De los Toyos: "Sinatuta dauden eta negoziatzen ari diren hitzarmenen bidez, Gasteizen 2.000 etxebizitza publiko baino gehiago eraikitzea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak"

Argitalpen-data: 

  • Gasteizen Cadena SER irrati kateak Hoy por Hoy Euskadi programan egindako elkarrizketa batean, Etxebizitzako sailburuordeak adierazi du etxebizitzaren arazoari erantzuteko etxebizitza publiko gehiago eta bizkorrago produzitu behar direla eta alokairuaren merkatuaren segurtasun juridikoa sendotu behar dela

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyosek ziurtatu du etxebizitza Euskadiko “lehen gizarte-kezka” bihurtu dela, eta adierazi duenez, kezka horri erantzuteko “etxebizitza publiko gehiago eta bizkorrago produzitu behar dira eta alokairuaren merkatuaren segurtasun juridikoa sendotu behar da”. Horixe adierazi du gaur, osteguna, Gasteizen Cadena SER irrati-katearen Hoy por Hoy Euskadi programan egindako elkarrizketa batean. De los Toyosek azaldu duenez, egungo egoera faktore-konbinazio baten ondorioz sortu da: aldaketa soziologikoak —pertsona bakarreko etxekoen unitateen kopuruak gora egin du, eta ia % 50 dira—, immigrazioari eta talentuaren erakarpenari lotutako premia berriak, eta etxebizitza-produkzioaren beherakada esanguratsua.

 “2006an eta 2007an 15.000 etxebizitza eraikitzen ziren Euskadin urtean; gaur egun, berriz, 5.000 inguru”, adierazi du. Horri familiek egin behar duten ahalegin ekonomikoaren handiagotzea gehitu behar zaio: lehen zentzuzkotzat hartzen zen soldataren % 30 etxebizitzara bideratzea, eta gaur egun, berriz, kasu askotan % 50 baino gehiago. Egoera horren ondorioz, erdi-mailako klasearen zati bat, tradizioz merkatu librea erabiltzen duena, etxebizitza babestuen erregistrora joaten da orain. Gasteizen, Etxebideren erregistroan 16.500 bizikidetza-unitate inguru daude inskribatuta, eta haien % 80k alokairuko etxebizitza eskatzen dute.

2.000 etxebizitza publiko baino gehiago Udalarekiko hitzarmenen bidez

Sailburuordeak Gasteizko Udalarekin batera egindako lana jarri du erakundeen arteko lankidetzaren adibide gisa. 2024. urtean, 1.000 etxebizitza publiko baino gehixeago sustatzeko hitzarmena sinatu zen, eta haien % 70 kudeaketa- edo egikaritze-fasean daude dagoeneko. Salburuan, 700 etxebizitza daude abian, eta beste 360 lurzorua lagatzeko zain. Gainera, Eusko Jaurlaritza 1.200 etxebizitza gehigarri sustatzeko hitzarmen berri bat negoziatzen ari da. Etxebizitza horiek Zabalganan (900 inguru), Aretxabaletan, Lakuan eta Abetxukon sustatuko dira. Bi akordio horiek batuta, 2.000 etxebizitza publiko baino gehiago sustatuko lirateke Gasteizen.

De los Toyosek gogorarazi duenez, behin lurzoru finalista lagata, etxebizitzak entregatu arteko batez besteko egikaritze-epea lau urtetik bostera bitartekoa izango da. “Hirigintza ez da epe laburrekoa; epe ertain eta luzekoa da. Gure helburua da denborak arau-neurriak hartzearen eta kudeaketa hobetzearen bidez laburtzea”, adierazi du.

