Javier Hurtado sailburuak: "Orbea Gravel Rioja Alavesa bezalako ekitaldiek zikloturismo-estrategia sendotzen lagunduko dute Euskadin"

2022-10-17

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Orbea Gravel Rioja Alavesa (Wine Gravel Trail) aurkeztu du gaur. Zikloturismoaren ekitaldi hau urriaren 28an eta 29an izango da, eta helburua da “udazken betean Arabako Errioxaren erakargarritasunaz gozatzea eta bertako txokoak bizikleta gainean ezagutzea, gastronomiaren, enologiaren eta kulturaren elementuez baliatuta”.

Sailburuak azaldu duenez, Wine Gravel Trail Rioja Alavesa zikloturismoak lurralde bat bisitatzea esperientzia berezi bihur dezakeen moduren adibide bat da. “Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik apustu egin dugu Euskadi zikloturismoko helmuga aitzindari gisa posizionatzen jarraitzearen alde, eta horretarako tresna ugari ditugu. Euskadik tradizio luzea du txirrindularitzan, baita arrakasta kirolean, azpiegitura onak, BTT zentroen sarea edo bide berdeen sarea ere. Premisa horrekin, bizikletaren turismoari lotutako estrategia sendo bat indartzeko zutabeak ezarri ditugu, funtsezko 4 ardatzen bidez: azpiegiturak indartzeko eta hobetzeko lankidetza, sektorearen profesionalizazioa eta lehiakortasuna; zikloturismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntza”.

Zikloturismoaren Euskal Estrategia hau lurraldeko 2 bisitari-motari zuzenduta dago. Alde batetik, bizikletaren kirol-turismoa, bidaiaren arrazoi nagusia bizikletaz gozatzea duena, batez ere errepidean, eta aldi berean gure baliabideak ezagutu ditzakeena.

 

Besetik, bizikletaren aisialdi-turismoa, bere esperientzia hainbeste oinarritzen ez duena bizikletan, helmugaren ezagutzan baizik, baina bere egonaldian bizikletari lotutako jarduera bat egitea aurreikusten duena, besteak beste: bide berdeetako ibilbide txikiak, BTT zentroetako ibilbideak edo hirietatik gertuko irteerak.

 

Wine Gravel Trail ekitaldiari beste mugarri batzuk gehitu behar zaizkio Turismoaren Euskal Estrategiaren bidean, esaterako: Fitur 2023, Euskadiko zikloturismoaren eskaintza erakusteko; Euskadiko Bide Berdeen III. Jardunaldia, urtarrilean, Donostian; Euskadiko II. Zikloturismo Foroa, udaberrian, “2023ko Frantziako Tourraren irteera Euskaditik, txirrindularitza-ekitaldi handiaren hitzaurrea izango dena, gure lurraldea zikloturismoko erkidego aitzindarietako bat bihurtzeko ibilbidean”.

 

“Azken batean”, sailburuak esanez amaitu du, “Wine Gravel Trail Rioja Alavesa bezalako ekitaldiek Euskadin zikloturismoa sendotzeko bide hori indartzen lagunduko dute, turismo jasangarriaren produktu eredugarri bat direlako, desestazionalizazioa, lurralde osoan zehar fluxuak mugitzea eta eskaintza turistikoa dibertsifikatzea ahalbidetzen dutenak”.