Jokin Bildarratz sailburuaren eta Pilar Alegria ministroaren arteko bilera

2022-09-02

  • Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hezkuntzaren egungo nahiz etorkizuneko erronka nagusien inguruko gogoeta eta hausnarketa partekatu dute
  • Jaurlaritzak unibertsitatera sartzeko probaren edozein aldaketa elkarrekin aztertzeko beharra azpimarratu du, halakorik onartu baino lehen; koordinazio horretan aritzeko konpromisoa hartu du ministroak
  • Bildarratz eta Alegria aldebiko topaketak sendotzearen alde agertu dira, garatu beharreko proiektuak elkarrekin lantzeko

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Pilar Alegria Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak aldebiko bilera izan dute gaur goizean Madrilen, Ministerioaren egoitzan. Sailburuarekin batera, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea ere bileran izan dira. Bestalde, ministroarekin batera, Jose Manuel Bar Hezkuntzako estatu-idazkaria eta Clara Sanz Lanbide Heziketako estatu-idazkaria izan dira.

Ikasturte berria hastear dela, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-arloko hainbat gairi buruzko analisia partekatu nahi izan dute: arau-proiektuak, EBrekiko koordinazioa Lanbide Heziketaren esparruan; edo hezkuntza-komunitateak COVID-19aren aurrean ikasturte hasiera honetan emandako erantzuna, beste zenbait gairen artean.

Espainiako Gobernuak unibertsitatera sartzeko proba aldatzeko duen asmoa izan da bileran jorratutako gai nagusietako bat. Bildarratzen esanetan, horrelako garrantzia duen proposamen batek aldez aurreko lana eskatzen du, Euskadik bere ikasleen hezkuntzaren eduki eta helburu gehienak definitzen dituzten hezkuntza-eskumenak baititu. Sailburuaren iritziz, edozein ebaluaziok, definizioz, ebaluatu beharreko testuinguruaren idiosinkrasia errespetatu behar du, bai eta ebaluazioa non egiten den ere. Beharrezkotzat jo du eskumenen araberako ebaluazio-eredu baterako trantsizioa egitea, baina ministroari jakinarazi dio beharrezkoa dela modu pausatu eta arautu batean jardutea. Bildarratzek gogorarazi du Batxilergoko curriculum berria irailean hasiko dela ezartzen, eta edozein aldaketa egin aurretik beharrezkoa dela ikastetxeei denbora ematea prozesu metodologiko eta pedagogikoa egokitzen joan daitezen. Ildo horretan, ministroa prest agertu da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin koordinatuta lan egiteko unibertsitatera sartzeko egungo probari eragingo dion edozein aldaketa egiterakoan.

USE alde batera utzita, ministroari Euskal hezkuntza Legearen ildo nagusiak helarazteko ere baliatu du hitzordua Bildarratz sailburuak. Honen alderdi aipagarrienen artean, sailburuak eskola-segregazioari aurre egiteko aurreikusten dituen neurrietan jarri du arreta, neurri horietako batzuk dagoeneko bultzatzen ari baita Hezkuntza Saila, arau-aldaketen bidez. Era berean, Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoaren figura aztertu da. Zerbitzu horretan sartuko dira finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiak, eta hori izango da Lege berriaren beste ezaugarri nagusietako bat.

Bileran, Hezkuntza sailburuak irakasle-lanbidea hobetzeko beharrezkoak diren erreformak modu koordinatuan bultzatzearen garrantzia ere azpimarratu. Gai honetan, Hezkuntza Sailak identifikatuak ditu bere ustez jorratu beharreko esparruak: hasierako prestakuntzarako sarbidea (graduak eta masterra), irakaskuntza-gaitasunen eta funtzio publikorako sarbidearen inguruko hausnarketaren aldeko apustua egitea, eta irakaskuntza-funtzioa betetzeko ebaluazio-prozedurak bultzatzea. Sailburuak ministroarekin partekatu ditu aldaketarako bere proposamenak, diagnostikoa partekatu eta ezarri beharreko neurri nagusiak adostu ahal izateko.

Lanbide Heziketari dagokionez, Ministerioari Lanbide Heziketa Antolatzeko Errege Dekretua ahalik eta azkarren garatzearen garrantzia azpimarratzeaz gain –berriki onartu den Lanbide Heziketaren Legetik eratorria–, Jokin Bildarratzek Euskadiko Lanbide Heziketa Europako Batasunarekin egiten ari den lanaren berri eman dio ministroari. Europako bikaintasun-zentroen sarea indartzeko helburuz Bildarratzek eta Nicolas Schmit Enplegu eta Gizarte Eskubideen komisarioak joan zen ekainean Bruselan egin zuten bilerari esker, Europako Batzordeak bultzatutako Europako Foro bat hartuko du Euskadik azaroan, Europako Batasuneko 27 herrialdeen parte-hartzearekin.

Bilera amaitzean, Pilar Alegria ministroak eta Jokin Bildarratz sailburuak bi gobernuen arteko aldebiko bilerak sendotzearen aldeko apustua egin dute, hezkuntzaren arloko analisiak eta hausnarketak partekatzeko helburuz.