Jokin Bildarratzek Hezkuntza Lege-aurreproiektuaren balorazioa egin du: "Gizarteari entzuteko prozesua irekitzera goaz; elkarrizketak jarraitu behar du gure lan-tresna izaten"

2022-09-14

Hezkuntza Sailak prest du Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege-aurreproiektuaren lehen zirriborroa. Bihartik aurrera, dokumentu hori jendaurrean jarriko da, herritarren ekarpenak jasotzeko eta arau honetan interesa duten gizarte-eragileen ahalik eta parte-hartze handiena bermatzeko. Orain irekitzen ari den entzuketa prozesu berri honetan ekarpenak bildu ondoren, Hezkuntza Sailak Gobernu Kontseiluan udazkenean bertan onartzea aurreikusten du –Jokin Bildarratz sailburuak gaur goizean adierazi duenez–, eta ondoren, Legebiltzarrera bidaltzea, talde parlamentarioen artean berriro eztabaidatzeko.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Bildarratzek nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarraren apirilaren 7ko agindua jaso eta “testu artikulatu bihurtu duela. Legebiltzarrean izan ziren ehunka parte hartze eta agerraldiren ondoren, eragileekin izan ditugun bilera guztien ondoren, testu hau lortu dugu berriro ere herritarrei, eragileei eta zeresana duten erakunde guztiei entzuteko”.

Sailburuak adierazi du laster iritsiko dela horietan “sakontzeko eta hitz egiteko aukera” eta ikasleen irteera-profila, doakotasuna edo zaurgarritasuna aipatu ditu, besteak beste, sakon aztertu beharreko gai horien artean. “Gizarteari entzuteko prozesu bat irekiko dugu gaur. Elkarrizketaren bidetik jarraitu behar dugu lan egiten. Iritsi nintzen lehen egunetik, elkarrizketak eta entzuketak izan behar dutela gure tresna esan izan dut, eta uste dut gure Saila oso ondo ari dela erakusten”.