Elikari, Euskadiko elikadura-sektoreko lehen topaketa profesionala

Argitalpen-data: 

  • Euskomerrek jardunaldi profesional bat antolatuko du azaroaren 15ean, igandean, Donostiako GOe · Gastronomy Open Ecosystem zentroan, Euskadiko elikagaien merkataritzaren joera nagusiak, erronkak eta aukerak aztertzeko.

  • Lehen edizio honetan, harategiek eta okindegiek izango dute protagonismo berezia. Egitarauan hitzaldiak, mahai-inguru bat, aitortza-banaketa eta bi masterclass antolatuko dira. Besteak beste, Virginia Matesanz, Xesc Reina eta Domi Vélez adituek hartuko dute parte.

  • Elikariren baitan, Euskadiko Autore Hanburgesen IV. Lehiaketa eta Euskadiko Autore Ogien I. Lehiaketa ere egingo dira. Herritarrek aukera izango dute lehiaketetara aurkeztutako hanburgesak eta ogiak dastatzeko, 12:00etatik aurrera.

Datorren azaroaren 15ean, Euskadiko elikadura-sektoreko profesionalak Donostian elkartuko dira Elikariren lehen edizioan. Euskomerrek –Aenkomer, Cecobi eta Gipuzkoa Merkatariak federazioak biltzen dituen konfederazioak)-- sustatutako topaketa profesional berria da Elikari.

Jardunaldia GOe · Gastronomy Open Ecosystem zentroan egingo da, bi helburu nagusirekin: batetik, elikadura-sektoreko profesionalei elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta gogoeta egiteko gune bat eskaintzea; eta, bestetik, lanbide horien etorkizuna baldintzatuko duten erronkei eta aukerei elkarrekin heltzea.

Elikagaien tokiko merkataritza eraldaketa betean dago. Kontsumo-ohituren aldaketak, digitalizazioa, saltzeko modu berriak eta gizartean indartzen ari diren balioak aldatzen ari dira kontsumitzaileek elikagai-dendekin duten harremana. Egoera horretan, gero eta garrantzi handiagoa dute tokiko elikagaien sektoreko merkataritzaren lehiakortasunak, profesionalizazioak, belaunaldi-erreleboak eta gainerako saltokietatik bereizteko gaitasunak.

Azken urtean Euskomerren baitan egindako azterketa estrategikoek ere agerian utzi dituzte sektorearen erronka nagusiak: negozioen kudeaketa profesionalizatzea, belaunaldi-erreleboa bermatzea eta kontsumo-ohitura berrietara egokitzea. Aldi berean, merkataritza espezializatuaren indarguneak nabarmendu dituzte: gertutasuna, lanbidearen ezagutza, aholkularitza aditua eta produktuen kalitatea.
Elikarik erronka hauen inguruan hitz egiteko espazio izan nahi du. Eta lehen edizioak harategietan eta okindegietan jarriko du fokua.Hala ere, ekimenaren asmoa harago doa: urtez urte elikadura-sektore osoaren topagune bihurtzea. Profesionalek esperientziak eta ezagutzak partekatzeko, joera berriak ezagutzeko, harremanak sendotzeko eta Euskadiko sektorearen orainaz nahiz etorkizunaz hausnartzeko aukera izango dute bertan. Lehen edizio honek CHGroup-en eta Vrizzoren babesletza nagusiarekin kontatuko du.

Joera berriak, belaunaldi-erreleboa eta sektorearen etorkizuna

Elikariren egitarau profesionalak hitzaldiak, mahai-inguru bat, aitortza-banaketa bat eta masterclass-ak uztartuko ditu, sektoreko aditu eta erreferentziazko profesionalen eskutik.
Jardunaldiari hasiera emateko, Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko sailburuordeak ongietorria egingo die bertaratutakoei. Ondoren, Virginia Matesanz Riaño BASQUE FOOD CLUSTEReko Berrikuntza zuzendariak emango du lehen hitzaldia.

«Etorkizuna gure saltokietako erakusmahaietan: berrikuntza eta kontsumitzeko modu berriak» izenburupean, kontsumo-ohituren aldaketek tokiko elikagai-merkataritzan duten eragina aztertuko du Matesanzek. Horretarako, sektorearen egoera ulertzen lagunduko duten datuak, joera berriak eta kontsumitzaile-profilak aurkeztuko ditu. Era berean, harategiek, okindegiek, arrandegiek eta bestelako elikagai-dendek berritzen jarraitzeko eta beren eskaintza bereizteko dituzten aukerak azalduko ditu.

Jarraian, Elikarik lanbide horien etorkizunerako funtsezkoa den erronka bati helduko dio: belaunaldi-erreleboari. Mahai-inguruan, Ikertaldek egindako «Enpresen belaunaldi-erreleborako eta eskualdatzerako estrategia» lana izango dute abiapuntu. Ikerketa horri esker, negozioen jarraipena eta eskualdaketa sustatzeko estrategia bat zehaztu da, jarduerari nork jarraitu ez izateagatik saltokiak ixteko arriskuari aurre egiteko.

