- Aurten 4 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzako laguntzaren luzapena iragarriko da
- Seme-alabak dituzten familia guztiei gutxieneko baliabideak bermatu nahi zaizkie
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailak seme-alaben hazkundeak sortzen dituen aparteko zailtasunei aurre egiten lagundu nahi du. Jaiotza, adopzioa, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintza, tutoretza… kasuetarako laguntzen aginduaren berri ematen da nahi duten familiek laguntza hauekin bat egin dezaten. Gaur Gobernu Kontseiluan onartu den agindu horrek, alde batetik, mantenu eta hazkuntzarako hileroko laguntza ekonomikoak jasotzen ditu, eta, bestetik, ezohiko izaera, erditze edo adopzio nazional anizkoitzagatik eta nazioarteko adopzioagatik.
Seme-alabak dituzten familientzako laguntzei buruzko 27/2023 Dekretuaren esparruan aitortu beharreko diruz laguntzeko egoeretarako, 112 milioi euroko gehigarria erabiliko da. Kopuru horretatik 31,2 milioi euro 2025. urteari dagozkio, 35,2 milioi euro 2026. urteari, 33 milioi euro 2027. urteari, 11,9 milioi euro 2028. urteari eta 706 mila euro 2029garren urteari.
Laguntza hauen helburua da familia-politika integral baten oinarriak eta esparrua ezartzea, familien eta familia-kideen bizimoduaren kalitatea eta ongizatea hobetzeko asmoz. Era berean seme-alabak dituzten familia guztiei gutxieneko baliabideak bermatzea eta haur-pobrezia saihesteko asmoa dute.
Gaur egun Euskadin, familiek 200 euro jasotzen dituzte hilean 3 urtetik beherako seme-alaba bakoitzeko, jaiotzen direnetik 3 urte bete arte. 2025ean zehar, Lehendakariak esan bezala, 4 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzako laguntzaren luzapena iragarriko da. Guztira, urtero 2.400 euro jasoko dituzte. Gainera, hirugarren edo ondorengo seme-alaben kasuan, laguntzen epea 3 urtetik 10 urtera luzatzen da, hileko 100 eurorekin.
Gobernu Kontseiluak onartutako agindu hau epe laburrean egindako prozesu baten emaitza da. Legealdi hasieran Lehendakariak asmoaren berri eman zuen, Nerea Melgosa sailburuak irailean konfirmatu zuen eta 2025eko martxo hasieran prozedurari lehen urratsa eman zaio. “Euskadi gaztetzeari, belaunaldien arteko orekari eusteari eta ongizate eredua bermatzeari ekiten ari gara. Euskadi gaztetu nahi eta behar baldin badugu, belaunaldien arteko oreka eta gure ongizate-eredua bermatu nahi izanez gero, gaur bezalako pausuak eman beharko ditugu” esan du Nerea Melgosak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko sailburuak.
Kontziliaziorako laguntzak
Erronka demografikoa betetzeko eta familiak babesteko kontziliazioa oso lagungarria dela zalantzarik ez dago. Kontziliazioak gizabanakoaren ongizatea hobetu, familiaren oreka sendotu eta lan arrakasta errazten ditu. Eusko Jaurlaritzak, aurreko urteetan egindako bideari jarraituta, aurten 25,1 milioi euro bideratuko ditu kontziliazio laguntzetara. Onuradun motak eta kopuruen banaketa honakoa izango da:
- 390 mila euro lan-eszedentzian dauden langileentzako laguntzetarako, gurasoek jaiotzagatiko eta urtebetetik beherako haurra zaintzeagatiko kotizaziopeko prestazio-aldiak parekatzeko.
- 23,5 milioi euro 3 urtetik beherakoak zaintzeko lan-eszedentzian edo 12 urtetik beherakoak zaintzeko lanaldi-murrizketan dauden langileentzako laguntzetarako.
- 1,2 milioi euro, mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileentzako laguntzetarako.
Laguntza hauetan, 2025ean, nobedaderen bat izango da. Jaiotzagatiko eta urtebetetik beherako umeak zaintzeagatiko kotizaziopeko prestazio-aldiak parekatzeko lan-eszedentzian dauden langileentzako laguntza-lerroak nabarmen murriztuko ditu eskaerak, eta guraso bakarreko familientzat bakarrik egongo da indarrean.
“Egoera demografikoa lehentasunezko kezka da Euskadin, munduko, baina batez Europako gizarte gehienetan bezala. Gaia konplexua baldin bada ere aukera-iturri bezala planteatu du Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan. Erronka demografikoari erantzutea herri bezala dugun helburu estrategiko bat da” esan du Nerea Melgosa sailburuak.
Zaintzaileak kontratatzeko laguntzak
Familientzako laguntzekin erlazionatutako hirugarren ildo bat ere adostu da gaur. 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko dirulaguntza lerroak betetzeko, Eusko Jaurlaritzak 1,5 milioi euro erabiliko ditu 2025. urtean.
Laguntza mota hauen hartzaileak honako hauek izango dira: besteren konturako langileak, kooperatiba-sozietateetako bazkide langileak edo lan-bazkideak eta langile autonomoak: familia-unitatea osatzen duten gurasoak, baldin eta familia-etxearen titular gisa agertzen badira 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko kontratatutako etxeko langileen Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)