkea nabarmen handitu dezaten”.
Bisita Europako etxebizitza-politikarako bereziki garrantzitsua den une batean egiten ari da; zehazki, Europar Batasunaren hurrengo urte anitzeko aurrekontuei buruz eta etxebizitza eskuragarrirakofinantza-tresna propioen beharrari buruz eztabaidatzen ari denean. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Erromako Udalak uste osoa dute hiriburuek, hiri tentsionatuek eta metropoli-inguruneek funtsezko zeregina bete behar dutela etxebizitzak finantzatzeko Europako etorkizuneko arkitekturan.
Bileraren bigarren ardatza etxebizitza-politika publikoak errealitate sozialera egokitu beharrean datza, gero eta gehiago baitira etxebizitza babestua eskuratzeko atalase tradizionalak gainditzen dituzten baina merkatu libreko prezioei —batik bat alokairukoei— aurre egiterik ez duten langileak eta langile-familiak. Erromako Udalak 2026ko uztailean onartutako hiriburuko etxebizitza-erregimen berria azaldu dio Eusko Jaurlaritzari; izatez, erregimen horrek biztanleriaren tarteko maila horri etxebizitza eskuratzeko aukera erraztea du helburu. Diru-sarrera erregularrak dituzten familiak dira, askotan enpleguari lotuak, baina, etxebizitzaren garestitzearen ondorioz, gero eta gehiagotan geratzen ari direnak etxebizitza-merkatutik kanpo.
Sailburuak adierazi duenez, testuinguru horretan “etxebizitza-politika publikoak ezin dira mugatu bizitegi-bazterketarik larrienari soilik erantzutera, nahiz eta hori lehentasun ukaezina izan”. Bere iritziz, “gure hirietako bizimoduari eusten dioten baina gure hirietan bizitzeko gero eta zailtasun handiagoak dituzten langile klaseei eta tarteko sektore horiei ere erantzun behar diete”.
Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritzak Agenzia Sociale per l'Abitare agentzia ere ezagutu du, alokairuko merkatu pribatukobitartekaritzara bideratzen den Erromako Udalaren tresna.Agentzia horren bidez, Erromak etxebizitza pribatua mobilizatzen du, eta harremanetan jartzen du etxebizitza babestua eskatzen duten edo merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonekin, Euskadiko Bizigune programak aspaldidanik garatzen duen logikaren antzera.
Inbertsio-funts berrien bidezko finantzaketa
Aztergai izan den hirugarren esparrua da etxebizitza eskuragarriak eragin sozialeko inbertsio-funts berrien bidez finantzatzea. Puntu horretan, Eusko Jaurlaritzak Euskadin eratzen ari den Etxebizitzako Gizarte Funtsaren diseinua aurkeztu die Erromako udal-arduradunei. Izatez, funts hori sortu da etxebizitza eskuragarrian inbertitzeko ahalmena handitzeko tresna gisa, betiere baliabide publikoak, erakundeen finantzaketa eta interes orokorrera bideratutako kapital pribatua uztartuta. Helburua da 2.000 milioi euro mobilizatzea eta, hala, 10.000 etxebizitza babestu eraikitzea.
Erromako Udaleko taldeak tresna hori sakon ezagutzeko interesa adierazi du, Italiako hiriburua ere antzeko finantza-mekanismoak aztertzen ari baita. Bi erakundeen ustetan, etxebizitza eskuragarrien erronkak baliabide ugari mobilizatzeko gai diren finantza-arkitektura berriak behar ditu, eta, horretarako, Europako erakundeen partaidetza behar da (Europako Inbertsio Bankua, adibidez) eta inbertsioaren funtzio soziala bermatuko duten arau argiak behar dira. “Helburua ez da edozein etxebizitza finantzatzea, baizik eta etxebizitza eskuragarri, egonkor eta sozialki erabilgarri gehiago finantzatzea”, adierazi du sailburuak.“Baliabideak erakartzeko gai diren tresnak behar ditugu, baina baliabide horien xede publikoa babesteko gai izango direnak ere bai: alokairu eskuragarriko parkea handitzea, hiri-kohesioa hobetzea eta gaur egun merkatuaz kanpo geratzen ari direnei bizitegi-segurtasuna ematea”, erantsi du.