Mahai-inguruan parte hartuko dute Tomy González IKERTALDE Grupo Consultorreko kideak, Jon Etxezarreta Easo Politeknikoko ordezkariak, Nekane Rodríguez Urrutia harategiaren izenean eta Aitor Galparsoro Galparsoro Okindegiko ordezkari gisa.

Mahai-inguruaren ondoren, belaunaldi-erreleboarekin eta prestakuntza-ibilbideekin lotutako profesionalen lana aitortzeko diploma banaketa egingo da. Guztira, okindegietako eta harategietako 30 profesional baino gehiagok jasoko dute aitortza.

Bi masterclass, Xesc Reina eta Domi Vélezen eskutik

Egitarauak bi eskola magistralekin jarraituko du. Aldi berean egingo dira, bata Euskadiko harategietako profesionalei zuzenduta eta bestea okindegietakoei.

Harategien arloko eskola magistrala Xesc Reinak emango du. Haragiaren artisau-lanbideetan maisua da Reina, eta ibilbide luzea egin du produktuen garapenean, ikerketa aplikatuan eta prestakuntzan, bereziki txarkuteria tradizionalen arloan eta horien bilakaeran. Hainbat sari eta aitortza jaso ditu bere ibilbidean; besteak beste, 2026ko Madrilgo CharcutExpo azokan txarkuteriako profesional onenaren saria. Hainbat argitalpenen egilea ere bada, eta bere azken lanak, Porca Miseria (los oficios de la carne) liburuak, Académie de la Littérature Gastronomiqueren 2025eko saria jaso du.

Reinaren eskola magistralak teoria eta praktika uztartuko ditu, haragia hobeto aprobetxatzeko eta produktu berriak sortzeko aukera errealak erakusteko. Helburua da harakinei ideia berritzaileak eskaintzea, beren produktuei balio erantsia emateko eta jasngarritasaunean oinarritutako jardunbide egokiak bezeroei azaltzeko.

Okindegietako profesionalei zuzendutako saioa, berriz, Domi Vélezek gidatuko du. Okintzako maisua da Vélez, eta 2021ean Munduko Okin Onenaren saria jaso zuen. Ogibidea berrasmatzea lortu du, okintzaren historia eta artea uztartuz. Hainbat garaitako teknikak eta ezagutzak baliatzen ditu bere produktuen oinarri diren ideia eta sorkuntza berriak garatzeko.

Bere eskola magistralean, okintza modernoaren funtsezko gaiak landuko ditu: hartzidura- eta elaborazio-prozesuak, salmenta eta sektorearen etorkizuna, besteak beste.

Bi saioek ikuspegi teorikoa eta praktikoa uztartuko dituzte, profesionalek beren negozioetan erabil ditzaketen ideia, teknika eta esperientzia berriak ezagutzeko.

Euskadiko autore-ogi eta autore-hanburgesarik onenak aukeratuko dituzte

Elikarik produktuei, sormenari eta lanbidearen jakintzari ere egingo die lekua. Jardunaldi profesionalarekin batera, Euskadiko Autore Hanburgesen IV. Lehiaketa eta Euskadiko Autore Ogien I. Lehiaketa egingo dira.

Bi lehiaketak goizean hasiko dira, eta epaimahai profesional batek baloratuko ditu aurkeztutako proposamenak. Lehiaketa bakoitzak bi kategoria izango ditu: produktu tradizionalena eta berrikuntzarena. Horrela, lanbide horietako jakintza eta tradizioa ez ezik, sormena eta produktuak egiteko proposamen berritzaileak ere saritu nahi dira.

Izena emateko epea urriaren 22an ireki zen. Harategiek azaroaren 6ra arte izango dute izena emateko aukera, eta okindegiek, berriz, azaroaren 10era arte. Lehiaketetako oinarri guztiak eta parte hartzeko behar den informazioa Aenkomer, Cecobi eta Gipuzkoa Merkatariak Federazioaren webguneetan egongo dira eskuragarri.

12:00etatik aurrera, herritarrek ere izango dute lehiaketetan parte hartzeko aukera, GOera hurbildu eta aurkeztutako hanburgesak eta ogiak dastatu ahal izango baitituzte. Jardunaldia 14:00etan amaituko da, sari-banaketarekin. Orduan jakinaraziko dira bi lehiaketetako proposamen irabazleak.

Inskripzioa : https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSeTek7wqUA6HfRpAx1NOfDiGpFbWLmeeEjwIW5tM_rjRbsktA/viewform?usp=dialog

Lehiaketen oinarriak:

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)