Abian dira Lorategi Hirian 98 etxebizitza babestu eraikitzeko obrak; Eusko Jaurlaritzak Euskadin sustatutako alokairuko etxebizitza tasatuak barnean hartzen dituzten lehenak dira

Argitalpen-data: 

Carlos_Quindos__director_general_de_Visesa__senala_la_ubicacion_de_las_viviendas_sobre_el_terreno.JPG
  • Sustapena Visesak bultzatu du, Donostiako Udalak lagatako bi partzelatan, eta alokairuko 63 BOEk eta alokairuko 35 etxebizitza tasatuk osatzen dute, 15,6 milioi euroko aurrekontuarekin
  • Hirian hamabost urte baino gehiagotan Eusko Jaurlaritzari etxebizitza babestuak eraikitzeko udal-lurzorua laga zaion lehen aldia da
  • Lanak Eneko Goiak eta Denis Itxasok hitzarmena sinatu eta hamaika hilabete eskasera hasi dira, proiektuaren eta obraren lizitazio bateratuari esker. Formula horrek epeak laburtzea ahalbidetu du, bizitegi-larrialdiari eman beharreko erantzuna bizkortzeko helburuarekin

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok Donostiako Loiola auzoko Lorategi Hiriko lursailak bisitatu zituen atzo arratsaldean, Visesak bultzatutako alokairuko 98 etxebizitza babesturen sustapen publiko berriaren aurretiazko lanak hasi zirela eta. Jarduketak alokairuko babes ofizialeko 63 etxebizitza eta alokairuko 35 etxebizitza tasatu biltzen ditu, Alokabidek kudeatuko dituenak. Bisitan, halaber, Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindósek, lanen esleipenduna den Construcciones Amenabar enpresako ordezkariek eta proiektua idatzi duen VARQUITECTOSeko taldeko ordezkariek —German Velazquez buru zela— parte hartu zuten.

Sustapena mugarria izan da Euskadiko etxebizitza-politika publikoan, bi arrazoirengatik. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak eraikitako alokairu-erregimeneko etxebizitza tasatuen lehen sustapena da. Eta, bestetik, Sailak Donostian Udalak lagatako udal-lurzoruan egiten duen lehen bizitegi-jarduketa da hamabost urte baino gehiagotan. Obraren guztizko aurrekontua 15,6 milioi eurokoa da, eta alokairuko parke publikoan ia ehun etxebizitza berri txertatzea ahalbidetuko du, Euskadiko bizitegi-tentsiorik handieneko hirietako batean. Zuinketa-akta datorren asteartean sinatuko da, hilaren 30ean.

 “Gaur egiaztatu dugunez, erakundeek lankidetzan aritzeko eta lurzoru publikoa etxebizitza babestuetara bideratzeko borondatea dutenean, emaitzak bizkor iristen dira. Duela hamaika hilabete eskas sinatu genuen partzela horiek lagatzeko hitzarmena, eta obrak abian dira dagoeneko. Horrek erakusten du administrazioen arteko lankidetzak Donostiak bizi duen bizitegi-larrialdiari eman beharreko erantzuna bizkortzea ahalbidetzen duela”, azpimarratu du Itxasok.

Sailburuak azpimarratu du, gainera, jarduketa horren bizkortasuna erabilitako kontratazio-formulari esker lortu dela, administrazio- eta eraikuntza-epeak nabarmen murriztea ahalbidetu baitu. “Kontratazio bateratuaren prozedura aplikatu dugu, proiektuaren idazketa eta obraren egikaritzea biltzen dituena, eta, horri esker, urtebete baino lehenago hasi gara obrarekin —hamaika hilabetetan zehazki—.Hori da Donostiako etxebizitza-politikari jarri nahi diogun erritmoa. Lurzoruak lagatzen dizkigutenean, ahalik eta arintasunik handienarekin jokatzen saiatzen gara, bai baitakigu hiriak hori behar duela”.

Denbora errekorrean

2025eko uztailaren 29an, Donostiako Udalak eta Visesak hitzarmen bat sinatu zuten eta, horren arabera, Udalak doan eskualdatu zituen bi udal-partzela, Lorategi Hirian alokairuko etxebizitza babestuak sustatzeko. a.30.4/LO.01 partzela alokairu-erregimen orokorreko babes ofizialeko 63 etxebizitza eraikitzera bideratu zen, eta a.30.5/LO.01 partzela, berriz, alokairu-erregimen autonomikoko 35 etxebizitza tasatu eraikitzera. Partzelek 1.674 m²-ko eta 1.025,38 m²-ko azalera dute, hurrenez hurren. Obrak orain jarri dira abian, eta 2028ko uztailean amaitzea aurreikusi da. Bestalde, aurreikusitakoaren arabera, urte horren amaieran etxebizitzak entregatuko dira eta Alokabidek kudeatutako parkean txertatuko dira.

Ildo horretan, Itxasok hirian dagoeneko abian diren beste jarduketa batzuen adibidea aipatu du. “Loiolako Erriberen kasuan, lurzorua urtarrilean laga zigutela eta obrak abenduan hasiko direla kontuan hartuta, erakundeen arteko lankidetza eta prozedurak arintzeko borondatea dagoenean garapen-denborak nabarmen murriztu daitezkeela erakusten ari gara”.

Jarduketaren elementurik berritzaileenetako bat alokairu-erregimen autonomikoko 35 etxebizitza tasatu txertatu izana da. Modalitate hori etxebizitza eskuragarrien eskaintza merkatu librean sartzeko gero eta zailtasun handiagoak dituzten errenta ertaineko sektoreetara zabaltzera bideratuta dago. Alokairuko 63 BOEak eskuratu ahal izateko, 9.000 eurotik 46.463,29 eurora bitarteko urteko diru-sarrerak egiaztatu beharko dira. Alokairuko 35 etxebizitza tasatuen kasuan, diru-sarrerek 15.000 eurotik 59.568,32 eurora bitartekoak izan beharko dute, eta, horren bidez, etxebizitza babestua eskuratzeko aukerak langile-klaseetara eta erdi-mailako klaseetara zabalduko dira.

