Denis Itxaso sailburuak dei egin die banku-fundazioei, BGAEei eta tokiko kapitalei “herrialdeko kausa nagusiarekin konpromisoa hartzera, Euskadik zuen beharra baitu”. Etxebizitzaren Gizarte Funtsak, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Ogasun eta Finantza Sailak bultzatuta, sustapen publikoaren gehigarriak izango diren alokairuko 10.000 etxebizitza eskuragarri sustatu nahi ditu bi legegintzalditan. Lehen lurzoru-zorroa identifikatuta dago: 2.065 etxebizitza bederatzi udalerritan, 452 milioi euro inguruko inbertsioarekin. Eusko Jaurlaritzak abenduan abiaraziko du Funtseko bazkideak sartzeko lizitazio publikoa.
Eusko Jaurlaritzak Etxebizitzaren Gizarte Funtsa aurkeztu du astelehen honetan Bilboko Euskalduna Jauregian. Tresna hori kapital pribatua mobilizatzeko eta Euskadin etxebizitza babestuak produzitzeko erritmoa bikoizteko sortu da. Imanol Pradales lehendakaria eta Ogasun eta Finantzetako sailburu Noël D 'Anjou bertan zirela egindako ekitaldian, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxaso finantza-erakunde, BGAE, fundazio eta inbertitzaile instituzionalen ordezkariei zuzendu zaie. “Euskadik aliantza publiko-pribatu baterako deialdia egin du gaur, hamar urtean 2.000 milioi euro bildu eta etxebizitza eskuragarrien produkzioan eskala-jauzi bat egiteko”, azpimarratu du.
Itxasok zuzenean dei egin die banku-fundazioei, BGAEei eta tokiko kapitalei, eta, aitortu duenez, “herrialdeko kausa nagusiarekin konpromisoa hartzeko eskatzen dizuegu. Euskadik zuen beharra du”. Sailburuak adierazi duenez, “ez gara keinu bat eskatzera etorri. Inbertsio bat proposatzera etorri gara”, gaineratu du.
Eskaini duen hitzaldian, Itxasok nabarmendu du etxebizitzaren arazoak ez dituela kolektiborik kalteberenak soilik eraginpean hartzen. “Gaur egun, gure hiriek lana, prestakuntza eta bi nomina dituztenak ere kanporatzen dituzte. Eta gure zerbitzuen eta gure industriaren euskarri direnak lan egiten duten lekuan bizi ezin direnean, ez da gizarte-arazo bat, besterik gabe. Herrialde-arazoa da”, adierazi du.
Datuek diagnostikoa berresten dute. Euskadiko herritarren % 65 udalerri tentsionatuetan bizi dira, eta Etxebiden 100.000 eskatzaile baino gehiago daude erregistratuta. INEren aurreikuspenen arabera, datozen hamabi urteetan 100.000 etxe berri sortuko dira EAEn. Euskadik tradizio sendoa du etxebizitza publikoetan, eta 110.000 etxebizitza babestu ditu 1981. urteaz geroztik, hots, eraikitako hirutik bat, baina “eskariak gainezka egin digu eta, betiko tresnekin, ez gara iristen”, adierazi du sailburuak.
Falta zen kate-maila
Etxebizitzaren Gizarte Funtsak Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloan garatutako estrategia osatzen du: Presako Neurrien Legeak sortutako lurzoru-erreserba estrategikoa; hirigintza-epeak % 50era bitartean murriztea lehentasunezko jarduketa-proiektuen bidez; Eraiki Hub-ek Build:INN eta Tecnaliarekin batera bultzatutako eraikuntzaren industrializazioa; eta eremu tentsionatuen izendapena udalekin batera. “Kate-maila bat falta zen: erronkaren neurriko finantzaketa. Kate-maila hori Etxebizitzaren Gizarte Funtsa da”, adierazi du sailburuak. Helburua da bi legegintzalditan 10.000 etxebizitza eskuragarri sustatzea, Sailak eta Visesak legegintzaldi bakoitzean produzitzen dituzten 7.000 etxebizitza ingururi gehituko zaizkienak. 25.000-65.000 euroko diru-sarrerak dituzten eta Etxebiden inskribatuta dauden familiei zuzenduta egongo dira. Diru-sarreren tarte horretan, EAEko familien % 45 inguru daude.
