Etxebiden etxebizitza babestua eskatzen jarraitzen duten pertsonen eta familien % 72 jadanik alokairuan bizi dira, baina arrazoizko alternatiba bat behar dute oraindik ere

Argitalpen-data: 

Fachada_de_un_bloque_de_viviendas.jpg
  • Etxebizitzaren Euskal Behatokiak 8.224 inkestatan oinarrituta egindako txostenaren arabera, inskribatutako bizikidetza-unitateen % 28,5ek partekatzen dute etxebizitza, eta alokairua ordaintzeko ahalegin ekonomikoa diru-sarreren % 44,1era iristen da araubide horretan etxebizitza babestua eskatzen dutenen artean
  • Azterlanak baieztatzen du etxebizitza babestuaren beharra aldatu egin dela: emantzipatu nahi dutenekin batera, dagoeneko merkatu librean sartu diren baina bizitegi-egoera egonkorra finkatzea lortzen ez duten familien bolumen handia dago

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak gaur goizean jakinarazi ditu Etxebizitzaren Euskal Behatokiak egindako txosten honen ondorio nagusiak: 2026an Etxebiden etxebizitza babestua eskuratzeko egindako eskabideen analisi konparatua: alokairua vs. erosketa. Etxebiden inskribatuta dauden eta etxebizitza babestu bat (bai alokairuko araubidean, bai erosketakoan) eskatzen duten pertsonen eta familien bizitegi- eta ekonomia-baldintzen erradiografia eguneratua eskaintzen du dokumentuak. Horretarako, Behatokiak bi inkesta egin ditu, galdetegi elektroniko bidez, 2026ko maiatzean eta ekainean. Horiei esker, 8.224 erantzun osatu bildu dira: 5.807 alokairu-eskatzaileei dagozkie eta 2.417 erosketa-eskatzaileei.

Azterlanaren ondorio nagusietako bat da etxebizitza babestuaren eskariaren profilean izan den aldaketa garrantzitsua. Duela hamarkada bat oraindik familia-etxebizitzan bizi ziren eta lehen etxebizitza eskuratu nahi zuten pertsonak ziren nagusi; gaur egun, berriz, Etxebiden izena emanda jarraitzen dutenen zati handi bat dagoeneko emantzipatu da eta alokairuko merkatu librean bizi da. Zehazki, txostenaren arabera, etxebizitza babestua behar duten bizikidetza-unitateen % 72 alokairu libreko etxebizitza oso batean bizi dira edo alokatutako etxebizitza bat partekatzen dute. Ehuneko hori 70.240 bizikidetza-unitate inguru da. Senideek edo lagunek lagatako etxebizitzetan bizi direnak ere sartzen badira, emantzipatutako etxeen proportzioa % 78,1ekoa da.

 “Etxebizitza babestuaren beharra jadanik ez da mugatzen emantzipatu eta lehen etxebizitza eskuratu nahi dutenetara. Gero eta pertsona eta familia gehiagok eman dute dagoeneko urrats hori, baina oraindik ere bizitegi-alternatiba eskuragarri eta egonkor bat behar dute”, nabarmendu du sailburuak. Txostenak bizitegi-merkatuaren errealitate kezkagarrienetako batean jartzen du arreta: alokairuaren kostuari aurre egiteko etxebizitza partekatu behar duten pertsonen eta familien gorakada. Egoera horrek Etxebiden inskribatuta dauden guztien % 28,5i eragiten die dagoeneko, eta % 33k alokairu-araubideko etxebizitza babestu bat eskatzen dute berariaz. Azterlanaren arabera, gainera, etxebizitza partekatzeak ez ditu nahitaez bermatzen arrazoizko baldintza ekonomiko batzuk. Izan ere, gela bat alokatzen duten pertsona eta familiek 450 euro inguru ordaintzen dituzte hilean: 452 euro alokairu babestua eskatzen dutenen artean eta 445,9 euro erosketa eskatzen dutenen artean.

Presio ekonomikoa islatu egiten da, orobat, etxe horiek etxebizitza oso bat ordaintzeko egin behar duten ahaleginean. Alokairu babestua eskatzen duten bizikidetza-unitate emantzipatuen artean, batez besteko ahalegina beren diru-sarreren % 44,1 da, etxebizitza babestua erosteko eskatzen dutenen % 33,9aren aldean. Bi kasuetan % 30eko atalasea gainditzen da, baina egoera bereziki kaskarra da alokairu babestuaren alternatiba bilatzen duten etxeen artean.

Baliabide ekonomiko eskuragarrietan dagoen aldea gehitu behar zaio horri. Alokairuko etxebizitza babestua eskatzen duten bizikidetza-unitate emantzipatuek, batez beste, 1.492,5 euroko diru-sarrera garbiak dituzte hilean, eta erosketa eskatzen dutenek, berriz, 2.686 eurokoak. Eskabide bakoitzaren titular guztien diru-sarrerak dira, ez soldata indibidualak.

