Azaroaren 11ko greba orokorrerako gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak

Argitalpen-data: 

  • Gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzea bermatzen du Aginduak asteazken honetarako deitutako greba egunean

 

Eusko Jaurlaritzak asteazken honetarako, azaroaren 11rako, deitutako greba orokorrean bermatu beharko diren gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Aginduaren helburua da grebarako oinarrizko eskubidea gauzatzea eta herritarrentzat funtsezkotzat jotzen diren zerbitzuak mantentzea bateragarri egitea.

Ebazpenak, besteak beste, arlo hauei eragiten die: osasuna, larrialdiak eta segurtasuna, gizarte zerbitzuak, hezkuntza, garraioa, energiaren, gasaren eta uraren hornidura, telekomunikazioak, administrazio publikoak, Justizia Administrazioa eta EITB.

Osasun arloan, ospitaleek jaiegun bateko ohiko langileekin mantenduko dituzte larrialdi zerbitzuak eta ospitaleratutako pertsonei eman beharreko arreta. Dialisi prozesuen, aurrez zehaztutako tratamendu onkologikoen eta prozesu berogarrien % 100 bermatzen da, besteak beste, iktus unitateak, zainketa intentsiboak, neonatologia, erditzeak eta denbora mendekotasuneko tratamenduak. Larrialdiek eta Etengabeko Arretako Puntuek % 100ean jarraituko dute, eta Lehen Mailako Arretak, berriz, larunbat bateko zerbitzuekin funtzionatuko du.

Larrialdiei eta segurtasunari dagokienez, SOS-DEIAK 1-1-2 zerbitzuak aurreikusitako baliabide guztien % 100ean funtzionatuko du, eta suhiltzaile-zerbitzuek, Babes Zibilak, meteorología zerbitzuek, errepideen mantentze lanek eta Trafikoa Kudeatzeko Zentroak, berriz, urte sasoi honetako jaiegun bateko hornidura bera izango dute.

Gizarte zerbitzuen eremuan, egoitzek zuzeneko arreta bermatuko dute gerokultoreen edo antzekoen % 50en bidez, eta ehuneko hori areagotu egingo da asistentzia intentsitate handiagoko ordutegi jakin batzuetan. Erabiltzaileen % 70ek baino gehiagok II. edo III. graduko mendekotasuna aitortuta duten zentroetan, zuzkidura % 70ekoa izango da. Gaueko txandan zuzeneko arretako langileen % 100 egongo da. Aginduak, halaber, eguneko zentroei, telelaguntzari, etxez etxeko laguntzari eta adingabeen arretarako zentroei dagozkien funtsezko zerbitzuak ezartzen ditu.

Hezkuntzan, ikastetxe publikoen, itunduen eta pribatuen sarrera kontrola eta irekiera bermatuko dira, Aginduan ezarritako gutxieneko zuzkiduren bidez. Gainera, hezkuntza etapa bakoitzeko irakasle bat eta hezkuntza laguntzako espezialistak behar dituzten ikasleentzako zerbitzu espezifikoak aurreikusten dira, bai eta hezkuntza bereziko zentro edo gela egonkorretako ohiko langileen % 50 ere.

Garraio publikoan, autobusetan, trenetan, tranbietan, funikularretan eta ibai garraioan, grebak eragindako zerrendetan programatutako zerbitzu arrunten % 30en pareko zerbitzuak mantenduko dira. Banaketak lehentasuna eman beharko die garraio alternatibarik ez duten lineei, osasun zentroak helmuga dituzten lineei eta lantokietako sarrera eta irteera ordutegiei.

Ordainpeko autobide eta tuneletan azpiegituren funtzionamendu segurua bermatuko da, eta bidesari zerbitzuak langileen % 30 hartuko du puntako orduetan, 06:30etik 09:30era eta 17:30etik 20:30era, eta % 15 gainerako orduetan. Halaber, Euskadiko gasolindegien % 20ren funtzionamendua bermatuko da.

Elektrizitatearen, gasaren eta uraren ekoizpenak eta hornidurak, bai eta telekomunikazio enpresen funtsezko lanek ere, jaiegun bateko langileak izango dituzte.

Administrazio publikoei dagokienez, hiru hiriburuetan dokumentuak erregistratzeko zerbitzua mantenduko da ZUZENEAN zerbitzuaren bidez, egoitza eta txanda bakoitzeko pertsona batekin. Justizia Administrazioko Zuzendaritzan, besteak beste, honako zerbitzu hauek bermatuko dira: guardiak, dokumentuen harrera eta erregistroa, presako edo epeari lotutako jarduketak, kautelazko neurri jakin batzuk eta eteteak kalte larria eragin dezakeen epaiketa eta agerraldiak.

Azkenik, EITBn asteburu bati dagozkion informazio zerbitzuak baino ez dira bermatuko, ohiko ordutegian.

Aginduaren arabera, gutxieneko zerbitzuak grebarako eskubidea baliatzen ez duten langileek emango dituzte lehentasunez, eta enpresa edo erakunde bakoitzari dagokio, langileen ordezkariei entzun ondoren, beharrezko langileen izendapenak eta eginkizunen esleipenak egitea.

Informazio gehiago: kontsultatu 2026ko azaroaren 6ko Agindua, azaroaren 11ko greba orokorrean funtsezko zerbitzuak mantenduko direla bermatzen duena

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)