Alokairu babestuaren finantza-erronka

Sailburuordeak euskal ereduak dakarren inbertsio-ahalegina azpimarratu du. Eredu horrek, 2015eko Etxebizitzaren Legearen bitartez, Eusko Jaurlaritzak sustatutako etxebizitza babestuak alokairura baino bideratu ezin direla ezartzen du. Adibide gisa, duela gutxi Sestaon 180 etxebizitza sustatzeko 20 milioi euroko inbertsioa egin dela aipatu du. Etxebizitza horien batez besteko alokairua 240 euro ingurukoa da hilean, eta inoiz ez du gainditzen bizikidetza-unitatearen diru-sarreren % 30. Horrek eragotzi egiten du inbertsioa errenten bidez berreskuratzeko aukera, eta Aurrekontu Orokorretara jo beharra dago. “Etxebizitza Sailaren aurrekontuak izan du igoerarik handiena Eusko Jaurlaritzan, eta horrek erakusten du Jaurlaritza bat datorrela arazo horren lehentasun sozialarekin”, adierazi du.

Jasodurak parke publiko handiagoa izateko

Eraikinen altuerari buruzko eztabaidari dagokionez, sailburuordeak adierazi du ez diola “beldurrik ematen” bertikalki hazteak lurzorua mugatua denean. “Lurzorurik ez baduzu, altuera beharko duzu”, laburbildu du. Gasteizen, Zabalganan alokairuko etxebizitza babestuen bloke batean bi solairu berri eraikitzeko lehen proiektu pilotu bat egitea aurreikusi da. Horri esker, 84 zuzkidura-bizitoki inguru sortu ahal izango dira sistema industrializatuen bidez.

Helburua da formula hori estalki laua duten titulartasun publikoko beste eraikin batzuetara zabaltzea, betiere egiturazko erresistentziari buruzko azterketa teknikoek horretarako aukera ematen badute eta Udalaren oniritziarekin. Eusko Jaurlaritzaren ustez, estrategia horren bidez 2.000 bizitoki gehigarrira bitarte sor litezke Euskadin. Egungo zuzkidura-bizitokiak 36 urtetik beherakoentzat dira, gehienez bost urtez. Hala ere, Saila belaunaldiarteko formulak aztertzen ari da irisgarritasun-arazoak dituzten adinekoentzat, beren etxebizitzaren lagapena eta baliabide horiek eskuratzeko aukera uztartuz.

Eremu tentsionatua: prezioen kontrola eta maizterrentzako egonkortasuna

Gasteiz gune tentsionatu izendatzeari dagokionez, De los Toyosek azaldu du horren ondorio nagusia dela alokairuaren merkatuaren segurtasun juridikoa indartu egingo dela. Kontratuen % 95 neurri batzuei lotuta daude, hala nola hiru urtera bitarteko nahitaezko luzapenari eta kontratu bat amaitzen denean igoerak IRAV indizera —% 2 ingurukoa gaur egun— mugatu beharrari. Aldundiek eta Ministerioak onartu behar duten edukitzaile handientzako erreferentzia-indizeak kontratuen % 5 inguru hartuko ditu eraginpean. “Eremu tentsionatuak ez du etxebizitza-politika ordezten; lagundu egiten du politika horretan. Egoera horretatik irtetea benetan ahalbidetuko duena eskaintza handitzea da”, adierazi du.

Azkenik, sailburuordeak ziurtatu du Alokabideren Ibaiondoko sustapen bateko trastelekuetan izandako okupazioek sortu duten egoera bideratu egin dela Sailaren esku-hartzearen eta Udalarekiko lankidetzaren ondoren. Azaldu duenez, polizia-neurriak, eraikina kudeatzekoak eta esku-hartze sozialekoak hartu dira, eta auzotarrek hobekuntza nabarmena izan dela aitortu dute. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak zaintza aktiboarekin jarraitzen du. Hortaz, Miguel de los Toyosek defendatu du etxebizitzaren arazoa konpontzeko "produkzio, administrazio-bizkortasun eta erakundeen arteko lankidetza handiagoa" behar dela, eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa alokairuko parke publikoa finkatzea eta handitzea dela, bizitegi-politikaren ardatz nagusia den neurrian.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)