"PASIRA", bueltan dira ibilbide osasungarriak

Argitalpen-data: 

Mugiment Idazkaritza Teknikoa.

irudia - "PASIRA", bueltan dira ibilbide osasungarriak

Azkoitiko Udala iaz hasi zen ibilbide osasungarriak antolatzen esperientzia pilotu gisa, eta orain, egitasmoa finkatu nahian, PASIRA jarri du martxan. Azaroaren 25ean egin zuten lehenengo irteera eta geroztik 4 irteera egin zituzten gabonak aurretik. Gabonetako geldialdia eta gero, pasa den ostegunean berrekin zitzaien ibilalditxoei.


PASIRA ekimenaren helburua azkoitiarren artean jarduera fisikoa sustatzea, egunerokotasunean ibiltzeko ohiturari heltzea eta herritarren arteko harremanak sendotzea dira. Horretarako, ostegunero goizeko 10:00etan Udal Liburutegi aurrean elkartzen dira ibilalditxo bat egiteko. Ibilaldietan laguntzaile gisa parte hartzen dute Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleek.

Partaideek iraupen ezberdineko bi ibilbide dituzte aukeratzeko. Ibilbide laburrena egiten dutenek Liburutegitik atera eta Juin kalera joango dira, beilatoki parera. Handik, Trenbidearen Zumardiatik Intsaustira eta bueltan, berriro, Aizkibel Liburutegira.

Bigarren ibilbidea hautatzen dutenek Aizkibel Liburutegitik Juin kalerainoko bidea egingo dute eta handik igerileku irekietara. Igerilekuetatik Herriko Plazaino jarraituko dute eta Aizkibel Liburutegian emango diote amaiera joan-etorriari.

Ibilbide hauetan parte hartzeko ez da aurrez izenik eman behar, nahikoa da 10:00etan Liburutegi aurrean azaltzearekin.