Lehendakariordeak ziurtatu du emakumearen erabateko berdintasuna izan behar dela gizarte-justizian eta lehiakortasunean irabazteko motorra

2022-06-22

  • Mendiak Soldata Arrakalari buruzko I. Kongresuari hasiera eman dio gaur, eta bertan desberdintasun hori eragiten duten arrazoiak aztertu eta hausnartuko dira

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak gaur ziurtatu duenez, “dimentsio globaleko prozesu iraultzaile eta eraldatzaile baten erdian gaudela onartzen badugu, emakumearen erabateko berdintasuna izan behar da gizarte-justizian eta lehiakortasunean irabazteko motorra”.

Mendiak Soldata Arrakalari buruzko I. Kongresua inauguratu du Bilboko Euskalduna Jauregian, bera buru duen sailak antolatutakoa. Bertan, bi egunez, desberdintasun hori eragiten duten arrazoiak aztertu eta hausnartuko dira, eta berdintasuna eta talentua enpresaren lehiakortasun-faktore gisa jorratuko dira, besteak beste.

Lehendakariordeak ongietorria eman die bertaratutakoei: Berdintasunerako gune bat, azterketarako, galderetarako eta erantzunetarako esperientzia bat, emakumeen desberdintasunari aurre egiteko konpromisoa hartzen dugun errealitate baten aurrean: “Badira errealitate hori ukatu eta desmuntatu nahi dutenak”, gaineratu du, “Baina ez gatoz espekulatzera, konbikzio eta konpromiso batetik gatoz: ezin da gizarte guztiz demokratiko bat egon, emakumeok eta gizonok ez badugu askatasun bera gure bizitzei eta lanari buruzko erabakiak hartzeko”.

Arrakala dagoela eta negazionismo horri aurre egin behar zaiola azpimarratu ondoren, Mendiak gogorarazi du gizonen eta emakumeen arteko erabateko berdintasuna erronka estrategikoa eta zeharkakoa dela Eusko Jaurlaritzarentzat, eta bere sailetik abian jartzen diren politika guzti-guztien parte dela.

Esate baterako, legegintzaldiaren hasieran ‘Balio bereko lana’ wliburuaren berrargitalpena nabarmendu du, antzekoak izanik lan-tratamendu desberdina duten eta emakumeen kalterako soldata-errealitate desberdinak sortzen dituzten enpleguak identifikatzeko gida. Edo gizartea sentsibilizatzea, gai horri buruzko hainbat jardunaldi eta topaketa eginez, Lan Ikuskaritzak berdintasunaren alde egiten duen lanaz gain. Era berean, gogorarazi du emakumeen ekintzailetza eta lidergo lerro berri bat jarri dela abian enpresetan, sektore maskulinizatuetan emakumeak prestatzeko eta kontratatzeko lehen programa espezifikoa, edo emakumeen gaikuntza digitalerako etorkizuneko proiektua, “zeina kalitatezko enplegua lortzeko gakoetako bat baita, eta, beraz, hobeto ordaindua”.

Ekimen horiek guztiak gehituta, gaineratu du, “Euskadin arrakala hiru puntu murriztea lortu dugu hiru urtean, % 22,6tik % 19,5era igaro gara”, eta, beraz, arrakalaren aurka borrokatzeko dauden tresna berrien ahalmenak zukutzeko deia egin du. Zentzu horretan, “Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren igoera eta behin-behinekotasuna mugatzen duen lan-erreforma, berdintasun-plan berriekin eta soldata-auditoretzekin batera, pizgarri berriak izan behar direla ziurtatu du, Espainiako eta Euskadiko ekonomian, gizartean eta demokrazian dagoen lauza handiari aurre egiteko”.

Haren ustez, pilatzen ari dira desmuntatzen joan behar dugun arrakala hori eraikitzen joan diren desberdintasun-arrazoi guztiak zehaztasun handiagoz azaltzeko arrazoiak. Eta dimentsio globaleko prozesu iraultzaile eta eraldatzaile baten erdian gaudela onartzen badugu, emakumearen erabateko berdintasunak gizarte-justizian eta lehiakortasunean irabazteko motorra izan behar du.