Biztanleen parte-hartze kulturalaren argazki xehatua emango duten adierazleak eskuratzea izan da ikerketaren helburu nagusia. Nafarroan bizi diren 15 urtetik gorako 1.350 laguneko lagin adierazgarri bati aplikatu zaio inkesta. Bizilekuudalerriaren tamainaren, adinaren eta euskararen ezagutzaren arabera haztatu da inkesta; horrek aukera ematen du, biztanleria-taldeen arabera, parte-hartze kulturalaren gizartebanaketa ezagutzeko.
Bi aurrekari ditu txostenak, orain dela bost urteko Euskal Herriko parte-hartze kulturalari buruzko inkesta 2019 eta Euskal Herriko kultura-ohitura, praktika eta kontsumoen inkesta 2007-2008, Kulturaren Euskal Behatokiak bultzatutako lehenengo estatistika-operazioa. Biztanleriaren kultura-praktika nagusien azken hamabost urteetako bilakaeraren irakurketa alderatua egiteko aukera dago, beraz.
Sei atal ditu txosten honek. Lehenengoan, erabilitako laginari buruzko zehaztapenak ematen dira. Bigarren atalean jasotzen dira: biztanleriak parte-hartze kulturalaren inguruan dituen jarrerei, ematen dion garrantziari, kulturari buruz duen informazioari eta kultura-praktikak egitera bultzatzen duten motibazioei buruzko adierazleak.
Hirugarrenean, antolatutako kultura-praktiken inguruko xehetasunak jasotzen dira: eszenikoak eta musikalak, ikus-entzunezkoak, irakurketari dagozkionak eta museoekin eta ondarearekin lotutakoak.
Laugarren atalak kultura-praktika ez profesionalak edo amateur mailakoak deskribatzen ditu, kulturaezagutzak eta baliabideak eskuratzeari eta alor horretako prestakuntzari dagozkion azalpenak ematen ditu eta kultura-elkarteetako partehartzea ere aztertzen du.
Gaur egungo parte-hartze kulturala ezagutzeko funtsezko diren praktika digitalen inguruan sakontzen du bosgarren atalak. Seigarrenak, euskarazko praktika kulturalak azaltzen ditu, arreta berezia eskainiz euskararen lurralde ezberdinen arteko alderaketari.
