Informazio publikoa eskuratzeko herritarren eskaeren kopuruak gora egin du (Gobernu Bilera 2023-4-18)

Argitalpen-data: 


      fotoconsejo.jpg
  •  Informazio publikoa eskuratzeko mekanismoak eta publizitate aktiboko tresnak indartu direla berretsi du gaur Gobernu Kontseiluak onartutako 2022ko balantze-txostenak 

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean eta sektore publikoan gardentasuna ezartzeak goranzko joerari eutsi dio azken urtean ere. 2022. urteari buruzko Gardentasunaren balantze txostenaren arabera, bai informazio publikoa eskuratzeko eskubideak bai publizitate aktiboak hobera egin dute azken urtean. Honenbestez, pertsona orok administrazio publikoen esku dagoen informazio publikoa eskuratzeko duen eskubidea bermatzen duen gardentasun eredua indartu da. Hala erakusten dute, besteak beste, Gardena gardentasun atarira egindako bisiten datuek, eta baita Legegunea webguneak, Open Data Euskadik (datu irekiak eta berrerabilgarriak eskaintzen ditu) edo kontratatzailearen profilak emandako datuek ere.

Informazio publikoa eskuratzeko prozeduran urtetik urtera jasotako eskaeren kopuruak gora egin duela ikusten da, baina 2022an %3,31 murriztu da 2021. urtearekin alderatuta (Covid-19ak eragindako ezohiko egoera bat gertatu zen, informazio eskaera gehiago egin baitziren). Hala ere, 2020an baino 120 eskaera gehiago egin dira, eta 2019an baino 142 gehiago. Sail guztiak inplikatu dira prozeduran, baina Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak (eskaeren %28,9), Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak (%20,8), Osasun Sailak (%17,7) eta Segurtasun Sailak (%9,6) jaso dituzte eskaera gehien. 

Sail guztiak inplikatu dira prozedura horretan, baina Gobernantza Publikoa eta Autogobernua, Ekonomiaren Garapena, Iraunkortasuna eta Ingurumena, eta Osasuna dira eskaera gehien jaso dituztenak. 

Sailburuak jakinarazi duenez, jasotako eskaerei erantzuteko epea murriztu egin da iaz, eta 23,8 egun baliodun ingurukoa da batez beste, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legeak ezarritako hilabeteko epea baino txikiagoa, epe hori igarota ezetsitzat joko baita. 

Hona hemen Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak egindako eta gaur Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak Gobernu Kontseiluan aurkeztutako txostenaren ondorioetako batzuk. Txostenak EAEko Administrazio Orokorrean eta haren sektore publikoan gardentasunaren ezarpen mailan jartzen du arreta, publizitate aktiboaren eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen alderdi bikoitzean. Olatz Garamendi buru duen sailak gardentasunaren eta gobernu onaren arloan sentsibilizazioa sustatzea erabaki du, eta, horretarako, hobekuntzak egiten ditu irisgarritasunean, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko eta eskainitako informazioa eguneratu eta handitzeko. 

Azterlanak nazioarteko estandarretan ezarritakoa betetzeari dagokionez egindako lana nabarmentzen du, eta, ildo horretan, azpimarratzen du azken urteotan Eusko Jaurlaritzak posizio nabarmena izan duela nazioarteko gardentasunaren arloan aintzatetsitako erakundeek egindako neurketetan. 

Gardena eta Open Data Era berean, nabarmentzekoa da publizitate aktiboaren arloan oso garrantzitsuak direla Gardena bezalako atariak -publizitate aktiboari buruzkoa- edo Legegunea. Atari horiek espedienteen edukiak argitaratzeko aukera ematen dute izapidetze prozeduran zehar, eta Eusko Jaurlaritzaren baliabide juridikoak biltzen dituzte, herritarrei modu ordenatuan eta sarbide argi eta errazekin emateko. Legegunearen kasuan, datuek erakusten dute erregistroek gora egin dutela, 2021ean 43.566 izatetik iaz 46.446 izatera igaro baitira. 

Open Data Euskadi publizitate aktiboko beste tresna nabarmen bat da, urtez urte zenbakiak hobetzen dituena. Tresna honen bidez, Eusko Jaurlaritzaren esku dauden datu publikoak azaltzen dira, nahi duenak horietatik eratorritako zerbitzuak sortu ahal izan ditzan. 2022ko itxieran, Eusko Jaurlaritzaren eta mendeko erakundeen datu multzoak 8.401 ziren, eta urtebete lehenago, berriz, 6.007. Datu multzo horiei gehitu behar zaizkie beren katalogoan federatzen diren foru eta toki administrazioetako 3.214 datu multzoak (2021ean 1.742 ziren). 

Azkenik, txostenak EAEko sektore publikoak gardentasunaren arloan aurre egin behar dien erronketako batzuk zerrendatzen ditu, besteak beste, Gardentasunari eta herritarren parte-hartzeari buruzko lege proiektua onartzea. Era berean, irisgarritasunean eta argitaratutako informazioaren eguneratzean hobekuntzak ezartzearen alde egiten du, baita irisgarritasunean hobekuntzak ezartzearen alde ere, EAEko erakunde guztiek informazio publikoa eskuratzeko duten eskubidea gauzatzeko, eta hura azkar ebaztearen alde ere bai.

Informazio gehigarria