Pornografiarekiko esposizio goiztiarra eta masiboa hezkuntza-erronka nagusietako bat da gaur egun haur, nerabe eta gazteekin lan egiten dutenentzat. Gero eta adin goiztiarragoetan eduki sexualak mugarik gabe eskuratzeak, helduen laguntzarik gabe eta aurretiazko hezkuntza-baliabiderik gabe, eragina du gazteen iruditeria erotikoaren eraikuntzan eta haien gorputzak, harremanak eta adostasuna ulertzeko moduan.
Errealitate horren aurrean, Gazteen Euskal Behatokitik ezinbestekotzat jotzen dugu fenomeno hori sakon aztertzeko prestakuntza-espazioak eskaintzea eta hezkuntzako esku-hartze zorrotz, kritiko eta eguneraturako tresnak eskaintzea.
Oraingoan ere, Emaize Sexologia Zentroa-Zentro Sexologikoaren lankidetza izango dugu, zeina erreferentea baita Euskadin sexu-hezkuntzaren, aholkularitzaren eta profesionalen prestakuntzaren esparruan. Hogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbideak sexualitateen arretan ikuspegi positibo, integral eta errespetuzkoarekin konprometitutako lana bermatzen du.
Prestakuntza bi profesionalek emango dute, esperientzia handia dutenak gazteei ikastetxeetan eta hezkuntza-eragileei, familiak barne, aholkularitza eta prestakuntza emateko guneetan laguntzen: Raúl Marcos Estrada psikologo eta sexologoak emango du ikastaroa Bilbon, eta Miren López de Arregi Lakuntza gizarte-langile eta sexologoak izango du edizioaren ardura Donostian. Biek ikuspegi espezializatua emango dute pornografiaren hezkuntza-eginkizunari buruz, garapen erotikoan duen eraginari buruz eta ikuspegi pedagogiko, prebentibo eta adostasunean oinarritutako ikuspegi batetik esku hartzeko gakoei buruz.

1. Gazteen Euskal Behatokiak hirugarren aldiz antolatu du pornografiari eta nerabezaroari buruzko prestakuntza. Zer aldaketa antzematen dituzu lehen ediziotik eztabaida sozialean?
Urte hauetan aldaketa argi bat nabaritu dut: pornografiaz gehiago hitz egiten dugu, baina ez dugu hobeto hitz egiten beti. Alarma handia eta, aldi berean, hezkuntza-desorientazio handia ikusten jarraitzen dut. Pornografia behin eta berriz azaltzen da komunikabideetan, ikastetxeetan eta familietan, baina oraindik ere esparru pedagogiko sendo bat falta da, bere testuinguruan kokatu ahal izateko.
Ikasturte hau beharrezkoa da berriz ere horregatik: eskandalutik hezkuntzara igaro behar dugu, beldurretik ulermenera. Eta hor saiatzen gara gako praktikoak ematen, bai Mirenek (Donostian), bai nik (Bilbon).
2. Gero eta gehiago hitz egiten da pornografiaren eginkizun hezitzaileaz. Zer esan nahi duzu ideia hori prestakuntzan planteatzen duzunean?
Pornografiak funtzio hezitzailea betetzen duela diodanean, ez dut laudorio gisa esaten, ohartarazpen gisa baizik. "Hezten" ari da, gu ez baikara horretan behar adina ari.
Pornografiak oso kontakizun uniformea eskaintzen du gorputzei, genero-rolei, plazerari eta adostasunari buruz. Ez du irakasteko helbururik, baina gazteek horretarako erabiltzen dute. Horregatik, deabrutu ordez, ikaskuntza-bailabide gisa duen rola kentzea proposatzen dut. Pornoak bere boterea galtzen du erreferente erotiko osasuntsuak, material egokiak eta hitz egiteko espazio seguruak eskaintzen dizkiegunean haurrei eta nerabeei.
Arazo nagusia ez da nola saihestu, baizik eta zer behar duten hortik bakarrik ikasi behar ez izateko.
3. Aurtengo ikasturtean pornografiaren eta sexu-erasoen arteko harremanean sakonduko duzue. Nola heltzen diozu hain gai sentikorrari sinplifikazioetan erori gabe?
Hasteko, lerroburu errazak saihestu behar dira. Pornografia ez da sexu-erasoen gorakadaren "arrazoia", baina eragina du mutilek desioaren, maskulinitatearen eta adostasunaren mapan beren burua kokatzen ikasteko duten moduan.
Bideo askok nagusitze-dinamikak normalizatzen dituzte, emakumeen desira ezabatzen dute eta kutsu erotikoa balu bezala aukezten dute indarkeria. Eta erreferentziazko eskuliburu bihurtzen direnean, "normala" denari buruzko ideia desitxuratuak sortzen dituzte.
Prestakuntzan garrantzi handia ematen diogu eduki horiek kritikoki irakurtzen irakasteari, eta, batez ere, gazte-gaztetatik adostasun erotikoari buruzko elkarrizketei ekitea. Benetako prebentzioa haien ondoan egotea da, debekatu beharrean.
4. Zer hezkuntza-gako eskaintzen dizkiezue prestakuntzan parte hartzen duten eragileei? Zer egin dezakete eguneroko lanean?
Gakoetako bat da ez ikustea pronografia kanpotik datorren munstro bat balitz bezala. Desioaz hitz egin behar dugu, benetako gorputzez, mugez, loturez, fantasiez... Bestela, pornografiak hitz egingo du gure ordez.
Tresna zehatzak proposatzen ditugu: nola ireki elkarrizketak lotsa eragin gabe; nola landu alfabetatze mediatiko erotikoa; nola eskaini adin bakoitzari egokitutako hezkuntza-alternatibak; nola sartu adostasunaren etika 6-7 urtetik aurrera, edo nola lagundu pornografia kontsumitzen dutenei, errudun bihurtu gabe.
Maila praktikoan, ikastaroak hainbat adibide eskaintzen ditu: dinamikak, ikus-entzunezko materialak, kasu errealak eta esku hartzeko jarraibideak ikastetxeetan, gizarte-zerbitzuetan eta komunitate-espazioetan.
5. Zer gustatuko litzaizuke hirugarren edizio honetako parte-hartzaileek eramatea?
Gustatuko litzaidake ikastarotik ateratzea beldur gutxiagorekin, prestatuago. Uler dezatela helburua ez dela pornografiari "aurre egitea", baizik eta gazteei laguntzea iruditeria erotiko propio, plural eta etiko bat eraikitzen.
Hezkuntza-eragile bakoitza erreferentzia fidagarria, irisgarria eta lasaia bihurtzea lortzen badugu, pornografia ez da jada izango hainbeste nahasmen sortzen duen gidaliburua.
Eta erantzunkidetasunaren ideia eramatea gustatuko litzaidake. Mirenek eta biok gakoak eskaintzen ditugu, baina benetako eraldaketa izango da familiei, ikastetxeei eta gizarteari elkarrizketa horiek helarazteko moduaren araberakoa. Sexu-hezkuntza integrala ez da luxu bat: premia bat da.

