- Alokairuaren % 80,8 merkatu libreari dagokio, eta parkearen ia % 60 hiriburuetan eta 40.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan biltzen da
- Etxe errentariek adierazten dutenez, diru-sarreren % 47,6, batez beste, ematen dute alokairuan, eta % 13,2 gutxienez hilabete bat atzeratu dira azken urtean
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak (EBB), Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren Estatistika Organo Espezifikoaren bidez, alokairu-araubideko etxeei egindako 2024ko ALOKAIN inkestaren sintesi-txostena argitaratu du gaur. Azterlanak Euskadiko bizitegi-alokairuaren erradiografia zehatza eskaintzen du, honako hauek dimentsionatuta: alokairuko etxebizitza nagusien parkea, horien lurralde-banaketa, etxe errentarien profila, horien ahalegin ekonomikoa, kontratu-baldintzak, birgaitzeko edo etxebizitzaz aldatzeko beharrizanak eta alokairuan bizitzearekin duten gogobetetze-maila.
2024ko ALOKAINen arabera, EAE Euskal Autonomia Erkidegoan 137.123 etxebizitza nagusi daude alokairuan. Horien ia erdiak Bizkaian daude (% 49,1), 3 etxebizitzatik 1 baino pixka bat gehiago Gipuzkoan (% 35,1) eta gainerako % 15,8a Araban.
Lurralde-banaketak, gainera, hirigune nagusietan kontzentrazio argia erakusten du: hiriburuek (% 43,1) eta 40.000 biztanle baino gehiagoko udalerriek (% 15,5) Euskadiko alokairuko etxebizitzen ia % 60 biltzen dituzte, eta gainerako etxebizitzak tamaina txikiagoko udalerrietan kokatzen dira (% 41,4).
Merkatu motari dagokionez, etxebizitzen % 80 baino zertxobait gehiago (% 80,8) merkatu librean alokatzen dira. Merkatu babestua honako hauen artean banatzen da: etxebizitza sozialak eta horiekin parekatutakoak (% 11,8) eta babes ofizialeko etxebizitzak eta horiekin parekatutakoak (% 7,4).
Alokairuko etxebizitzen titulartasunari dagokionez, % 80 pertsona fisiko partikularrenak dira: % 74,6 pertsona fisiko bakarrarenak dira eta % 4,7 pertsona fisiko batenak baino gehiagorenak. Gainerako % 20a honela banatzen da: Administrazio Publikoaren jabetzako —edo hark kudeatutako— alokairuko etxebizitzak (etxebizitza guztien % 16) eta pertsona juridikoenak (% 4).
Pertsona partikularrenak diren etxebizitzen kasuan (ehun eta bi mila etxebizitza baino zertxobait gehiago), % 17tan loturaren bat dago errentatzaileen eta errentarien artean: senitartekoak dira (% 2,5), edo pertsona ezagunak (% 14,8).
Era berean, azpierrentamendu partziala alokairuen % 5era iristen da —% 3,7 gela baten azpierrentamenduari dagokio, eta % 1,2 gela bat baino gehiagoren azpierrentamenduari—, eta azpierrentamendu osoa, berriz, ez da % 1era iristen.
Errentarien eta etxebizitzen karakterizazioa
Alokairu-kontratuaren titularrek 46 urte dituzte batez beste, eta emakumeak dira nagusi (% 51,1) gizonekin alderatuta (% 48,9).
Nazionalitateari dagokionez, erdiak baino pixka bat gutxiago dira jatorrizko nazionalitate espainiarrekoak (% 45,2). Europar Batasunetik kanpoko beste estatu batzuetako nazionalitatea duten pertsonak laurdenak baino zertxobait gehiago (% 26,0) dira; nazionalizatutako pertsonak % 10,8 dira, nazionalitate bikoitza dutenak % 12,3, eta gainerako % 5,6ak Europako beste estatu batzuetako pertsonak dira.
Etxebizitzen ezaugarriei dagokienez, 74,2 m²-ko batez besteko azalera erabilgarria dute, 4,4 gelarekin eta 1,3 bainugelarekin. Alokairuan dauden etxebizitzen % 70 inguruk (% 69,6k) igogailua dute; % 33,2k trastelekua dute eta laurdenek (% 24,7k) garajea ere badute.
Etxearen eta alokairuaren arteko erlazioa: osaera eta bizitegi-ibilbidea
Osaerari dagokionez, nagusi dira seme-alabak dituzten familiek (beste senide batzuekin edo gabe) osatutakoak (% 32,6) eta pertsona bakarreko familiak (% 20,8). Ondoren datoz guraso bakarreko etxeak (% 18,9) eta seme-alabarik gabeko bikote ezkonduak edo ez-ezkonduak (beste senide batzuekin edo gabe) (% 13,3). Familia-harremanik ez duten eta etxebizitza partekatzen duten pertsonek osatutako etxeak % 7,2 dira, eta beste egoera batzuetakoak % 7,3.