Etxebideren datuek agerian uzten dute Gipuzkoako hiriburuan dagoen beharra; izan ere, etxebizitza babestuen eskaerari lotutako 16.129 bizikidetza-unitate daude gaur egun Donostian, eta, haietatik, 10.458k (% 65ek) alokairuko etxebizitza eskatu dute. Gainera, 7.571 bizikidetza-unitatek betetzen dituzte alokairuko BOE bat eskuratzeko baldintza ekonomikoak, eta 5.319k alokairuko etxebizitza tasatu bat eskuratu lezakete.

Jarduketa estrategikoa etxebizitza-eskariari erantzuteko

Sustapena Loiolako Lorategi Hiriko a.30.4 eta a.30.5 partzeletan egingo da, LO.01.1 Egikaritze Unitatearen barruan. Proiektuan beheko solairuko eta bost altuerako bi eraikin aurreikusten dira. Eraikin horietan, logela bateko, biko eta hiruko etxebizitzak egongo dira, irisgarritasuna, energia-efizientzia eta kalitate arkitektonikoa bereziki kontuan hartuta.

Babes ofizialeko 63 etxebizitzen artean, 19 etxebizitzak logela bat izango dute, 31 etxebizitzak bi logela izango dituzte eta haietako hiru mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo dira, eta 13 etxebizitzak, berriz, hiru logela izango dituzte. Bestalde, 35 etxebizitza tasatuen artean, 8 etxebizitza logela batekoak izango dira, 22 etxebizitza —bi egokituak— bi logelakoak, eta 5 etxebizitza hiru logelakoak. Jarduketan, gainera, espazio komunitarioak, aparkalekuak, bizikletetarako eremuak, barneko lorategi-urbanizazioa eta egikaritze-denborak optimizatzea eta multzoaren jasangarritasuna hobetzea ahalbidetuko duten eraikuntza-soluzio industrializatuak sartuko dira.

Horrela, beraz, Lorategi Hiriaren sustapena inflexio-puntu bat da Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzan etxebizitza-arloan. Udal-lurzorua lagatzeko akordioen ondorioz Jaurlaritzak hirian sustatu zituen azken etxebizitzak Morlans pasealekuko 12., 14. eta 16. zenbakietako alokairuko 70 BOEak izan ziren, eta 2019an entregatu ziren. Jarduketa hori 2004an, Odon Elorza alkatea zela izenpetutako hitzarmen baten ondorioa izan zen.

Harrezkero, ez zen udal-lurzoruaren lagapen berririk egin Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestuak garatzeko, 2025ean Lorategi Hirirako lortutako akordioa sinatu zen arte. Testuinguru horretan, Itxasok adierazi duenez, “jarduketa hau erakundeen arteko lankidetza-etapa berri baten hasiera da, Donostian alokairuko etxebizitza babestuen eskaintza modu iraunkorrean handitzera bideratua, batez ere Euskadin bizitegi-merkatuaren gaineko presiorik handiena jasaten duten udalerrietako batean”.

Aurreikusitako 5.000 etxebizitza babestu baino gehiago

Sailburuak gogorarazi du, gainera, joan den astean Tokiko Gobernu Batzarrak Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta Donostiako Udalaren artean hirian 5.000 etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki baino gehiago bultzatzeko sinatutako jarduera-protokolo orokorra onartu zuela. Akordioan aurreikusitakoaren arabera, etorkizunean udal-titulartasuneko hamar eremu mobilizatuko dira 5.095 etxebizitza babestu eta belaunaldiarteko zuzkidura-apartamentu sustatzeko. Horren bidez, alokairu eskuragarriaren eskaintza indartuko da Gipuzkoako hiriburuan.

Aurreikusitako garapen nagusien artean, honako eremu hauek daude: Txomin Enea II, Antzita, Trenbide Zabaltza, Auditz Akular, Loiolako Kuartelak, Jolastokieta eta Sarrueta. Itxasok azpimarratu duenez, protokolo horrek paradigma-aldaketa dakar tokiko etxebizitza-politikan, bi erakundeen arteko lankidetza berreskuratzen baitu lurzoru publikoa erdi-mailako klaseen eta langile-klaseen zerbitzura jartzeko.

Sailburuak adierazi du, halaber, helburu horiek lortzeko beharrezkoa izango dela aurreikusitako garapen berrien hirigintza-izapideak arintzea. “Udalak beste udalerri batzuetan bezain bizkor izapidetu behar ditu protokoloan adostu ditugun lurzoru horiek guztiak, eta Etxebizitzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legeak eskaintzen dituen tresna berriak erabili behar ditu; zehazki, lurzoruen eraldaketa arintzeko Lehentasunezko Jarduketa Proiektuaren figura”, adierazi du.

Itxasok gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak Donostian egingo dituen hurrengo urratsek protokoloan aurreikusitako eremu estrategikoetako batzuk dituztela ardatz. Ildo horretan azaldu duenez, Txomin Enean antzinako espetxea eraisteko proiektua idazten ari da. Jarduketa hori funtsezkoa izango da eremuko bizitegi-garapenean aurrera egiteko. Era berean, aurreratu du Trenbide Zabaltzan abian dela Plan Orokorraren aldaketa puntuala, eta datorren irailean jakingo dela zein izango den Gipuzkoako hiribururako hiri-aukerako eta zentraltasuneko espazio berri hori diseinatzeaz arduratuko den talde irabazlea.

 

 

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)