Eusko Jaurlaritzak Errenteriari eskaini dio ETSren antzinako kotxetegietan alokairuko 200 etxebizitza babesturen sustapena bere gain hartzea

Argitalpen-data: 

Vista_aerea_lejana_del_entorno.jpg
  • Denis Itxaso sailburuak 170-200 etxebizitza publiko eraikitzeko —guztiak kanpoko espazioarekin, garajearekin eta trastelekuarekin— proposamena helarazi dio gaur goizean udalerriko alkate Aizpea Otaegiri
  • Eragiketa 33 milioi eurotan zenbatesten da, eta udalerrian azken 20 urteetako handiena izango da. Eragiketa Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren mendeko Euskal Trenbide Sarearen erabilerarik gabeko kotxetegietako lurzoruetan egingo da.

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak lan-bilera egin dute gaur, bi erakundeek udalerriak bizi duen bizitegi-tentsioari aurre egiteko adostutako hiru urteko ekintza-planaren lankidetza eta jarraipenaren barruan.

Topaketan, Eusko Jaurlaritzak Errenteriako Udalari eskaini dio 170 eta 200 etxebizitza babestu bitarteko bizitegi-sustapena bere gain hartzea. Bizitegi-sustapen hori Eusko Jaurlaritzaren titulartasun publikoko lurzoru diren ETSren (Euskal Trenbide Sarea) antzinako kotxetegietan garatuko litzateke, Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak alokairu publikoko etxebizitza babestuak eraikitzeko eskaini baititu lurzoruak. 2024ko urrian, Eusko Jaurlaritzaren Agindu bidez, bizitegi-merkatuko eremu tentsionatu izendatu zen Errenteria, eta 2025eko urtarrilaren 30eko BOEan jaso zen izendapen hori. Eremu tentsionatuen Estatuko zerrendan jaso zen Euskadiko lehen udalerria izan zen.

Bizitegi-jarduketa hori egin ahal izateko, aldez aurretik Errenteriako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) xedapen-aldaketa egin beharko da, indarrean dagoen antolamendua antzinako kotxetegien eremuan aurreikusten den etxebizitza babestuen garapenera egokitu dadin. Hori da tamaina horretako hiri-eraldaketako eragiketetan erabili ohi den bidea, eta Donostian Amara-Easoko trenbide-zabaltzako eragiketan jarraitutakoaren parekoa izango litzateke, eragiketa hori ere HAPOaren xedapen-aldaketa idatzita gauzatuko baita. Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak aditzera eman duenez, “Errenteriak oso lurzoru urri du erabilgarri, eta duen lurzoru apur hori etxebizitzak eraikitzera bideratu behar da lehentasunez”. Sailburuak adierazi duenez, uste osoa du “laster alkatearen oniritzia izango duela HAPOaren xedapen-aldaketa idazten hasteko, aldaketa hori beharrezkoa baita proiektua tramitatzeko eta Errenteriaren etorkizunerako funtsezkoa den eragiketa hori posible izateko”.

 “Udalerri tentsionatuetan, egikaritze-ahalmena duten erabakiak behar dira: lurzorua, proiektua, inbertsioa eta zentzuzko epeak. Errenterian alokairuko parke publikoa handitzeko asmo handiko urrats neurgarria egin nahi dugu. Hori dela eta, udalerriko biztanleen esku jartzen ditugu Eusko Jaurlaritzaren lurzoru publikoak, arrazoizko prezioa izango duten alokairuko 200 etxebizitza sustatzeko gai izango den kalitate handiko hirigintza-proiektua arkitektonikoa gara dadin”, adierazi du Itxasok.

Alokairurako sustapen % 100 babestua, hiri-kalitate handikoa eta ingurunearekin konexio hobea izango duena

Proposamenak 170 eta 200 etxebizitza babestu bitarteko bizitegi-jarduketa planteatzen du, gehienak 2 logelakoak, eta guztiak kanpo-espazioarekin, eta etxebizitza bakoitzeko aparkaleku eta trasteleku batekin. Arrazoizko prezioa izango duten alokairu publiko eta babestukoak izango dira. Itxasok aditzera eman duenez, “Eusko Jaurlaritzak lurzorua duen lekuetan, beti jarriko du lurzoru hori, oso-osorik, alokairu-erregimeneko etxebizitza babestuak eraikitzeko. Oraingoan, erabiltzen ez den trenbide-espazio bat berreskuratu eta herritarren zerbitzura jarri behar dugu, etxebizitza lehentasun handienetako bat duen Errenteria gisako hiri tentsionatu batean”.

