Tuberkulosi kopuruak behera egin du Euskadin, eta ome-k intzidentzia baxuko herrialdeetarako ezartzen duen mugatik behera dago

Argitalpen-data: 

Intzidentzia-tasa 11,24koa zen 100 mila biztanleko 2019an, eta, 2021ean, 8,34koa 100 mila biztanleko, 2010etik sekula izan den balio minimoena

 

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak zaintza epidemiologikoko unitateetako profesionalen lanari eta Euskadiko tuberkulosi-programari esker jaitsi dela esan du eta, aldi berean, gaixotasun horren aurrean adi jarraitzeko eskatu du

 

 

 

 

Euskadin tuberkulosiaren intzidentziak behera egin du azken hiru urteotan: 11,24koa zen 100 mila biztanleko 2019an, eta, 2021ean, 8,34koa 100 mila biztanleko; alegia, OMEk intzidentzia baxuko herrialdeetarako ezartzen duen mugatik behera dago. Hala jasotzen du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak prestatu duen txosten batek; haren datuen berri eman du gaur, bihar Tuberkulosiaren Mundu Eguna dela aprobetxatuta.

 

Tuberkulosia bakterio-jatorriko patologia infekziosoa da, eta, nagusiki, biriketan erasaten du, eta arnasbideetatik transmititzen da, baina kutsatutako pertsonen % 10ek baino ez dute garatzen gaixoa. Garrantzitsua da nabarmentzea gaixotasun arrunta dela, eta tratamendu oso eraginkorra duela; normalean, ondoriorik gabe osatu ohi da, baldin eta tratamendua behar bezala egiten bada. Hala, honako sintoma hauek izanez gero, pertsonal sanitarioarekin kontsultatu behar da: eztula izatea hiru aste baino gehiago, sukarra izatea edo gauetan izerdia botatzea, besteak beste.

 

Euskadin Tuberkulosia Kontrolatzeko Programaren helburu nagusiak dira kasuak sasoiz detektatzea eta tratamendu egokia ematea, eta, horretarako, arrisku-faktoreetan arreta berezia jartzea: tabakismoa, diabetesa eta immunoezabatzea. Euskadin, tuberkulosiaren 246 kasuren berri izan zen 2019an; 238 kasuren berri 2020an, eta 183rena, 2021ean. Azken urte horretakoa bilakaera-seriearen balio minimoa da 2010etik. Hamaika urteko aldi horretan, intzidentzia-tasa handiagoa izan da gizonetan emakumeetan baino; gizonen kasuan % 6 egin du behera urtean eta, emakumeetan, % 7 urtean.

 

 

 

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak datu horiek positiboak direla esan du, baina, aldi berean, adi jarraitzeko eskatu du, batetik, tuberkulosia duten pertsonak ez estigmatizatzeko, eta, bestetik, nazioarteko komunitate zientifikoak ezarritako helburuetan aurrera egiten jarraitzeko, osasun-arloko gizarte-desberdintasunak murriztea barne. Hori horrela, eskerrak eman ditu zaintza epidemiologikoko unitateek egiten duten lanagatik, bai eta Euskadiko Tuberkulosi Programan parte hartzen duten profesional guztiek egiten dutenagatik ere: kasuak kudeatzen dituzten erizainak eta Pneumologiako, Gaixotasun Infekziosoetako, Barne Medikuntzako, Prebentzio Medikuntzako, Mikrobiologiako, Lan Osasuneko, Pediatriako eta Lehen Mailako Arretako profesionalak.

 

Lan hori da, esan duenez, tuberkulosiaren intzidentzia txikitzea ekarri duena, bai bertako herritarrengan bai atzerritarrengan, eta, gainera, azken hiru urteotan tratamenduarekin behar bezala amaitu zuten kasuen ehunekoa % 85etik gorakoa izan zela esan du, eta, aldi berean, GIBagatiko koinfekzioen detekzioak nabarmen egin zuela hobera, 2019an % 43koa baitzen eta, 2021ean, % 86koa.

 

         

Argibide gehiagorako: https://www.euskadi.eus/informazioa/tuberkulosia-gaixotasuna/web01-a2gaixo/eu/

 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 23a