Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren proposamena, Irunen lehen mailako arreta garatzeko

2023-01-25

Osasun Sailak eta Osakidetzak, Irunen osasun-arreta hobetzeko hartutako konpromisoak betez, bi aldiz adierazi diote udalari herriko lehen mailako arretari dagozkion lehentasunak.


Gotzone Sagardui Osasun sailburuak José Antonio Santano alkatea buru zuen Irungo Udaleko ordezkaritza bati, azaroaren 9an eta urtarrilaren 18an, azaldu zion bezala, Osasun Sailaren lehentasuna Irungo erdigunean zerbitzuak zabaltzea da, bertan biltzen baitira biztanle gehienak.


Osasun Sailaren eta Osakidetzaren ustez, Oinaurre bezalako etorkizuneko hazkunde-eremu batean hirugarren kontsultategi bat irekitzea baztertu gabe, azpiegituretan esku hartzea Irungo herri erdian da beharrezkoena. Osasun Sailaren iritziz, aukerarik onena zerbitzua baldintza onenetan eskaintzeko nahikoa leku izatea da, eta, batez ere, Irungo zerbitzu-zorroa handitzea, herritarrek  beste osasun-baliabide batzuetara bidaltzea saihesteko eta atzerapenik ez izateko. Hau da, helburua da Irunen osasun-zentro moderno bat izatea, lehen mailako arretako zerbitzuen zorroa eta profesionalen ebazpen-gaitasuna handitzeko aukera emango duten instalazio eta teknologia eguneratuekin.


Aukerarik onena izango litzateke 8.500 eta 10.000 metro koadro artean izatea erdigunean instalazio horiek hartzeko. Egungo zentroa handitzeak, zalantzarik gabe, hobetu egingo lituzke lehen mailako arreta emateko baldintzak, baina ia ezingo luke zerbitzu berririk hartu.


Osasun Sailak eta Osakidetzak, gainera, Dumboako osasun-zentroaren barne-berrantolaketa aurreikusten dute, egungo zein etorkizuneko jarduerak garatzeko espazioak liberatzeko.


Hau da, Osasun Sailak, une honetan, hiria hazteko proiektuei lotutako beste proiektu batzuk baztertu gabe, beharrezkotzat jotzen du ekipamendu hobeagoetan inbertitzea Irungo erdigunean, biztanleria gehiena bertan biltzen baita.


Urtarrilaren 18an egindako azken bileraren ondoren, Osasun Saila eta Osakidetza udalak hitzemandako informazio gehiago bidaltzeko zain daude, osasun-ikuspegitik eta zerbitzuak emateari dagokionez, udalak proposatzen dituen hirigintza-alternatibak baloratzeko.