Erromako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren artean ireki den elkarlanari esker, informazio teknikoa trukatu ahal izango da, araudi- eta finantza-diseinuak partekatu ahal izango dira, eta Europaren aurrean jarrera komuna indartu ahal izango da: etxebizitza eskuragarria aitortu beharko da Europar Batasunaren egiturazko lehentasun gisa, eta ez soilik estatu, hiri edo eskualde bakoitzaren barne-eskumen gisa.
Itxasok amaitzeko adierazi duenez, “Erromak eta Euskadik kezka eta anbizio bera dute: azken belaunaldiko etxebizitza-politika zabalagoak, efikazagoak eta hobeto finantzatuak eraikitzea”.Aitortu duenez, “etxebizitza ezin da gai sektorialtzat jo.Berdintasunerako, bertan errotzeko, lehiakortasunerako, bizikidetzarako eta konfiantza demokratikorako baldintza da. Eta horregatik behar-beharrezkoak ditugu erakundeen arteko elkarlana, berrikuntza publikoa eta arazoari helduko dion Europa”.
76 etxebizitza bihurtu den antzinako ikastetxea
Agendaren barruan, Via Cardinal Capranica bisitatu dute. Izatez, Erromak erabiltzen ez den eskola-eraikin zahar bat 76 etxebizitzako konplexu bihurtu du —etxebizitza publikoak, etxebizitza sozialak eta cohousing-a uztartuta—, eta berdegune publikoa bat ere antolatu du bertan. Jarduketa ez da birmoldaketa bat, eraikina eraitsi egin baitzuten eraikin berria egiteko. Haatik, interes berezia du Euskadirentzat, antzekotasunak baititu Azpeitiko Sierben komentuko proiektuarekin edo Arrasateko Sindikatuen Etxeko proiektuarekin (48 eta 12 zuzkidura-apartamentukoak, hurrenez hurren).
Eibarren, bestalde, beste 59 apartamentu sortzea aurreikusten da, antzinako epaitegiak eta Txontako AIBE industria-eraikina eraldatzearen bidez. Jarduketa horiei Elgoibarko, Elorrioko eta Orioko proiektuak gehitu behar zaizkie, lehenengoa anbulatorio zaharra eraldatzearen bidez, bigarrena XVI. mendeko ondare-eraikin bat berreskuratzearen bidez eta hirugarrena Nueva Cerámica fabrika zaharra aztertzearen bidez. Jarduketa horiek, osotara, 170 zuzkidura-apartamentu baino gehiagoko edukiera dute, eta garapen fase desberdinetan daude, batzuetan obrak abian dira eta beste batzuetan proiektuak eta bideragarritasun-azterketak idazten ari dira.
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritzak Erromako Casal Bruciato auzoko 280 etxebizitza publikoen erabatekobirgaitze energetikorako jarduketa ere ezagutu du. Proiektu horri esker, egiaztatu ahal izan da bizitegi-parkearen berrikuntza integralak efizientzia energetikoa, deskarbonizazioa eta bertan bizi direnen bizi-baldintzen hobekuntza uztartu ditzakeela. Esku-hartzearen %"55 baino gehiago egikaritu da jada, eta honako lan hauek barne hartzen ditu: fatxaden eta estalkien isolamendu termikoa; berokuntza- eta hozte-sistemak ordeztea; instalazio elektrikoak eta leihoak berritzea; eta, kasu askotan, eguzki-panelak jartzea, kontsumoa eta emisioak murrizteko, etxeen erosotasuna hobetzeko eta energia-fakturen kostua arintzeko, batik bat garrantzitsua baita baliabide urri dituzten familientzat.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)