Barnahus ereduaren sortzaileak Euskadiko errekurtsoa bisitatu du Gasteizen

Argitalpen-data: 

2026_02_10_Barnahus_587(2).jpg

• Nazio Batuen Haurren Eskubideen Batzordeko kidea eta Islandiako Barnahus ereduaren sortzailea da, nazioarteko erreferentea sexu-indarkeriaren biktima diren haurren babes integralean.

• Hitzordu hau otsailaren 6an Bartzelonan egindako Barnahus Nazioarteko Biltzarraren jarraipen gisa iritsi da, Save the Children erakundeak bultzatakoa, eta lehen mailako adituen ahotsak bildu zituena, ebidentziak, jardunbide egokiak eta egiteke zeuden erronkak partekatzeko.

• Arabako hiriburuan, Bragi Guðbrandssonek baliabidea zuzenean ezagutu ahal izan du eta esku hartzeko eredua, eta iritziak trukatu ahal izan ditu Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko ordezkariekin. Gainera, topagune bat izan du hura abian jartzen parte hartzen duten profesionalekin.

Barnahus ereduaren sortzaile eta Nazio Batuetako Haurren Eskubideen Batzordeko kide den Bragi Guðbrandssonek Euskadik Gasteizen duen lehen baliabidea bisitatu du gaur, Euskadin sexu-indarkeriaren aurrean haurrei arreta integrala, koordinatua eta egokitua emateko eredu bat abian jartzeko egindako bidea indartzen duen lan-jardunaldi batean.

Guðbrandssonek Euskadi lehen aldiz 2021eko azaroan bisitatu zuen Save the Children erakundeak egindako "Teilatupean: Barnahus eredurantz Euskadin" txostenaren aurkezpenarekin bat eginda baita Araban proiektu pilotu bat abian jartzeko Eusko Jaurlaritzaren iragarpenarekin bat eginda ere. Barnahus haurrak artatzeko zorian dagoenean itzuli da, ziklo baten itxieraren sinboloa da: hasierako bulkadatik elkarlanaren bidez urteetan eraikitako errealitate bat gauzatzerainoko prozesua. Guðbrandssonek berak honako hau gogorarazi du: “2021ean ideia bati eta helburu partekatu bati buruz baino ez genuen hitz egiten. Gaur egun, oso esanguratsua da Barnahusek aurrera egiten jarraitzen duela ikustea. Prozesu horretako urrats bakoitzak erakusten du Euskadik haurtzaroari ematen dion erantzuna indartzeko duen borondatea”.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburu Nerea Melgosak adierazi du Bragi Guðbrandssonen bisitak “indartu egiten duela Euskadiren konpromisoa arreta integraleko eredu batekin, haurrak erdigunean jartzen dituena eta edozein biktimizazio saihesten duena”. Era berean, azpimarratu duenez, Barnahusen sustatzailea berton izatea "nazioarteko babesa da, eta aukera bat haurrak babesteko erakundeen arteko koordinazioa hobetzen jarraitzeko".
Horri guztiari, Euskadiko Save the Children erakundeko zuzendari Charo Arranzek gaineratu dio Euskadin Barnahus abian jartzea "funtsezko mugarria dela sexu-indarkeriaren biktima diren haur eta nerabeek beren denborak eta beharrak errespetatuko dituen arreta jasoko dutela bermatzeko. Erakundeek adingabe bakoitzari erantzuteko eta laguntzeko duten moduak sakonki markatuko du haien errekuperazio-prozesua eta, kasu askotan, haien etorkizuna ".

Gasteizen, Bragi Guðbrandssonek zuzenean ezagutu ahal izan du esku eredua, eta iritziak eta informazioa trukatu ahal izan ditu Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Diputatu Gorka Urtaran eta Vitoria-Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotzi Lucho Royero ordezkariekin. Gainera, topagune bat izan du hura abian jartzen parte hartzen duten profesionalekin. Jardunaldi honi esker, nazioarteko ikaskuntzak partekatu ahal izan dira, eta baliabidearen garrantzi instituzional eta sozialari balioa eman zaio.

Bisita hau Bartzelonan otsailaren 6an Save the Children erakundeak antolatutako Barnahus Nazioarteko Biltzarraren ondoren egin da. Topaketan nazioko eta nazioarteko espezialistak bildu ziren ebidentziak, ikaskuntzak eta erronkak partekatzeko eta haurren eskubideak erabat errespetatzen dituen justiziarekiko konpromisoa indartzeko.

Mugarri bat Euskadirentzat haurren indarkeriaren aurkako borrokan

Barnahus (Islandiako "Haurren etxea") paradigma-aldaketa bat da: eredu honek haurrak erdigunean jartzen ditu, birbiktimizazioa saihesten du eta erantzun gizatiarragoa, arinagoa eta eraginkorragoa ematen du. Lehen aldiz, gizarte-zerbitzuek, justiziak, osasunak, hezkuntzak eta segurtasunak modu koordinatuan eta aterpe berean lan egiten dute, ingurune seguru batean eta haurren eta nerabeen beharretara egokituta. Baliabide hau Euskadin sustatzea erakundeen arteko lanaren eta koordinazioaren emaitza da, indarrean dagoen arau-esparruarekin eta haurrak babesteko Europako estandarrekin bat etorriz. Erantzun publikoa indartzeko beharra premiazkoa da. Save the Children erakundeak bildutako datuen arabera, Euskadiko 5 adingabetatik 1ek sexu-indarkeria jasan zezakeen, eta 2 biktimatatik 1 adingabea da. Gainera, 2020tik 2023ra bitartean, Ertzaintzak 1.009 salaketa erregistratu zituen biktima adingabeekin egindako sexu-delituengatik, eta igoera nabarmena izan zen aldian. Testuinguru horretan, Barnahus bezalako baliabideak erabakigarriak dira biktimengan inpaktu emozionala eta psikologikoa murrizteko eta erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko.

Save the Children erakundearen papera eta Gasteizen irekitzeko egindako bidea
Save the Children erakundeak funtsezko zeregina betetzen du Barnahus eredua Euskadin eta Estatuan sustatzeko erreferentziazko erakunde gisa, ezarpen-prozesuetan lagunduz, prestakuntza espezializatua bultzatuz eta kalitate- eta ebaluazio-estandarrak sendotzen lagunduz. Gainera, erakundea "Barnahus Network" Europako Sareko kidea da. Sare hau bakarra da munduan, eta Barnahus eredua berme guztiekin bultzatzeaz arduratzen da. EAEn, Gasteizen baliabidea irekitzeko bidean, hainbat mugarri izan dira: erakundeen bultzada, lankidetza-akordioak, prestakuntza teknikoa, ikaskuntza-bisitak eta biktimei arreta ematen parte hartuko duten talde profesionalentzako prestakuntza.

Urrats erabakigarria: babestea, birbiktimizatu gabe

Ereduaren sustatzaileak Euskadiko baliabidera egindako bisita egindako ahalegin kolektiboaren aitortza da, bai eta haurren eta nerabeen aurkako sexu-indarkeriaren aurrean erantzun integral bat finkatzeko bultzada berri bat ere: erantzun horrek haurraren interes gorena lehenesten du, eta biktima bakar batek ere bere kontakizuna behin eta berriz hainbat instantziaren aurrean "berriro hasi" behar ez izatea bermatzea du helburu.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)