Psikologia klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia. Psikologia Graduko Koordinatzailea.
Zerk bultzatzen zaitu erregulazio emozionalaren arloan lan egitera?
Nire ustez, emozioekin dugun harremanak gure bizitza osoan eragin handia du, eta hori da arlo honetara hurbiltzen nauen arrazoia. Haur eta nerabezaroa bereziki sentiberak dira: norbera ezagutzen ikasteko garaiak dira, barruan gertatzen dena atzematen eta hitzez adierazten ikasteko uneak.
Zein oztopo dituzte gaur egun haurrek eta nerabeek emozioak erregulatzeko?
Gizakiok badaukagu joera naturala geure emozioak sumatu eta bizi dugun egoeretara egokitzeko. Ahalmen hori indargune handia da. Hala ere, eguneroko bizitzaren abiadura, etengabeko estimuluak, berehalakotasuna eta lasaitasunerako edota gogoetarako tarte gutxi izateak ez diote mesederik egiten barnera begiratzeko aukerei. Aurrez aurreko harremanak ere murrizten dira, eta horrek eragina du erregulazio emozionalaren ikaskuntzan.
Pantailen bidezko harremanek ez dituzte ordezkatzen kontaktu zuzenean gertatzen diren ikaskuntzak: keinu bat irakurtzea, isilune bat mantentzea, desadostasun bat aurrez aurre konpontzea… Horregatik, garrantzitsua da haurrek eta nerabeek gelditu, pentsatu eta sentitu ahal izateko guneak sortzea, etxean, eskolan zein komunitatean.
Irakasle batek, jarduera hasi aurretik, bi minutu eskaintzen badizkie ikasleei nola dauden kokatzeko, aukera oso baliotsua ematen die. Ikasleren batek adieraz dezake, adibidez, fruztrazioa eta amorrua sentitzen dituela jolastokiko liskar baten ondoren. Egoera izendatzeko eta erregulazio‑estrategia bat aukeratzeko tarte horrek lagunduko dio gelako lanari bestelako jarrerarekin ekiten. Tarte hori gabe, litekeena da lanean hastea deseroso edo haserrekor.
Zer rola dute pertsona helduek “emozio‑ekaitzak” kudeatzen laguntzean?
Emozio‑ekaitzak ez dira haurtzaroko edo nerabezaro propioak: bizitzan zehar agertzen dira. Hala ere, garai horietan esperientzia emozionala bereziki bizia eta aldakorra izaten da, eta etorkizunerako oinarri sendoak jartzen dira.
Ekaitz emozionalak nola kudeatu ikasteko, oso garrantzitsua da pertsona helduen jokabidea behatzea. Haiek nola moldatzen diren ikusiz ikasten dute haurrek eta nerabeek. Adibidez, heldu batek esaten badu: “Minutu bat behar dut, lasaitzeko”, eta atseden hori hartzen badu, bere ekaitza zeharkatzen ari den modua erakusten ari da. Horrelako egoerak ikusten dituen ume batek antzeko zerbait egin dezake jolasean frustratzen denean: pixka batean alde egin eta gero itzuli. Nerabe batek, lagunarekin eztabaidatu ondoren, paseatzera joatea erabaki dezake mezua bidali aurretik.
Zer egin dezakegu hezkuntza‑, familia‑ eta komunitate‑inguruneetatik garapen hori babesteko?
Lehenik, emozioak sentitzeko eta adierazteko espazioa eta baimena eman behar dira. Horrela, argiago ikusten da emozioak informazio‑iturriak direla, ez arazoak. Ondoren, erregulazio‑estrategia anitz eskaintzea komeni da: gorputzak ematen dituen seinaleak antzematea, arnasa lasaitzeko erabiltzea, laguntza eskatzea, bizitakoa idaztea, egoerei buruz pentsatzea, egoera estresagarriak aurreikustea edo erreakzionatu aurretik bestelako aukerak bilatzea.
Norbaitek inoiz ez badu bere arnasketa kontuan hartu, nekez baliatuko du teknika hori urduritasuna edo haserrea baretzeko. Trebetasun hauek poliki‑poliki eraikitzen dira, eta pertsona helduak, gure jokabidearekin eta presentziarekin, etengabeko eredua gara.
Horrekin batera, lagungarria da ulertzea bizitzan emozio deserosoak naturaltasunez agertzen direla: frustrazioa, beldurra, tristura, asperdura, haserrea… Horiek guztiak ezagutu eta kudeatzen ikas daiteke, eta horrek aukera ematen du egoerei begirada argiagoarekin heltzeko.
Zer eramatea gustatuko litzaizuke ikastarotik?
Nahi nuke, batez ere, emozioak informazioa direla ulertzea: beharrei, mugaldeei, desioei eta beldurrei buruzko mezuak dira. Mezu horiek entzuten ikastea funtsezkoa da. Halaber, garrantzitsua da jakitea erregulazio emozionala ikasten dela, eta adin guztietan landu eta hobetu daitekeela. Eta, azkenik, beste pertsona batzuk prozesu honetan laguntzea aukera bat dela geure gaitasun emozionalak ere lantzeko.
Gustatuko litzaidake ikastaroak estrategia praktikoak eskaintzea, ez errezeta magiko gisa, baizik eta egoeraren arabera erabil daitezkeen baliabide modura. Estrategia guztiak ez dira pertsona guztientzat egokiak, eta ez egoera guztietarako; baina zenbat eta baliabide gehiago eduki, orduan eta errazagoa da une jakin batean behar dugun hori aukeratzea.
