Eusko Jaurlaritzak 30.000 euro bideratuko ditu euskarazko hedabideetan beren eraldaketa digitala sustatuko duten proiektu pilotuak garatzeko (Gobernu Bilera 2023-11-14)

Argitalpen-data: 


      fotoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak HEKIMEN-Euskal Hedabideen Elkarteari 30.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea adostu du euskarazko hedabideetan eraldaketa digitala sustatzeko proiektu pilotuak garatzeko 2023an. Proiektu pilotu hauen bidez bilatu nahi dena da etorkizunerako lan-ildoak diseinatzea euskal hedabideak egonkortzeko.

HEKIMEN entitateak bi esperientzia pilotu gidatuko ditu AIURRI eta GAZTEZULO aldizkarietan. Bi hedabide hauek handitzeko aukerak dituzten proiektuak dira, borondatea erakutsi dute ekintza honetan parte hartzeko eta beren jarduera-eremua ere kontutan hartu da beren aukeraketa egiteko (bata tokikoa da eta bestea erkidego autonomo osokoa).

Komunikabide bakoitzak etorkizun jasangarri baterako bere bidea modu pertsonalizatuan garatuko du, baina beren eredua sektorea osatzen duten gainerako komunikabideekin partekatuko da HEKIMEN entitateak egindako aholkularitza lanaren bitartez.

Egin beharreko lanak sei momentu edo zeregin berezitu izango ditu:

  1. Diagnosia: bilera sakonak egingo dira erredakzio taldearekin edukiak ebaluatzeko. Komunikabideak ekoitzitako lanak aztertu eta eduki erakargarriagoak, garrantzitsuagoak eta eragingarriagoak sortzeko aholkuak jasoko dituzte.
  2. Diru sarrerak: hauek handitzeko eta dibertsifikatzeko estrategia proposatuko da paperezko ekoizpenari begira nagusiki. Datozen 5 urteotan sostengarria izatea bilatuko da.
  3. Lan fluxua: indarrean dauden lan fluxuak ebaluatuko dituzte. Lanpostuen berdifinizioa egingo dute eta organigrama proposatuko dute.
  4. Marketing-a: eduki berriak merkatuan ongi txertatzeko egin daitezkeen kanpainak identifikatuko dira negozio eredu berria bultzatzeko eta erabiltzaileen parte hartzea sustatzeko.
  5. Hotline: lau hilabetez kontaktu etengabean egongo dira sor daitezkeen arazoei aurre egin ahal izateko.
  6. Ebaluazioa: urtebete pasa ondoren komunikabideak bisitatuak izango dira eta Plan Nagusiaren inplementazioa ebaluatuko da.

HEKIMEN herri ekimenez sortutako euskarazko komunikabideen elkartea da. Bere baitan euskara hutsez ari diren eta publikoak ez diren komunikabideak biltzen dira “euskarazko komunikabideen” sektorea osatuz. Elkartearen helburu nagusia euskararen hiztun komunitateak eta euskal kulturak behar duten euskarazko komunikabideen eremu komunikatibo sendoa garatzea da.

Informazio gehigarria