Familia horiek, batez beste, 6,4 urte daramatzate egungo etxebizitzan bizitzen; 10,7 urte daramatzate alokairuan bizitzen, eta 3,7 etxebizitzatan bizi izan dira, batez beste, emantzipatu zirenetik. Horrek mugikortasunak markatutako bizitegi-ibilbidea erakusten du.
Diru-sarrerak, errenta eta ahalegin ekonomikoa: presioa eta atzerapenak ordainketan
Etxearen diru-sarreren edo errenten hileko batez besteko zenbateko garbia 1.874,4 €-koa da, eta alokairuagatik ordaintzen den hileko batez besteko errenta 640,3 €-koa.
Batez beste, etxeek adierazten dute diru-sarreren % 47,6 alokairua ordaintzeko erabiltzen dutela. Azken urtean, etxeen % 13,2k ezin izan diote aurre egin hileko errenta epe barruan ordaintzeari, gutxienez hilabete batean, eta horrek tirabira ekonomikoko egoerak uzten ditu agerian.
Inkestak jasotzen du, halaber, nahitaezko fidantzaz gain beste baldintza batzuk ere bete behar direla. Alokairuan dauden etxeen % 25,7ri nahitaezko gordailuaren fidantza gehigarria eskatu zaie; ia % 5i (% 4,8ri) abalen bat (banku-abala edo beste bat) eskatu zaie; eta ia erdiei (% 49,0) kalteetarako erantzukizun-asegurua kontratatzea eskatu zaie.
Alokairua eragin zuen bitartekaritzari dagokionez, kasuen % 43tan jabearekin zuzenean harremanetan jarri ondoren gauzatu zen alokairua. % 39 inguruk (% 38,7k) enpresa pribatu bitartekarietara jo zuen. Bestalde, Administrazio Publikoaren bitartekaritza Etxebideren (% 12,3) eta horretarako sortutako programa publikoen (% 5,4) artean banatu da.
Hautemandako beharrak: birgaitzea eta etxebizitzaz aldatzea
Alokairuan dauden etxeen % 41,7k beharrezkotzat jotzen dute bizi diren etxebizitzako elementuak birgaitzea. Etxe horien barruan, beharra handia da % 34,8an, nahiko handia % 30,1ean, nolabaitekoa % 25,0an eta txikia % 10,2an. Jarduketa nagusiak leihoetan eta/edo ateetan (% 38,8), bainugelan (% 30,8) edo sukaldean (% 27,0) zentratuko lirateke.
Bestalde, etxeen % 34,6k adierazten dute etxebizitza aldatzeko beharra dutela. Horien artean, ia erdiek (% 48,8) uste dute premia hori oso handia dela, eta % 32,0k uste dute nahiko handia dela (% 14,1en ustez nolabaitekoa da, eta % 5,1en ustez txikia). Aldatzeko behar horren arrazoi nagusiak hauek dira: etxebizitzaren egoera (bizigarritasun-baldintza txarrak edo kontserbazio-egoera txarra) (% 26,8), tamaina txikia (% 22,4) eta prezioa (alokairu baxuagoa nahi izatea).
Etorkizuneko etxebizitzarako aurreikusitako edukitze-araubideari dagokionez, nabarmentzekoa da aldatzeko beharra duten etxeen % 15,4k bakarrik joko luketela jabetzako etxebizitza batera. Gehienek (% 55,3k) alokairuan jarraitzearen alde egingo lukete, % 19,0k erosteko aukera ematen duen alokairua hautatuko lukete eta % 10,3ri berdin zaie.
Alokairuaren inguruko balorazioak eta gogobetetzea
Alokatzeko etxebizitza baten bila dabiltzan errentarien zailtasun nagusia alokairuko etxebizitzen prezioa da: 6,1 puntu 0tik 10era bitarteko eskalan. Ondoren datoz desiratutako ezaugarriak dituzten etxebizitzen eskasia (5,2 puntu) eta kaudimen ekonomikoa (4,2 puntu).
Pertzepzioari dagokionez, errentarien % 53 nahiko pozik (% 38,0) edo oso pozik (% 15,0) daude alokairuan bizitzearekin (% 31,4 ez daude oso pozik; % 15,6 ez daude batere pozik). Hobekien baloratutako alderdia etxebizitzaren kokapena da (8,3 puntu), eta ondoren datoz errentatzailearekiko tratua (8,1), ordainbidea eta kontratuaren baldintzak (8,1) eta kanpoko argitasuna / baoak (7,6).
Azkenik, alokatutako etxebizitzarekiko gogobetetzea % 83,1ekoa da, batera kontuan hartuz gero nahiko pozik dauden pertsonak (% 56,1) eta oso pozik daudenak (% 27,0) (% 14,5 ez daude oso pozik; % 2,4 ez daude batere pozik). Pozik ez daudela adierazten dutenen artean, horren arrazoi nagusia da bizigarritasun-baldintza eskasak edo txarrak izatea (% 50,7), eta, ondoren, oso errenta altua (% 30,8) eta espazio eskasa (% 28,7) izatea.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)