Basque Quantum-en Batzorde Estrategikoa

Argitalpen-data: 

  • Basque Quantum-en helburua da Euskadi Europa Hegoaldeko Teknologia Kuantikoen polo aurreratuen gisa posizionatzea eta sendotzea
  • Euskadi Quantum Computation Center zentro kuantiko berria 2025ean martxan hasteko aurreikuspenarekin ari da lanean proiektuaren Batzorde Estrategikoa
  • Batzordeak egiaztatu du Teknologia Kuantikoen Euskadiko Poloaren helburuak bide onetik doazela

Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua Basque Quantum-en Batzorde Estrategikoaren bileraren buru izan da, gaur arratsaldean Donostian. Basque Quantum konputazio kuantikoaren eremuan Euskadirako proiektu estrategiko bat da. Batzorde horretan Eusko Jaurlaritzak parte hartzen du –zenbait sailen bidez–, bai eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek eta IBM enpresak ere. Gaur elkartu den Batzordearen zeregina da Euskadiko administrazioek Basque Quantum proiektua garatzeko IBM Quantumekin egingo duten lanaren ildo estrategikoak ezartzea.

Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuarekin batera, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan eginiko bileran honako hauek ere parte hartu dute: Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak, Cristina Uriarte Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatuak eta Amaia Esquisabel Eusko Jaurlaritzako Ikerketako zuzendariak. Foru-aldundien aldetik, Gipuzkoaren ordezkari gisa Ane Insausti Sustapen Ekonomiko eta Proiektu Estrategikoen diputatua, Bizkaikoaren ordezkari gisa Ainara Basurko Sustapen Ekonomikoaren foru-diputatua eta Arabaren ordezkari gisa Ander Larrinaga Garapen Ekonomiko eta Berrikuntzaren zuzendaria bertaratu dira.

IBM-tik ere ordezkaritza zabala izan da, arduradun nagusi batzuk tartean zirela, besteak beste: Jay Gambetta IBM-Quantumerako presidenteordea, Mikel Díez IBM-Quantumeko zuzendari globala eta Josselin Milloz berrikuntza kuantikoko zentroen programako zuzendari globala. Era berean, Basque Quantum-eko talde dinamizatzaileak ere parte hartu du, Javier Aizpurua (Materialen Fisikako Zentrokoa) buru zela.

Euskadi, Munduko Teknologia Kuantikoen Polo

Basque Quantum eratzen duten erakundeen helburua da Euskadi Europa Hegoaldeko Teknologia Kuantikoen polo aurreratuen gisa posizionatzea eta sendotzea. Helburu hori betetzeko, lankidetza-esparru egonkorra antolatu da Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien artean, proiektua koordinatzeko eta sustatzeko. Euskadiren eta IBM Quantumen arteko elkarlaneko lan horrek jarduteko lau ardatz estrategiko ditu oinarri: azpiegiturak, bikaintasuneko ikerketa, prestakuntza eta berrikuntza. 

Batzorde Estrategikoaren bileran, Basque Quantum proiektuaren xede nagusiak aztertu dira, eta estrategiarekin lotura duten ekintzen aurrerapen maila partekatu da, erakunde parte-hartzaile guztien artean. Egiaztatu da, proiektuak hasieratik egin duen sei hilabeteko ibilbide honetan, dagoeneko hasieran ezarritako jarduketa-ardatz guztiak daudela abian.

Bikaintasuneko ikerketaren ardatzari dagokionez, deialdi bat egin da Basque Quantumen esparruan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen eta IBM Research-en artean baterako ikerketa-proiektuak abiarazteko, elkarrekin partekatzen dituzten intereseko eremuetan. Horretarako, Euskadiko ikerketa-ekosistemaren eta IBM Researchen arteko elkarlaneko ikerketaren esparrua eta helburu partekatuak adostu eta zehaztu dira, eta bikaintasuneko bi ikerketa-ildotan sartzen diren 6 proiektu hautatu dira. Ikerketa-ildoak honako hauek dira: Error Mitigation for Quantum Dynamics Problems eta Quantum Kernel Methods for Classification and Detection Problems.

