Eusko Jaurlaritzak pentsioen Europako Elkartearen aurrean BGAE-ak aukeztu ditu aurreikuspenaren arloko lidergo-eredu gisa

Argitalpen-data: 


      Lacalle_Donostia_1.jpeg

Sektore Publikoko Pentsio Erakundeen Europako Elkartearen urteko Konferentziaren esparruan, Hernando Lacalle Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen (BGAE-en) ereduaren balioa nabarmendu du, aurreikuspen-lan horren etorkizuneko ikuspegiari dagokionez, eta gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrak duela 40 urte onartu zuela Estatu osoan aitzindaria izan zen eta Euskadiren tradizio historikoari lotuta zegoen arau bat, “auzolana”, hain zuzen.

Jardunaldiaren hasieran, Lacallek adierazi du BGAE-ek funtsezko zeregina dutela egoera ekonomiko pertsonal txarrei aurre egiteko, hala nola langabeziari, ezintasun iraunkorrari, mendekotasunari edo gaixotasun larriari, eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren bigarren zutabea direla.

Etorkizuneko ikuspegi hori fruituak ematen ari da, eta Aurreikuspen Sozial Osagarriko Europako Sistemen Behatokiak —Bartzelonako Unibertsitateak sortutako ikerketa-egiturak— ikuspegi hori aintzatetsi du berriki.

Bere azalpenean, Lacallek BGAE-en egungo dimentsioa testuinguruan kokatzen duten zifrak eman ditu. 2022an BGAE-en ondarea 26.887 milioi eurokoa izan zen. Zifra makroekonomietan emanda, ondare hori gure barne-produktu gordinaren % 31 da. Bazkideei dagokienez, 2022ko abenduaren 31n, 847.887 lagunek parte hartzen zuten guztira —16 urtetik gorako biztanleen % 45ek—.Ematen ari den estaldura-bolumenari dagokionez, iaz ordaindutako prestazioen zenbatekoa 667 milioi eurokoa da, aurreko urtean baino % 6,3 handiagoa. Prestazioetan egindako ordainketaren % 74 erretiro-kontingentziari zegokion, eta % 18 aurreikuspen-erakundean sartutako pertsona baten heriotzagatik jaso zuten onuradunek.

Lacallek nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritza lehentasunezko BGAEak garatuko dituen dekretu-proiektu berria onartzeko zorian dago, inbertsio-esparrua zabaltzeko helburuarekin, trantsizio digitalari, ingurumenekoari eta sozialari lotutako inbertsioei lekua egiteko. Dekretu horrek, zehaztu duenez, “administrazio-gastuak murriztuko ditu, bazkideen pentsioak hobetzeko, eta lehentasunezko sistemak bultzatuko ditu, pentsioak errenta gisa kobratzeko”.

Informazio gehigarria