San Telmo Museoak "Lorategi bat soinean" aldi baterako erakusketa aurkeztu du, Museo del Trajerekin antolatua

  • San Telmo Museoak
    Argazkia: Iker Azurmendi

  • Erakusketak XVIII. eta XIX. mendeetako modaren bilakaera ezagutzera eman nahi du, loreak leitmotiv gisa hartuta
  • 130 pieza inguru biltzen ditu, eta horien muina Museo del Trajeko eta San Telmo Museoko jantzi eta ehun historikoen bildumak dira
  • Beste erakunde batzuetako funtsak ere gehitu zaizkio: Museo Nacional de Arqueología, Museo Nacional de Artes Decorativas, Real Jardín Botánico, Banco de España Bilduma, Valentziako Arte Ederren Museoa, Museo Nacional de Escultura eta Cristóbal Balenciaga Museoa

San Telmo Museoak, Museo del Traje. Centro de Investigación del Patrimonio Etnológico-rekin batera, Lorategi bat soinean erakusketa antolatu du, Gema Batanerok komisariatuta. Erakusketa 2024an izan zen Madrilen ikusgai, eta oraingoan, egoitza berrian, San Telmoko bildumaren funtsak ere barne ditu -garaiko janzkera bilduma interesgarria du San Telmok-. 2025eko ekainaren 7tik irailaren 28ra arte egongo da ikusgai.

Erakusketak Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean ehungintzan sortu ziren lore motiboen bilakaera aztertzen du, batez ere, Museo del Trajeren (76 pieza) eta San Telmo Museoaren (23 pieza) bildumen bitartez. Garai hartan gizakiak mundu naturalarekin zuen harremanean gertatzen ari ziren aldaketa sakonen isla bihurtu ziren irudikapen horiek, baita ideia artistiko, zientifiko eta filosofiko berrien eferbeszentziarena ere.

Era berean, merkataritza trukeen eta aurrerapen teknologikoen eraginak gurutzatzen dira; horiei esker,  lore irudikapenak oso azkar aldatu ziren, XVIII. mendeko eta XIX. mende hasierako gustuak izan zuen bilakaeraren funtsezko lekuko bihurtuz.

Erakusketan 130 pieza inguru daude, eta horien muina Museo del Trajeko eta San Telmo Museoko jantzien eta ehunen bilduma historikoek osatzen dute. Beste erakunde batzuetako dokumentu eta bibliografia, pintura, zeramika eta dekorazio arteetako funtsak ere badira: Museo Nacional de Arqueología, Museo Nacional de Artes Decorativas, Real Jardín Botánico, Banco de España Bilduma, Valentziako Arte Ederren Museoa, Museo Nacional de Escultura eta Cristóbal Balenciaga Museoa.

Gaur egungo jantzi batzuk ere badaude ibilbidean zehar, euskal modaren diseinuarekin lotuta; Euskal Herrian jaiotako diseinatzaileenak dira batzuk, hala nola Balenciaga, Fernando Lemoniez edo Modesto Lomba, eta josteko etxea hemen izan zutenenak beste batzuk, Pedro Rodríguez, esaterako.

Azalpen diskurtsoa ikuspegi kronologikotik planteatuta dago, eta lore motiboen bilakaera garatzen du, hainbat estilo edo eraginen bidez. Hala ere, ibilbide lineal horretan zeharkako gai batzuk ere sartzen dira, hala nola diseinatzaileen prestakuntza, ehungintzako hainbat teknikaren garapena, botanikan eta zientzian egindako aurrerapenak, eta naturaren inguruko XVIII. mendeko iruditeriak. Horiei esker, lore  gaiaren ulermen poliedrikoa egin daiteke, Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean gertatzen diren aldaketa kultural sakonen adierazpen gisa.

ERAKUSKETAREN ATALAK

Furien basoa

Ehungintzan sormenaren eztandarekin hasi zen XVIII. mendea: ehun bizarroak, furia ere deituak beren dekorazio motiboen izaera sutsu eta zirraragarriagatik. Agertoki horretan loreak eta animalia naturalistak nahasten ziren distortsioagatik ia ezagutzen ez ziren beste batzuekin, baita zenbait elementu arkitektoniko ere.

