Jendaurrean jarri da Zadorra ibaiaren uholdeetatik babesteko IV. faseko proiektua

Argitalpen-data: 

Zadorrako lanen infografia
  • Forondako aireportua eta Asteguieta eta Krispijana guneak defendatu nahi dira
  • Lizitaziorako aurreikusitako oinarrizko aurrekontua 7,3 milioi eurokoa da, BEZa barne, eta gauzatzeko epea 20 hilabetekoa da.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako URA-Uraren Euskal Agentziak otsailaren 3an jendaurrean jarri du Zadorra ibaiaren uholdeetatik babesteko IV. faseko obra-proiektua. Proiektuaren helburua Zadorratik Forondako aireportura eta Asteguieta eta Krispiñako guneetara heltzen diren ur-goraldietatik babestea da. Horiek gauzatzeko, lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 7,3 milioi eurokoa izango da, BEZa barne, eta obrak hasten direnetik 20 hilabeteko epea izango da.

Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER 2021-2027) finantzazioa jasotzen du.

Proiektuaren dokumentazioa (leiho berri batean irekitzen da) URAren webgunean dago eskuragarri, eta alegazioak Eusko Jaurlaritzaren erregistro elektroniko orokorrean edo Uraren Euskal Agentziaren bulegoetan aurkeztu ahal izango dira. Proiektua aztertu eta alegazioak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa da, aldizkari ofizialean argitaratzen denetik martxoaren 3ra arte.

Alde batetik, aireportuko hegoaldeko esparrua eta pistaren azken zatia defendatzea aurreikusten da, ur-goraldi errepikakorrei aurre eginez. Aireportua azpiegitura kritikotzat jotzen da, eta beharrezkoa da haren eraginkortasuna bermatzea ur-goraldietan.

Proiektatutako babesaren bidez, 840 m inguruko luzera izango duen lubeta bat eraikiko da, 2,59 m-ko gehieneko garaierarekin, eta batez besteko 1,68 m-ko  altuerakoa. Jarduketa horren bidez, aireportuaren hegoaldean dauden uholde-arazoak ezabatuko dira, balizen eremua babestuz. Gainera, ur-goraldietan aireportuaren eraginkortasuna bermatzen da, zerbitzu kritiko batean uholdearen erasana saihestuta.

Bestalde, Astegietako herrigunea eta Apaolaza industrialdea uholdeetatik  defendatzea aurreikusten da. Proiektatutako babesaren bidez, 1400 m inguruko luzera izango duen eta gehienez 2,48 m-ko altuera izango duen lubeta bat eraikiko da, eta batez besteko altuera 1,88 m-koa izango da.

Ur-goraldiak hiri-eremuan sar ez daitezen, beharrezkoa da Zuatzu ibaiaren trazadura egokitzea, hura bideratuz eta aire zabalean irekiz. Parez pare, egungo trazadura aldatzeko asmoa dago, Zadorra ibaiaren meandro berreskuratura bideratzeko. Meandro hori erabiltzen ez den merkataritza-gunearen hegoaldean dago, eta duela gutxi berreskuratu da.

Azkenik, defentsa-lanak egiten dira Krispiñan ere. Zehazki, trenbidearen iparraldean dauden etxebizitzak babesteko. Proiektatutako babesaren bidez, 333 m inguruko luzera izango duen eta 1,31 m-ko gehieneko garaiera izango duen mota bat eraikiko da. Batez besteko altuera 0,82 m-koa izango da, aurkeztutako zeharkako profilen arabera.