Espazioaren kalitatea eta ingurunearekiko errespetua uztartu nahi duen geometria modularretik ulertzen da proiektua, kokalekuaren bizitegi-potentziala optimizatuta. Hauek dira giltzarri nagusiak:

  • Topografiara eta desnibeletara egokitzea, eta eraikinak ingurunean duen inpaktu bolumetrikoa murriztea.
  • Inguruko eraikinekin bat egitea, haien altuera gainditu gabe, eta egungo kotxetegien eraikinarekiko erretiratzea, Gaztaño auzoko etxebizitzak kontuan izanik.
  • Patio-parke motako barne-espazio irekia sortzea, barne-zirkulazioa antolatuko duena eta erdisotoko aparkalekuaren aireztapen eta argiztapen naturala ahalbidetuko duena.
  • Hiri-konektagarritasuna hobetzea, Pablo Iglesias etorbidearen, ETSren geltokiko ingurunearen eta Gaztaño auzoaren arteko konexioaren bitartez eta eremuaren eta hiriaren arteko integrazioa indartzearen bitartez.
  • Eraikuntza industrializatu bidez egikaritzea, epeak laburtu daitezen eta jasangarritasunaren eta zirkulartasunaren kontrola hobetu dadin.

Inbertsioa 33 milioi euro ingurukoa izango da, eta 3 eta 5 urte bitarteko epeak aurreikusten dira, proiektuaren tramitazioaren eta garapenaren arabera. Gaur aurkeztutako proposamena azken 20 urteetan Errenterian garatuko den anbizio handieneko etxebizitza publikoko proiektua da, eta bat egiten du Eusko Jaurlaritzak —Visesaren eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren bitartez— Errenterian etxebizitza publikoa indartzeko sustatutako aurretiazko jarduketekin, horien artean daude: babes ofizialeko 120 etxebizitza eta 24 etxebizitza sozial Larzabal-Arraguan 2006tik 2008ra bitartean; 51 zuzkidura-bizitoki Arramendiko 36. sektorean 2021ean; eta 2022ko iraileko hitzarmenaren ondorioz gaur egun abian den Esnabideko 27 etxebizitza sozialeko sustapena (sustapen horren behin-behineko kalifikazioa abenduan tramitatuko da, eta obra-lizentziaren eskaera 2026ko urtarrilean egitea aurreikusten da). Horri guztiari batzen zaizkio Visesak Altzaten egindako sustapena (40 eta 45 etxebizitza babestu artean, eremu tentsionatuarekin lotzen den Ekintza Planari atxikitako lurzoruan), 2025eko urrian Pontikan 18 etxebizitza babestu erosteko iragarkia (etxebizitza horiek parke publikoari txertatuko zaizkio eta alokairu babestua mantentzera zuzenduko dira) eta Beraungo 63 etxebizitzaren birgaitze integraleko jarduketak. Esparru horretan kokatzen da, hain zuzen ere, ETSren antzinako kotxetegietan 170-200 etxebizitza babestu sustatzeko gaur egindako proposamena —etxebizitza horiek arrazoizko prezioa izango duten alokairu publikokoak izango dira—.

Era berean, Errenterian, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten 2019an etxebizitza hutsak alokairu babestura bideratzeko, Bizigune (Etxebizitza Hutsen Programa) eta ASAP programen bidez. Akordioak koordinaziorako eta rol-banaketarako esparrua finkatzen du: Alokabidek etxebizitza horiek Udalarekin koordinatuta kudeatzeko konpromisoa hartzen du, informazio-kanal bakar baten bidez (900 linea) eta Euskadirentzako prozedura komunaren bidez; Udalak, berriz, herritarren arreta indartuko ditu (informazioa, eskaerak ematea/jasotzea, jabeak elkarrizketatzea), Etxebiden izena ematea bultzatuko du, aldian behin udal-kanpainak garatuko ditu, baliabide pertsonalak jarriko ditu eta etxebizitza hutsei buruzko datuak emango ditu, programan barne har daitezen. Testuinguru horretan, Errenteriak 92 etxebizitza ditu gaur egun Bizigunen, eta lankidetza sendotzen du, udalerrian alokairu babestuaren eskaintza handitzeko palanka egonkor gisa.

Eskaintza horrekin, Eusko Jaurlaritzak berresten du udalerri tentsionatuei benetako ekintza-ahalmena emateko borondatea, betiere alokairuko etxebizitza babestuen parkea handitzeko lurzoru publikoa eta inbertsioa mobilizatuta eta zuzenean egikarituta.

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)