TMS programak 717.000 euro bideratzen ditu turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzetara (Gobernu Bilera 2022-3-22)

ctp.jpg

2022-03-22

Turismoa Merkaturatzeko eta Sustatzeko TMS programaren helburua turismo-produktu berriak eta turismo-proiekzio handiko ekitaldiak diseinatzea, abian jartzea, sustatzea eta merkaturatzea da. Euskal Autonomia Erkidegoaren kokapen turistikoa finkatzea du helburu.

Ekitaldi honetan, TMS programara bideratutako aurrekontua 717.000 EUROKOA da. Zenbateko hori hainbat laguntza-lerrotan banatuko da.

Helburuen artean, Euskadin garatzen diren turismo-produktuak sortzen eta abian jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzea dago; zehazki, Euskadin garatzen diren eta turismo-proiektu lehiakor, arduratsu eta iraunkorrak garatzen, merkaturatzen eta gure helmuga bereiziko duten baliabideak bultzatzen laguntzen duten ekimenak. Bestalde, diruz lagundu ahal izango dira Euskadin egiten diren kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiak, proiekzio nazionala eta nazioartekoa dutenak, Euskadiren irudia eta posizionamendu turistikoa sendotzen laguntzen dutenak. Atal honetan, turismo-helmuga eta Euskadi Basque Country marka sustatzen eta Euskadi turismo-helmuga seguru gisa finkatzen laguntzen duten ekitaldiak bultzatuko dira. COVID-19 pandemiak sortutako egoeraren aurrean, ekitaldiak presentzialak, birtualak edo hibridoak izan daitezke.

Aurreko deialdiarekin alderatuta, bi aldaketa esanguratsu daude. Euskadin garatzen diren turismo-produktuak sortzeko eta abian jartzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko laguntzari buruzko atalari dagokionez, eta pandemiaren ondoren sortzen den esparru berriari erantzuteko, dagoeneko sortuta dauden turismo-produktuen birorientazio estrategikoari, marketin-plan baten diseinuari eta prestaketari buruzko gastuak sartu ahal izango dira. Euskadin egiten diren kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldietan, proiekzioa nazioan eta nazioartean dutenak eta Euskadiren irudia eta posizionamendu turistikoa sendotzen laguntzen dutenak, eta Euskadi Basque Country marka turistikoaren eraginean emaitza hobeak lortze aldera, beharrezkotzat jotzen da gutxienez 5. edizioa ospatzen duten edota hiru egun baino gehiago irauten duten ekitaldiak modu esanguratsuan babestea.

Proiektuak baloratzerakoan, Sailaren esperientzia-programen ildoekin bat datozen turismo-produktuak lehenetsiko dira, bereziki enogastronomiarekin, irteerekin, ibilbideekin, bilerekin, euskal itsasertzarekin, naturarekin eta kulturarekin lotutakoak.