Mondragon Unibertsitateko 2022-2023 ikasturteari hasiera eman dio Lehendakariak

2022-09-16

  • Mondragon Unibertsitatearen 25. urteurrenarekin bat eginez, Lehendakariak eskerrak eman ditu erakutsitako prestasunagatik, eta elkarrekin aurrera egiteko borondatea adierazi du “gazteei eta gizarteari eskaintzen diegun zerbitzua hobetzen jarraitzeko”

  • Lehendakariak MUko komunitateak azken krisietan izandako erantzukizuna eta erantzuna nabarmendu ditu, eta” unibertsitatearen jarrera” eta “jarrera kooperatiboa” aplikatuz aurrera egitearen alde agertu da

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz lagun, buru izan da Mondragon Unibertsitateko 2022-2023 ikasturtearen hasiera-ekitaldian. Joan den ikasturteko memoriaren irakurketarekin hasi da jarduna, eta ondoren Goi Eskola Politeknikoko irakaslea eta ikertzailea den Jose María Canales doktoreak lezio magistrala eman du, eta Vicente Atxa MUko errektoreak eta, azkenik, Iñigo Urkullu lehendakariak hitzaldiak eman dituzte.

Mondragon Unibertsitatearen 25. urteurrenarekin bat eginez, Lehendakariak urte hauetan erakutsitako jarrera eskertu du, erakundeekiko eta gizartearekiko lankidetza-kultura zabaltzen lagundu duena, hain zuzen. “Auzolana eta lankidetza errotzen, sustatzen eta areagotzen jarraitu behar dugu, profesionaltasun-, erantzukizun sozial- eta lankidetza-balioak lehenetsiz. Euskal Unibertsitate Sistemako kideok elkarrekin aurrera egin nahi dugu, gazteei eta gizarteari ematen diegun zerbitzua hobetzen jarraitzeko”, adierazi du. Hala, gizartearen erronkak identifikatzeko eta unibertsitateekin zein agenteekin adostutako politika eraginkorrak ezartzeko gaitasuna aldarrikatu du Urkulluk.

Azken aldiko krisien testuinguruan, Lehendakariak Mondragon Unibertsitateko komunitatearen erantzukizuna eta erantzuna nabarmendu ditu, eta “jarrera unibertsitarioa” eta “jarrera kooperatiboa” aplikatuz aurrera egitearen alde agertu da. “EAEko gobernu eta erakunde gisa egiten dugun lana lankidetza- eta berrikuntza-bide hori babestean oinarritzen da. Berrikuntza baita garapen-motorra”, azaldu du.

Urkullu Lehendakariak 2023-2026 Unibertsitate Sistemaren Plan berria ere izan du hizpide, eta lau gako nabarmendu ditu: Gaitzea, Lankidetza, Nazioartekotzea eta Inpaktatzea. “Hezkuntzaren arloko ikerketa eta berrikuntza uztartzeko erronkari erantzuten jarraituko dugu. Bikaintasuneko ikerketa-taldeak sustatuko ditugu. Esparru horiek funtsezkoak dira gure gizartearentzat eta euskal unibertsitate-sistemarentzat”, esan du.

25. urteurren honetan, Mondragon Unibertsitateak, administrazio publikoekin eta eragile ekonomiko eta sozialekin lankidetzan, errealitate bihurtu du Bilbao AS Fabrik proiektua, birsorkuntza, gizartearekiko lankidetza, prestakuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia batzen dituen hiri- eta unibertsitate-proiektua. Lehendakariaren arabera, “unibertsitateak gizartean duen eragin-ahalmenaren eta bokazio eraldatzailearen erakusgarri” nabarmena da.

Bilbao AS Fabrik egin da ekitaldia eta bertan izan dira, besteak beste, Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejeria, Gobernuko Ordezkari Denis Itxaso, Bizkaiko Diputatu Nagusi, Unai Rementeria, Mondragon Korporazioako Presidente, Iñigo Ucín, eta MUko PresidenteJavier Oleaga.

Eskaintza akademikoa MU

2022-2023 ikasturtea, gradu, master eta doktoregoko 6700 ikasle baino gehiagorekin hasiko du, horietatik 2022 ikasle berriak izango dira. Graduko ikasketetan, 1700 ikasle berri daude. Gainera, aurtengo ikasturtean, graduko 18 titulu eskainiko ditu eta unibertsitate masterretako 19.