Merkatuko prezioen azpitik dauden alokairuak, dirulaguntzarik gabe
Etxebizitzak alokairu babestuan eskainiko dira, metro koadroko 8-10 euroko errentekin, kostu errealaren arabera kalkulatuta, dirulaguntzarik gabe. Aztertutako egoera guztietan, errenta etxeko diru-sarreren % 30eko ahalegin-atalasearen azpitik geratzen da:
|
Familiaren urteko diru-sarrerak |
Hileko errenta (70 m² erabilgarri) |
Gutxi gorabeherako ahalegina |
|
27.000 € |
634 € |
% 28 |
|
35.000 € |
680 € |
% 23 |
|
45.000 € |
680 € |
% 18 |
|
55.000 € |
680 € |
% 15 |
|
65.000 € |
680 € |
% 13 |
Kalkulu orientagarriak. Ez dute eranskinen errenta barnean hartzen.
Funtsak funtzionatzeko modua
Etxebizitzaren Gizarte Funtsa tresna pribatua da, kapital pribatuaren gehiengoarekin eta partaidetza publiko minoritarioarekin, eta bere zorra zor publiko gisa ez finkatzeko (Europako SEC2010 araduari jarraikiz) eta gastu-arauak mugatuta ez geratzeko diseinatuta dago. Horrela, beraz, zuzeneko sustapen publikoa ordeztu gabe gehitzen ditu baliabideak.
- Azalera-eskubidean 75 urtez lagatako lurzoru publikoa, epea amaitzean Administrazioari itzuliko zaiona. Lagapenaren baldintzek errentak eta eskuratzeko betekizunak arautzen dituzte.
- Finantza-egitura: kapitala (% 30) eta zorra (% 70). Epe luzerako finantzaketari dagokionez, Europako Inbertsio Bankuak eta Kreditu Ofizialaren Institutuak dagoeneko parte hartzeko konpromisoa hartu dute publikoki.
- Lankidetza publiko-pribatua eragiketa osoan: sustapenaren lehia-lizitazioa Visesaren estandarrekin, eta kudeaketa Alokabideren estandarrekin, operadore publikoentzat, pribatuentzat eta hirugarren sektorekoentzat irekia.
- Soberakinen berrinbertsioa proiektu berrietan.
Lehen zorroa: 2.065 etxebizitza bederatzi udalerritan
|
Udalerria |
Etxebizitzak |
Udalerria |
Etxebizitzak |
|
Gasteiz |
653 |
Bermeo |
52 |
|
Bilbo |
540 |
Errenteria |
45 |
|
Sestao |
400 |
Portugalete |
32 |
|
Oiartzun |
200 |
Santurtzi |
32 |
|
Azkoitia |
111 |
Guztira |
2.065 |
Erreferentzia Europan
Etxebizitzaren Gizarte Funtsa mota horretako lehen tresnetako bat izango da Europar Batasunean. Itxaso Udaleko Etxebizitzako zinegotziarekin bildu zen joan den astean Erroman, eta hark interes handia agertu zuen eredua ezagutzeko. Interes hori bera agertu du Kataluniako Generalitateak. Eusko Jaurlaritzak abenduan abiaraziko du Funtseko bazkideak sartzeko lizitazio publikoa. Ordura arte, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak aldebiko bilerak egingo ditu interesa duten erakundeekin, funtzionamendua zehatz-mehatz azaltzeko. “Herrialde honek tokiko aurrezpena eta anbizio kolektiboa uztartzearen bidez eraiki zuen bere oparotasuna. Horrela sortu ziren gure kutxak, gure kooperatibak eta gure industria. Gaur egun, etxebizitza da eraiki behar dugun herrialde-azpiegitura nagusia. Premiazko arazo baterako kapital pazientea: hori da Etxebizitzaren Gizarte Funtsa”, amaitu du Itxasok.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)