Lan eta Enplegu Sailak Gizarte Ekonomiari ematen dion babesa nabarmendu du etorkizuneko apustu gisa

MONDRAGON_CITY_CHALLENGE_2209121.jpeg

2022-09-12

  • Arlo horretan aurten egindako inbertsioa bikoiztu egin da, egoera ekonomikoari eta gerraren ondorioei aurre egiteko, 15 milioi eurora iritsi arte

Lan eta Enplegu Sailak Gizarte Ekonomiari eman dion babesa nabarmendu du gaur. Izan ere, Gizarte ekonomia “iraganean eta gaur egun arrakasta izan duen formula da, eta etorkizunerako apustua”. Aurten hasierako aurrekontua bikoiztu egin da, 15 milioi eurora iritsi arte, egoera ekonomikoaren eta Ukrainako gerraren ondorioei eta Errusiari ezarritako zigorrei aurre egiteko.

Idoia Mendiak zuzentzen duen Sailak Mondragón City Challenge proiektuan parte hartzen du bigarren urtez jarraian. Ekimen horrek gizarte ekonomia gazteen artean zabaltzea sustatzen du, ekintzailetza kooperatiboaren eredu gisa, bere ingurunean errotutako kalitatezko enplegua sortzeko aukera. Jokin Díaz Arsuaga Gizarte Ekonomiako zuzendariak bigarren edizioaren aurkezpenean parte hartu du gaur Gipuzkoako udalerri horretan.

Bere hitzaldian, Díazek gizarte ekonomiaren forma desberdinen balioak nabarmendu ditu, errentagarritasun-, elkartasun-, iraunkortasun-, berrikuntza- eta sustraitze-printzipioak txertatzen baitituzte. Ildo horretan, gogorarazi du “sektorearekin batera 2021-2027 aldirako Gizarte Ekonomiako Sail arteko Plan Estrategikoa hedatzen ari garela. Tresna horrek gure gizartearen zutabeetako bat indartuko du: Gizarte Ekonomia, kooperatibismoa”. Esan duenez, iraganean eta gaur egun arrakasta izan duen formula bat izan da, baita etorkizunerako erreferente bat ere.

“Gizarte Ekonomiak kalitatezko enplegua sortzen du, sustraituta eta balioekin, eta hori inoiz baino gehiago behar dugu bizitzen ari garen eraldaketa sakon honetan”, gaineratu du, “proiektuak abiarazteko modu kolektibo horrek aukera ematen duelako bizitzen ari garen eraldaketa energetiko-ingurumeneko, digital eta soziosanitario handien ondoriozko inguruabar aldakorretara hobeto egokitzeko. Eta norbaitek zalantzaren bat bazuen, azken krisiak erakutsi du etorkizuneko apustu baten aurrean gaudela”.

Era berean, Díazek azpimarratu du “gobernu batek Gizarte Ekonomiari emandako babes handieneko unean gaudela”, Ukrainako gerraren eta egoera ekonomikoaren ondoriozko larrialdi guztiei erantzuteko urte honetarako aurreikusitako aurrekontua bikoiztu egin baita. Aurrekontua 15 milioi euro ingurukoa izango da.

Gizarte Ekonomiako zuzendariak amaitu du Arrasaten izandako hitzaldia, eta ekimen honetan parte hartu duten ikasleak animatu ditu “enpresa kooperatiboagoa, kolaboratiboagoa, berdinzaleagoa eta birbanatzaileagoa egiteko beste modu hori sustatzera eta zabaltzera, lurraldean sustraituago eta, azken batean, gizarte-kohesio handiagoarekin”.