- Eusko Jaurlaritzak 20 zerbitzu elkarreragile berri garatu eta beste 14 eguneratu ditu aurten. Horri esker, epeak eta prozedurak arindu dira, joan-etorriak saihestu eta herritarrek 57.000 dokumentu gutxiago aurkeztu behar izan dituzte.
- Arindu diren izapideen artean daude: Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE), guraso bakarreko familia aitorpena, Emantzipa edo genero-indarkeriaren biktimentzako laguntzak
Pertsonak ardatz dituen administrazio arinagoa eta eraginkorragoa eraikitzea legegintzaldiko lehentasunetako bat da eta, zentzu horretan, Eusko Jaurlaritza urratsak egiten ari da interoperabilitatea eta sinplifikazioa sustatzeko lantalde espezifiko baten eskutik. Lan talde hori kargak nola murriztu, beharrezkoak ez diren izapideak nola saihestu eta erantzuteko epeak laburtzeko eta herritarrek zerbitzu publikoekin duten harremana hobetzeko zein neurri hartu aztertzen eta lantzen ari da. Lan hori, gainera, eraldaketa digitalerako eta administrazioa modernizatzeko estrategia zabalago baten baitan kokatu behar da, herritarrei ematen zaien arreta hobetzeko eta herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin.
Elkarreragingarritasuneko 20 zerbitzu berri
2026ko lehen lauhilekoan, elkarreragingarritasuneko 20 zerbitzu berri garatu dira, eta beste 14 eguneratu. Bultzada horrek eragin zuzena du pertsonen eguneroko bizitzan. Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarrek izapideren bat egiterako orduan 57.000 dokumentu gutxiago aurkeztu behar izan dituzte, dagoeneko horiek administrazioen artean egiaztatu ahal izan direlako eta dagoeneko sektore publikoaren esku daudelako.
Bestetik, 69 izapide sinplifikatu dira, eta horri esker, herritarrek ez dute informazio gehigarririk aurkeztu behar, esaterako, laguntzak eskatzean, zuzenketa edo justifikazio-faseetan. Arindutako izapide guztietatik zazpik, 209.634 pertsonengan dute eragina. Datu horrek bistako egiten du administrazioa arintzeko neurriek pertsonen egunerokotasunean eragin zuzena dutela.
Arindu diren izapideen artean daude: Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE), guraso bakarreko familia izatearen aitorpena, eskola materialerako laguntzak, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko laguntzak, Emantzipa, genero-indarkeriaren biktimentzako laguntzak edo unibertsitate-bekak. Kasu horietan guztietan, administrazioak konektatuak daudenez, izapideak modu arinagoan egin daitezke, datuen kudeaketa adimentsu eta eraginkorragoaren bidez.
Apustu estrategikoa
Emandako aurrerapausoak bereziki esanguratsuak dira elkarreragingarritasunaren bilakaera aztertzen bada. Azken hamar urteetan 100 zerbitzu elkarreragile jarri dira martxan, batez beste, 10 zerbitzu urteko. 2026an 20 zerbitzu berri abiatu dira, azken hamarkadako erritmoaren bikoitza. Horrek erakusten du Eusko Jaurlaritza administrazioa arintzeko eta modernizatzeko helburuaren baitan egiten ari den lan mardula.
Beraz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu saila bi esparrutan ari da lanean. Alde batetik, administrazioaren sinplifikazioan, prozedurak berrikusiz beharrezkoak ez diren urratsak ezabatzeko, izapideak errazago ulertzeko eta administrazio-kargak murrizteko. Eta bestetik, interoperabilitatearen alorrean, administrazioen arteko komunikazioa indartuz, informazioa modu seguru eta eraginkorrean elkar-trukatu dadin, herritarrek dokumentuak soilik behin aurkeztu behar izateko.
Lan horren eskutik, Eusko Jaurlaritzak, administrazio adeitsuago, irekiago, adimentsuago, konektatuago eta efizienteagoa sustatzeko konpromisoari eusten dio, pertsonen beharrei hobeto erantzuteko eta zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko. Administrazio-karga gutxiago, dokumentu gutxiago, joan-etorri gutxiago eta izapidetze arinagoak: horiek dira jada abiatuta dagoen administrazioaren eraldaketa eta sinplifikazioaren emaitzak.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)