Eusko Jaurlaritzak babestu egin du DSBEaren onuradunentzako laguntzen kudeaketa arindu eta hobetuko duen lege-proposamena (Gobernu Bilera 2023-3-28)

Argitalpen-data: 


      fotoconsejo.jpg

EAJ/PNV, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU legebiltzar taldeek Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren 14/2022 Legea aldatzeko egindako lege proposamena babestu du gaur Gobernu Kontseiluak. Ekimenak planteatzen du Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen duten pertsonek lehen hiruhilekoan modu automatizatuan jasotzen dituzten zenbatekoak eguneratzea. 

Jaurlaritzak lege proposamena aintzat hartzearen aldeko irizpidea adierazi du, Legeari segurtasun juridiko handiagoa ematen diola eta DSBEaren titularrak eta onuradunak hobeto babesten dituela iritzita. Izan ere, planteatzen den aldaketak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari kudeaketa eraginkorragoa eta arinagoa ahalbidetzen diola uste du, eta hau guztia tresna elektronikoak txertatzeari eta beste administrazio publiko batzuekin lankidetzan aritzeko aukerei esker. 

Eusko Legebiltzarrak iazko abenduan onartutako Legeak urtebeteko aldi iragankorra jasotzen zuen DSBEa jasotzen duten pertsonen zenbatekoak berrikusteko eta eguneratzeko, sistema eta prozesu guztiak eguneratze horretara egokitzeko. Epe hori ez da igaro, baina Lanbide prest dago denbora laburtzeko, eguneratze hori legearen indarraldiko lehen hiru hilabeteetan osatu dadin.

 

 

Informazio gehigarria