Gaur egun ordaintzen dituzten errentek ere etxe horien zailtasunak islatzen dituzte. Alokairuko etxebizitza babestu bat eskatzen dutenek, batez beste, 741 euro ordaintzen dituzte hilean etxebizitza oso batengatik, eta erosketa eskatzen dutenek, berriz, 842,6 euro. Itxasoren hitzetan, “datuek errealitate bereziki zorrotza erakusten dute dagoeneko emantzipatuta daudenentzat: beren diru-sarreren zati handi bat alokairura bideratzen duten eta, kasu askotan, etxebizitza partekatu behar duten etxeak dira, baita enplegua eta diru-sarrera propioak dituztenean ere”.

Erantzun bereiziak behar dituzten bi eskari-profil

Azterlanaren beste ekarpen garrantzitsu bat da profil desberdinak identifikatzea eskatutako sarbide-araubidearen arabera. Alokairuko etxebizitza babestua eskatzen dutenen % 84,6 emantzipatuta daude, eta ehuneko hori % 50,7ra jaisten da erosketa eskatzen dutenen artean. Aldea bereziki nabarmena da oraindik gurasoekin bizi direnen egoera analizatzean. Babestutako alokairuko eskabideen % 12,9 dira, erosketako eskabideen % 48,2en aldean.

Beraz, txostenak agerian uzten du bizitegi-beharrak ez direla homogeneoak. Alokairu babestuaren eskaria, nagusiki, merkatu librean sartu diren eta beren bizitegi-baldintzak hobetu beharra duten pertsonek eta familiek osatzen dute, eta erosketak, berriz, oraindik emantzipatu ezin izan diren pertsonen pisu askoz handiagoari eusten dio.

Bizikidetza-unitateen aniztasuna ere nabarmentzekoa da. Babestutako alokairua eskatzen dutenen artean, guraso bakarreko familiak (% 27,7) eta seme-alabak dituzten bikoteak (% 25,8) dira nagusi. Bakarrik bizi diren pertsonak % 27,2 dira. Erosketa-eskarian, berriz, bakarrik bizi diren pertsonak % 31,1 dira. Egoera-aniztasun horrek indartu egiten du etxe bakoitzaren ezaugarrietara eta ahalbide ekonomikoetara egokitutako sarbide-modalitate eta bizitegi-soluzio desberdinak izateko beharra.

Etxebizitza babestu gehiago eta dagoen parkearen mobilizazioa

Bere ondorioen artean, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak adierazten du behar horiei erantzuna estrukturala emateko etxebizitza babestuaren sustapenari eutsi behar zaiola eta alokairu eskuragarriaren eskaintza zabaltzera bideratutako beste tresna batzuekin osatu behar dela. Dokumentuak berariaz aipatzen ditu Bizigune eta Alokaplus bezalako programak, alokairuaren merkatuan lehendik dauden etxebizitzak sartzeko aukera ematen dutenak, jabeei eta maizterrei zuzendutako bermeen eta pizgarrien bidez. Ildo horretatik, txostenaren estimazioaren arabera, Etxebiden inskribatuta dauden eta dagoeneko merkatu librean bizi diren bizikidetza-unitateek alokairuko 50.000 etxebizitza baino gehiago okupatzen dituzte, eta kopuru hori Euskadiko alokairu libreko parkea osatzen duten 110.000 etxebizitza ingururen ia erdia da.

Azterlanak azpimarratzen du garrantzitsua dela bai etxebizitza babestu berriak eraikita, bai lehendik dauden etxebizitzak mobilizatuta jardutea, bizitegi-alternatibak arrazoizko prezioetan zabaltzeko. “Etxebizitza babestuen parkea handitzen jarraitu behar dugu, baina, era berean, dagoen bizitegi-parkeak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatu behar ditugu. Etxebizitza sustatzea eta mobilizatzea ez dira estrategia baztertzaileak, osagarriak baizik”, azaldu du sailburuak.

Bestalde, gaur goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketan, Itxasok Euskadiko etxebizitza-politiken gaurkotasunarekin lotutako hainbat gai jorratu ditu. Horien artean, alokairuaren prezioen bilakaera analizatu du, joan den astean aurkeztutako Alokairuaren Merkatuaren Estatistikako (AME) azken datuetatik abiatuta. Datu horiek islatzen dute hiru lurraldeetan prezioak  jaitsi direla, baita etxebizitzaren arloan bultzatutako neurri fiskalak eta Alokaplus abian jarri izana ere. Hain zuzen, jabeei eta maizterrei bermeak eskaintzeko eta eremu tentsionatuetan 25.000 etxebizitza huts mobilizatzeko doako aseguru publiko berria da Alokaplus.

Beste ordena batean, elkarrizketak bidea eman du Benta Berriko 510 etxebizitzak (Donostia) eta Gipuzkoako hiribururako estrategikoak diren beste bizitegi-garapen batzuk (hala nola Auditz Akular eta Antondegi) erosteko operazioari heltzeko. Lankidetza instituzionalaren esparruan, sailburuak gai hauei erantzun die: udal-lurzoruaren eskuragarritasuna etxebizitza babestua eraikitzeko, Eusko Jaurlaritzak sustapen berriak garatzeko duen ahalmena eta udalek bizitegi-eskaintza handitzeko duten inplikazioa.

Era berean, etxebizitzaren arloko babes soziala zabaltzeko irizpideak jorratu dira —horren helburua da biztanleriaren gero eta zati handiago batek bizitegi-soluzio egoki bat eskuratzea—, baita etxegabetzeen problematika ere.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)