Etxebizitza Sailak eta Irungo Udalak babes ofizialeko 60 etxebizitzaren eraikuntza bultzatzen dute Alei auzoan

Argitalpen-data: 

  • Eusko Jaurlaritzak, 2017tik, 16,34 milioi euro inbertitu ditu hirian, 160 etxebizitzaren eta zuzkidura-bizitokien eraikuntzaren bidez
  • Irungo Udala urbanizazioaz arduratuko da, eta horren barruan sartzen da Elizatxo hiribidean beste biribilgune bat eraikitzea, puntu horretan hirirako sarbideak hobetu daitezen

 

 

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Jose Antonio Santano Irungo alkateak babes publikoko 60 etxebizitza garatzeko hitzarmen baten xehetasunak aurkeztu dituzte ostiral honetan udalerriko udaletxean. Hitzarmen horri esker garatuko diren babes publikoko etxebizitzak alokairu erregimenekoak izango dira eta Alei esparruan garatuko dira, hiriko erdialdeko espazio batean. Eragiketa horren bidez, inguru hori biziberrituko da eta herritarrek etxebizitza eskuragarriak izateko premiari erantzungo zaio.

Proiektuak Alei auzoko hiru partzela hartuko ditu, bizitegi-erabilera duten hiri-lurzoruko 12.174 m² guztira. Etxebizitza Saila arduratuko da hirigintzako jarduketa-programa idazteaz, birpartzelazio-proiektua egiteaz eta ondoren eraitsiko diren eraikinen ondoriozko ordezko bizitokiak kudeatzeaz. Era berean, babes akustiko bereziko zona izendatzeko plana idazteaz eta tramitatzeaz arduratuko da, baita eraikuntza-proiektua idazteaz eta eraikuntza-lanak betearazteaz ere.

Sailak, halaber, esparrua urbanizatzeko proiektua sustatuko du. Proiektua bi fasetan gauzatuko da: lehenengo fasean, etxebizitzen ingurua urbanizatuko da eta Eusko Jaurlaritzaren kargura izango da urbanizazio hori; eta bigarren fasean, berriz, Udala arduratuko da sistema orokorra urbanizatzeaz eta Elizatxo hiribidean biribilgune berria sortzeaz, besteak beste.

Hiriko alkate Jose Antonio Santanok azaldu duenez, “Etxebizitzaren arloko garrantzi handiko jarduketa da, baita hiri-jarduketa garrantzitsua ere. Etxebizitza publikoko eskaintza handitzen dugu eta, hirigintzaren aldetik, hirigunera sartzeko zona bat errematatzen dugu. Esparru horretan hobekuntza ugari egin dira eta, orain, hitzarmen honen ondoriozko aukerei esker, hobekuntzak errematatuko dira”.

Iñaki Arriola sailburuak balioa eman dio Irungo ereduari, “herritarren benetako premiei erantzungo dieten proiektuak bultzatzera begira erakundeen arteko elkarlanaren erreferentea da Irun. Borondatea izanez gero, oztopoak nola gaindi daitezkeen eta emaitzak nola lor daitezkeen erakusten duen adibide argia da”, adierazi du. Izan ere, bere Sailak 2017. urteaz geroztik udalerrian egindako 16,34 milioi euroko inbertsioarekin 160 etxebizitza baino gehiago sustatu ditu. Sailburuak nabarmendu duenez, Alei auzoko hitzarmenak frogatzen du Irunen elkarrekin hasitako lanak jarraipena duela.

Sustapen horren bidez, 2021-2023 Etxebizitzaren Gida Planaren eta 2022-2036 Etxebizitzaren Aldeko Itun Sozialaren helburuetan sakontzen da —80 eragilek baino gehiagok sinatu dute itun hori, eta horien artean dago IrunVi—. Itun horretan, herritarrentzat prezio eskuragarria izango duten etxebizitzak eraikitzeko konpromisoa hartu dute erakundeek.

Une honetan, Eusko Jaurlaritzak, Alokabideren bidez, alokairu erregimeneko 228 etxebizitza kudeatzen ditu, eta horietako 107 partikularrek Bizigune programaren bidez eta hileko kanon baten truke lagatakoak dira. Etxebizitza horiei gehitu behar zaie gazteek parke libreko etxebizitza baten alokairua ordaintzen laguntzeko Gaztelagun laguntza —2019tik aurrera, 36 urtetik beherako 207 gazteren emantzipazioan lagundu da (horietatik 144k oraindik ere jasotzen dute laguntza)—. Etxebidek Irunen erroldatuta dauden 1.956 pertsonen etxebizitza-eskaera jaso du, eta % 86k (1.685) alokairu-erregimenean nahi du.

Etxebizitzaren arloko proiektuez gain, Iñaki Arriola buru duen Sailak beste bi arlotako proiektuak ere baditu Irunen: garraioen arloan, trenbide-zabaltza zeharkatzen duen eta etorkizuneko tren-geltokirako bigarren sarbidea sortzen duen hiri-pasabidearen sorreran parte hartzen du; eta, lurralde-plangintzaren arloan, udalerriak hiri-berroneratzearen programa integralean parte hartzen du, antzinako aduana eraikina herritarrentzako ekipamendu bihurtzeko proiektuarekin.