Lehendakaria: "Garapen jasangarri eta inklusiboak ikuspegi zabala eskatzen du, herri akordioak eta azpiegitura guztiak arintzea zero kilometroko energia garbiez hornitzeko"

2022-10-05

  • Lehendakaria Ingeteamen 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian izan da, eta bertan enpresak energia garbien arloan duen zeregina nabarmendu du
  • Zailtasuna eta ziurgabetasuna nagusi diren une honetan, Iñigo Urkulluk herri gisa ditugun gaitasunekiko konfiantza ere partekatu du

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu du garapen jasangarri eta inklusiboak ikuspegi zabala eskatzen duela, herri akordioak eta azpiegitura guztiak arintzea zero kilometroko energia garbiez hornitzeko. "Euskadin energia berriztagarrien sorrera handitzeko gai izan behar dugu", esan du. Hala adierazi du gaur goizean Ingeteamen 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian. Bertan, enpresa sortu zuten lau familiak omendu dituzte.

Duela 50 urte lau ingeniari lagun Alemaniatik itzuli ziren graduondoko ikasketak egitera eta, zailtasunak zailtasun, ekintzaile izatea erabaki zuten. Horrela sortu zen TEAM 1972an, geroago Ingelectricekin bat egin zuena, Ingeteam sortuz. Gaur egun, Ingeteam energia bihurketan espezializatutako enpresa talde bat da, 24 herrialdetan dauden 4.000 pertsona baino gehiagok osatua. Potentziazko elektronikako, kontrol-elektronikako, motorretako, sorgailu elektrikoetako, ponpa eta motor murgilduetako eta ingeniaritza elektrikoko ekipoak garatzen ditu nagusiki. Gainera, berriztagarrietan lider gisa finkatzea du helburu.

Lehendakariak, bere hitzaldian, Ingeteamek energia garbien arloan duen papera nabarmendu du. “Munduko enpresarik handienekin lehiatzen zarete Euskaditik. Erreferentzia zarete; eta Euskadik zuen beharra du. Bereziki trantsizio energetiko bati aurre egin behar diogun une honetan”, azpimarratu du. Zentzu horretan, Urkulluk aitortu eta eskertu egin du enpresak sorkuntza berriztagarrirako sistemak eskaintzeko duen gaitasuna: eolikoa, fotovoltaikoa eta hidroelektrikoa; kotxe elektrikoentzako kargagailu ultrazkarrak egitea; munduko kruzero handienei ekipoak ematea; edo ur-hornidura ziurtatzea ahalbidetzen duten ekipoak hornitzea.

Lehendakariak aukera baliatu du herri gisa ditugun gaitasunetan konfiantza helarazteko, zailtasun eta ziurgabetasun handiko une hauetan. Hala, nabarmendu du euskal ekonomia % 4,3 haziko dela aurten eta % 2,1 datorren urtean; irailean enplegua hazi egin dela eta 2.000 langabe gutxiago daudela; eta industriaren balio erantsi gordina % 25etik gorakoa izan dela euskal ekonomian aurtengo bigarren hiruhilekoan. “Estrategia partekatu baten eta apustu irmo baten emaitzak dira, eta lankidetza publiko-pribatuko espirituarekin jarraitu behar dugu”, adierazi du.

50. urteurren honetan, Lehendakariak azpimarratu du Ingeteamek, bost hamarkadatan, euskal gizarteari ekarpenak egiten jakin duela, bai jarduera ekonomikoa eta enplegua sortuz, bai eta erantzukizun sozial korporatiboaren bidez ere, kulturarekin eta artearekin oso lotuta.

Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian izan dira Arantxa Tapia, Jokin Bildarratz eta Bingen Zupiria sailburuak ere, baita Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Denis Itxaso Gobernuaren ordezkaria, besteak beste.