Prestakuntzari dagokionez, hezkuntza eta prestakuntza-programak zehazteko esparru partekatu bat zehaztu da, honako maila eta eragile hauei zuzendurik: Ikerketa; Industria eta Zentro Teknologikoak; Unibertsitate Hezkuntza, eta Lanbide Heziketa. Zabalkunderako eta prestakuntzarako zenbait jarduketa antolatu dira eta, haietan, Euskadiko 80 ikertzailek jaso dute prestakuntza konputazio kuantikoko plataforma eta tresnetan.

Azpiegiturak

Azpiegiturei dagokienez, dagoeneko 50 erabiltzaile baino gehiagori IBMren konputazio kuantikoko sistemetara urrunetik sartzeko aukera eman zaie, eta lankidetza-akordioak daude sinatuta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 15 erakunderekin.

IBM hasi da eraikitzen Donostiako Euskadi Quantum Computation Center-en jarriko den ordenagailu kuantikoa (IBM Quantum System One). Bestalde, aurrera jarraitzen dute ordenagailu kuantiko hau hartuko duen Ikerbasque eraikin berriko obrek. Eraikin berria 2025eko lehen seihilekoan amaituta egotea aurreikusten da, eta ordenagailu kuantikoa urte bereko bigarren seihilekoan bertan egotea.

Berrikuntzaren inguruko ardatzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru-aldundien artean dagoen lankidetza estua nabarmendu da bileran; lurralde historiko guztietan irismen globala eta lurraldekoa duten programak abiarazi dituzte, enpresek parte har dezaten enpresa-eremuan konputazio kuantikoak inpaktua izateko proiektuetan. Xede horrekin, elkarrizketak hasi dira zenbait enpresa eragilerekin, konputazio kuantikoan oinarritzen den berrikuntza-prozesua bizkortzeko.

Basque Quantumen Batzorde Estrategikoaren gaurko bilera egiteko, atzo lan-jardunaldi trinkoa izan zen Hezkuntza Saileko arduradunen, IBM Quantumen taldearen eta Basque Quantumen talde dinamizatzailearen artean, Batzorde Exekutibo gisa.

Basque Quantum

Basque Quantum-ek, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta IBMk elkarrekin sustatutako estrategiak, teknologia kuantikoen ikerketarako zentro bat garatuko du Euskadin. Horrela, Euskadik “IBM Quantum System One” ordenagailua hartuko du, munduko seigarren superordenagailu kuantikoa, IBMk bultzatutako nazioarteko sare bati atxikia. Honek aukera emango dio Euskadiri zientzia-arlo estrategikoenetako bateko ikerketa mundu mailan gidatzeko. Estrategia honen bidez, Euskadik Estatu Batuak, Alemania, Japonia, Kanada eta Hego Korearekin bat egiten du, kuantika arloko ikerketan.

Euskal erakundeen eta IBMren arteko aliantzaren helburua da gaur egun oraindik mugatzen zaila gertatzen den potentziala duten teknologia hauei bultzada ematea. Ikerbasqueren etorkizuneko eraikinean kokatuta, IBM-Euskadi Quantum Computation Center izango da proiektuaren ikerketa-ekintzaren epizentroa.

Ordenagailu kuantikoa funtzionamenduan hasi ere egin gabe dagoela, Euskadiren eta IBMren arteko aliantzak Euskadik nazioarteko panorama zientifikoan duen prestigioa sendotzea ekarri du. Gainera, teknologia kuantikoen bultzadari esker, ikerketa-profesionalen harrobi bat sortu ahal izango da, alor hori gidatuko duena.

Guztira, Basque Quantum-ek 120 milioi eurotik gorako zuzeneko inbertsioa du aurreikusia 2028ra arte, kide dituen euskal administrazioen artean. Zenbateko hori euskal erakundeek azpiegitura zientifiko batean orain arte egindako inbertsiorik handiena da.

 

Informazio gehigarria