Jokin BIldarratzek Hondarribiko Talaia ikastetxe publikoa bisitatu du

Argitalpen-data: 

  • Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ikastetxe honek duen hezkuntza-proiektua eta darabilen ikasketa kooperatiboko metodologia ezagutu ditu
  • Hondarribiko Talaia Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak 800 ikasle inguru ditu ikasturte honetan

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Hondarribiko Talaia Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxera egin du bisita gaur goizean. Bertako zuzendaritza taldearen eskutik, eskolako instalazioez gain, Talaia ikastetxe publikoak bultzatzen duen hezkuntza-proiektua ezagutu ahal izan du. Sailburuarekin batera, bisitan parte hartzaile izan dira herriko alkate Txomin Sagarzazu eta Gipuzkoako Hezkuntza lurralde ordezkari Amaia Urzelai ere.

2022-2023 ikasturte honetan, Hondarribiko Talaia Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak 800 ikasle inguru ditu, 2 eta 12 urte bitartekoak, ikastetxea osatzen duten hiru eraikinetan banatuta. Guztira, hezkuntzako 90 profesional arduratzen dira ikasle horietaz.

Talaia Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak ilusioz beteriko unea bizi du egunotan; izan ere, bertako instalazioetan ia-ia amaituta baitaude espazio berriak egokitzeko egiten ari diren lanak. Bertako zuzendaritza eta irakasle taldea ikastetxe honetan urteetan ezartzen ari diren hezkuntza-proiektuarekin eta metodologia berritzaileekin guztiz bat datozen espazio berrituak ditu Talaiak.

Espazio berritu eta egokitu hori, hainbat gune edo txokotan banatzen da, ikasleek gune horietako bakoitzean egingo duten zereginaren edo lanaren arabera (taldean lan egitea, informazioa bilatzea, aurkezpenak egitea, ikus-entzunezko edukiak eta multimedia-edukiak sortzea…). Nolanahi ere, espazio argiak eta malguak dira, ikasleen arteko parte-hartzea, elkarrekintzak eta eztabaida sustatzen dutenak. Altzari mugikorrak eta moldakorrak dituzte, baita gailu digitalak ere ikaskuntza-prozesua gauzatzeko. Azken batean, ikaskuntza formalaren eta informalaren arteko muga gainditu nahi dute.

Baina berrikuntza eta eraldaketa metodologikoa ez dira berriak Talaian, eta ez dira hutsetik abiatzen gai horretan. Talaia HLHIk urteak daramatza ikasgeletan ikasketa kooperatiboa lantzen; Hondarribiko ikasleentzat proiektuen bidez ikasteko esperientzia ez da batere arrotza; eta urteak dira Talaia Telebista eta Talaia Irratia, lan-tresna bat gehiago bailiran, ikasgeletako jardueran integratuta daudela. Bertako ikasleek badakite zer den partekatuz, lankidetzan arituz eta elkarreraginean ikastea. Orain, espazio egokitu berriek aukera emango diote ikastetxeari bere berrikuntza metodologikoa modu integratuagoan ezartzeko, egunerokoan ikasgelan egiten duten lanaren luzapen gisa.

Informazio gehigarria