Lanbidek bere bulegoetan emango du BakQ ziurtagiria, herritarrek administrazioarekin harreman digitala izateko erabiltzen dutena (Gobernu Bilera 2022-10-11)
2022-10-11
- Madrilgo Enplegu Agentziarekin ere hitzarmen bat sinatuko du, lan-orientazio birtualari buruzkoa
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak BakQ ziurtagiria emango du bere bulegoetan, herritarrek ziurtagiri horrekin harreman digitalak izan ditzaten eta administrazioarekin izapideak digitalki egin ahal izateko.
Idoia Mendia lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Jaurlaritza Kontseiluak berretsi egin du Lanbideren eta Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresa-Empresa de Certificación y Servicios, Izenpe SAren arteko hitzarmena sinatzea, Lanbide Izenperen erregistro-erakunde bihur dadin. Enpresa hori da Euskadin zerbitzu elektronikoak ematen dituen bakarra. Horrek esan nahi du BakQ ziurtagiriak zerbitzu publikoaren erabiltzaileei eman ahal izango zaiela, dauden 42 bulego fisikoen bidez lurralde-estaldura baliatuz, horrela herritarrei errazago izango zaie.
Herritarrek administrazio publikoekin harremanak izateko duten modua aldatu egin da. Izapidetze elektronikoa ohikoa da jada, bai administrazioen barne-kudeaketan, bai administrazioen eta herritarren arteko harremanetan, eta, horren ondorioz, zerbitzuak emateko eredu berriak behar dira.
Erronka horri aurre egiteko, Lanbidek Bulego Birtuala jarri du abian aurten bertan. Proiektu aitzindaria da, pertsonei eta enpresei hurbiltzeko, eta zerbitzu-kanal berriak irekitzen dizkie hala aukeratzen duten erabiltzaileei. Nahiz eta pertsona fisikoak ez dauden behartuta administrazioarekin elektronikoki harremanetan jartzera, joera berrien ondorioz beharrezkoa da herritarrei identifikazio baliabide seguruagoak eskaintzea. Horretarako, lankidetza-hitzarmen hau sinatuko da, eta erabiltzaileei indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen lege- eta segurtasun-bermeak eskainiko zaizkie.
Era berean, Gobernu Kontseiluak onartu du Lanbidek lankidetza-hitzarmen bat sinatzea Madrilgo Enplegu Agentziarekin, lan-orientazio birtualaren arloan. Zehazki, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak orientazio-ekimen tutorizatu online batean interesatuta dago. Ekimen hori abian jarri zen, eta "Enplegurako bidaia" izena hartu zuen.
Madrilgo hiriko lanbide-orientazioko zerbitzuetan erreferentziazko proiektu egonkor bat da, eta ekimen berritzailetzat hartu da, jardunbide egoki gisa, Unibertsitate Autonomoak egindako Enpleguko Udal Politiken Txosten batean. Txosten hori Madrilgo Erkidegoko hogeita bost udalerri handienen enplegu- eta garapen-politiken azterketa konparatibo bati buruzkoa da. Azterlanak adierazten du eredu izan daitekeela beste erakunde publiko batzuentzat, eta erreferentzia bihur daitekeela enplegu-politiken arloan, eta Lanbidek interesa duela bere materialak eta metodologia erabiltzeko, bai eta orientatzaileak teknika mota horietan prestatzeko ere.