Artolazabalek Eusko Jaurlaritzan orain arte egin dituen sei urteen balantzea egin du, eta Berdintasuneko lehen sailburu den aldetik duen eginkizuna, espetxeen kudeaketa, migrazioa eta biktimekiko hurbiltasuna nabarmendu ditu

2023-02-02

  • Sailburuak, era berean, etorkizuneko analisi bat egin du, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan: “Gizarte-politikek jarraituko dute lehentasunezkoak izaten; izan ere, EAEko familia eta herritar batzuk ez daude egoera onean”
  • Lehengo Arana klinikan proiektatutako zentroari dagokionez esan du ez dutela baztertzen plaza kopurua handitu behar dela, baina elkarrizketa eskatzen dutela
  • Gaur egun, Oinarrizko Beharretarako Premiazko Arreta programak, Gurutze Gorriak kudeatzen duenak, 1.609 eskabide jaso ditu, 717 balioespen egin dira eta 200 entrega inguru egin dira

Vitoria-Gasteiz, 2023/02/02

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzan azken bi legegintzaldietan egin duen bidearen balantzea egin du, lehendabizi, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu gisa eta, orain, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu den aldetik eginikoaren balantzea.

Sei urte baino gehiago izan dira, eta sailburuak lau xede nabarmendu ditu: EAEko historiako Berdintasuneko lehen sailburua izatea; espetxe-arloko eskumena bereganatu izana; 2018ko ekainean EAEra iristen hasi ziren iragaitzazko migratzaileei eta gerretatik ihesean dabiltzan pertsonei arreta ematea, eta izaera orotako biktimekiko hurbilketa, giza eskubideen ikuspegitik.

2016ko azaroan Artolazabalek kargua hartu zuenetik, zenbait arlo kudeatu ditu Jaurlaritzan: enplegua, inklusioa, gizarte-politikak, migrazioa, erronka demografikoa, gazteria, berdintasuna, espetxe-arloa, justizia, bizikidetza, giza eskubideak, etab.

Xabier García Ramsden-ek Radio Euskadiko Boulevard saioan egin dion elkarrizketa batean, sailburuak etorkizunari ere begiratu dio, eta honako hau nabarmendu du: “gizarte-politikek jarraituko dute lehentasunezkoak izaten; izan ere, EAEko familia eta herritar batzuk ez daude egoera onean”. Sailburuak esan du bi legegintzaldi hauetan, haren saila beti saiatu izan dela “pertsonei laguntza ematen, irtenbideak eskaintzen. Eta egoera konplexuei egin behar izan diegu aurre: pandemia bat, Ukrainako inbasioa, finantza-krisiaren ondorioak… Gizarte-erakundeen eta bestelako erakundeen eskutik joan gara, eta oso harro nago horretaz”.

Artolazabalek nabarmendu du bera izan dela Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko lehen sailburua, “eta horrek asko pozten nau, emakume eta feminista naizen aldetik”. “Eremu horretan, Berdintasun Lege berria sustatu dugu, bai eta Berdintasunaren aldeko Itun bat ere, gizarteko eragile askoren inplikazioarekin. Eta, oraintsu, Genero Indarkeriaren aurkako Erakundearteko III. Akordioa sinatu dugu”, nabarmendu du.

“Ezin dut xede bakarra aukeratu; hori da semea edo alaba nor nahi duzun gehien galdetzea bezala. Nik, urteotan, asko ikasi dut, bai politikari gisa, bai kudeatzaile gisa, bai pertsona gisa”, esan du.

Vitoria-Gasteizen lehengo Arana klinikan asilo-eskatzaileentzako zentro bat sortzeari buruz galdetu diotenean, Artolazabalek azaldu du, gaur-gaurkoz, Eusko Jaurlaritzak ez duela, oraindik, proiektu horri buruzko zuzeneko informaziorik. “Ez diogu plaza kopurua handitu behar ez denik”, esan du, “baina elkarlanean jarraitzeko aldarrikatzen dugu. Estatu-mailako eskumena bada ere, EAEn Estatuko harrera-sistema plaza gehiagorekin osatu dugu, eta hala egiten jarraituko dugu, zalantzarik gabe. Guk elkarrizketa aldarrikatzen dugu”.

Puntu horretan, positibotzat jo ditu Gobernuko Ordezkaritza eta PSE hirugarren sektore sozialarekin eta herritarrekin izaten ari diren informazio-bilerak: “Nire iritziz, hura egin behar da: informatu. Ondo legoke Eusko Jaurlaritzarekin ere hala egitea, begiruneagatik baino ez bada ere”.

Sailburuak, era berean, muturreko kalteberatasun-egoeran dauden pertsona eta familien oinarrizko beharrei premiazko arreta emateko programa berria aipatu du. Duela aste gutxi aurkeztu zen eta Euskadiko Gurutze Gorriak kudeatzen du. “Urtarrila itxita, 1.609 eskabide jaso ditugu, eta 717 balioespen egin dira, guztira; 200 entrega inguru bete dira dagoeneko edo betetzear daude.                                          

Espetxeen eskumena eskualdatzeari dagokionez, Beatriz Artolazabalek honako hau esan du: “ez dut uste eskualdatze kaotikoa izan denik, batzuek behin eta berriz esan duten bezala. Geure ereduaren alde egin dugu lan, eta urratsak ematen ari gara. Beste arlo batzuk geure gain hartzean ere, hala nola osasuna edo enplegu-politika aktiboak, kontua ez zen erraza izan. Denbora eta lana behar dira. Baina bideratuta gaude”.

EAEko herritarrek ijitoen gainean dituzten pertzepzio eta jarrerak neurtzen dituen Ikuspegiren lehen barometroari dagokionez, Sailburuak nabarmendu du EAEko gizartea antigitanismoaren kontziente dela eta “Antigitanismoaren aurkako Itun Sozial” bat sustatzeko tresna dela.

Zehazki, sailburuak zuzentzen duen Sailak konpromisoa hartu du 2023an proiektu horri ekiteko, bai eta Tratu Berdintasunari eta Bazterkeriarik Ezari buruzko Lege Aurreproiektua prestatzen hasteko ere, antigitanismoa izango duela ardatzetako bat.