- Eusko Jaurlaritzak gobernu programako etxebizitza-neurrien zati handi bat bete duela dagoenekonabarmendu du gaur Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak
- Peli Lekuona kazetariarekin izandako elkarrizketan, Itxaso azpimarratu du Euskadin "aldaketa kulturala behar dugula, baina legeak, mugak eta zigorrak ere bai"
Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburu Denis Itxasok elkarrizketa eskaini dio Naiz Irratiko Peli Lekuonari. Solasaldian, Euskadiko etxebizitza-merkatuaren egoera, tentsionatutako eremuen hedapena eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunei aurre egiteko Jaurlaritzak abian dituen neurriak izan dituzte hizpide. Itxasok nabarmendu du legegintzaldiaren erdira iritsita, “gobernu programan jasotako etxebizitza-neurrien zati handi bat gauzatu dela jada”. Bere esanetan, lurzoruaren kudeaketan, hirigintzaren arloan eta etxebizitza-politiken finantzaketan “aurrerapauso garrantzitsuak” eman dira. Horrez gain, Europako Inbertsio Bankuarekin eta beste erakunde batzuekin elkarlanean, finantzaketa publiko-pribatuko tresna berriak garatzen ari direla azaldu du.
Sailburuak gogorarazi du Arrasate, Pasaia eta Zestoa ere etxebizitza-merkatu tentsionatutako eremu izendatu dituztela, eta dagoeneko euskal biztanleriaren %54 baino gehiago bizi dela halako udalerrietan. Haren hitzetan, "agindutakoa betetzen ari gara", nahiz eta etxebizitzaren arazoak konplexuak izan eta emaitzak epe ertainera ikusi beharko diren. Tentsionatutako eremuen inguruan, Itxasok azaldu du prezioen erreferentzia-indizeak eta alokairuen mugak indarrean daudela jada hiru lurraldeetan. Hala ere, ohartarazi du neurri horiek, berez, ez direla nahikoak etxebizitza-arazoari behin betiko irtenbidea emateko. "Tentsioaren benetako arrazoia eskaintza eskasa eta eskari handia dira", azpimarratu du. Horregatik, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeaz gain, etxebizitza berriak eraikitzea ezinbestekotzat jo du.
Elkarrizketan zehar, sailburuak etxebizitzaren jabetzaren inguruan dagoen kultura ere aztertu du. Haren ustez, Hego Europan eta bereziki Euskadin, jabetza oso errotuta dago, baina alokairuaren kultura indartu behar da. "Aldaketa kulturala behar dugu, baina legeak, mugak eta zigorrak ere bai", adierazi du. Ildo horretan, gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak diziplina-araubide berria onartu duela, tentsionatutako eremuetan ezarritako prezio-mugak errespetatzen ez dituzten jabeak zigortu ahal izateko. Era berean, eremu horietan etxebizitza turistiko berriak baimentzea debekatu dela nabarmendu du.
Itxasok gezurtatu egin ditu tentsionatutako eremuek alokairu-eskaintza murrizten dutela dioten ahotsak. Eusko Jaurlaritzaren Bizilagun erregistro publikoaren datuen arabera, alokairuko etxebizitzen kopuruak hazten jarraitzen du Euskadin. Etorkizunera begira, sailburuak iragarri du udazkenean aseguru publiko berri bat jarriko dela abian. Tresna horren bidez, alokairua borondatez erreferentziazko prezioen barruan jartzen duten jabe txikiek inpagoen eta kalteen aurkako estaldura doakoa izango dute.
Azkenik, Itxasok azpimarratu du etxebizitzaren arazoa ez dela soilik migrazioaren ondorio. Gizartearen bizimodu berriek, bakarrik bizi diren pertsonen gorakadak eta etxe-unitate berrien sorrera azkarrak ere presio handia eragiten dute merkatuan. "Familia eta bizikidetza-unitateak etxebizitzak eraikitzen dituguna baino azkarrago sortzen dira; hori da gaur egungo erronka nagusietako bat", ondorioztatu du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)