Natura hil naturalistak

XVIII. mendeko 30eko hamarkadan, irudikapen naturalistagoei eman zieten bide landare bizarro fantasiatsu haiek. Lyongo Grande Fabrique aitzindaria izan zen tamaina handiko loreak eta frutak zituzten ehunak egiten. Adar eta sustrai joriek eusten zieten loreei eta frutei, eta, euskarriekin edo arkitektura-elementuekin batera, egiazko natura hilak irudikatzen zituzten.

Motibo horiek bolumenak sortzeko grina erakusten dute, point-rentré teknikaren bidez sendotu zena. Jean Revel diseinatzaile frantsesak sartu zuen berrikuntza hori tapizen tekniketan oinarrituta.

Azterketa botanikoak

XVIII. mendean egiazko iraultza gertatu zen naturaren esplorazioan. Jakintza grina horrek metodo berriak ekarri zituen flora sistematizatzeko orduan, eta herbarioetan, liburuetan eta ilustrazioetan erakutsi ziren. Estatu ilustratuek aukera handiak ikusi zituzten botanikaren sustapenean, garapen zientifikoa interes politiko eta komertzialekin bateratzeko aukera ematen baitzuen.

Botanikarekiko interesa laster zabaldu zen zientziaren mundutik kanpoko beste esparru batzuetara,  besteak beste, ehungintza eta zeramika diseinura; naturaren behaketa motibo dekoratibo bihurtu zen.

Edertasunaren lerroa

1740ko hamarkadatik aurrera, diseinuen naturalismoak rokoko estilo berrirantz eboluzionatu zuen, arintasuna eta fintasuna ezaugarri dituena. Lore motiboak urritu egin ziren, estilizatuago bihurtu ziren, eta lore sorta, girlanda edo uhin formako zinta lerro-makurretan agertzen ziren. Konposizio haiek S forma bihurria hartu zuten, William Hogarth teorikoak «edertasunaren lerroa» deitu ziona.

Loreek eta hondoek pastel kolore leunak hartu zituzten, sentsualitate sentsazioa indartzen dutenak, eta beren jatorria gogorarazten duten izenez deskribatu ziren, hala nola pompadour arrosa, zeru kolorea edo zeladoi berdea.

Ilustrazioko loreak

Ideia ilustratuen garapenak eta mundu klasikoaren berraurkikuntzak, aldaketa estetiko handia ekarri zuten rokoko estiloarekiko. Jantzien eta ehunen itxura sinplifikatu egin zen eta haien landare-dekorazioak -bai eskematikoak, bai azalpen botanikoen gisako xehetasunak zituztenak- modu arrazionalean antolatu ziren. Ehunetan protagonismoa galdu zuten landare motiboek, eta elementu geometrikoei eta brodatutako sortei eman zieten bidea.

Ekialdeko lorategiak

XVII. mendetik aurrera, indiana ehunak (India eta Ekialde Ertainetik zetozen ehunen fenomenoa) Europan zabaltzen hasi ziren, goraka zihoan merkataritza trukearen bidez. Kanpo merkataritzara bideratzeko egiten zirenez, motibo horiek laster batu ziren mendebaldeko gustuarekin, eta, azkenik, indianak Europan imitatu ziren. Europan egindako lehen estanpazioek landare diseinu oso sinpleak dituztela antzeman daiteke, teknikaren kontrolaren hastapenari dagozkionak.

Landako festa

Rokokoan jai galaien generoa garatu zuten, gizakiak landaz gozatzeari erreferentzia egiten diona. Bertan, Arkadiaren mito klasikoa errepikatzen da: gortesauaren eta artzainaren arteko elkarbizitzaren paisaia bukolikoa. XVIII. mendearen azken herenean, gizakiaren eta naturaren arteko lotura poetikoa mantendu egin zen ideia filosofiko ilustratu berriei esker. Jean-Jacques Rousseauk gizakiaren berezko ontasuna defendatu zuen basati onaren mitoaren bidez, eta jatorrizko betetasun eta zorioneko leku bihurtu zuen landa.

Ikusi egitarau osoa


  • DataEkainak 6
  • Gaia Ikusizko arteak, Musika