Javier Hurtado sailburuak: "Industria Ondarearen Europako Sarearen (ERIH) urteko Konferentzia Euskadin egitea mugarri bat izango da, eta lagungarri turismo industrialean erkidego aitzindari izateko"

2022-06-17

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak galdera bati erantzun dio gaur Eusko Legebiltzarreko kontrol-saioan, Alemaniara, zehazki Ruhr arrora, aste honetan egin duen bidaia instituzionalaren helburuei buruz. Sailburuak azaldu duenez, bidaia honetan “bertatik bertara egiaztatu ahal izan dugu nola gauzatu duten industria-eraldaketako prozesua Euskadiren oso antzekoa den eskualde batean, Ruhr arroan, hain zuzen ere, eta arlo horretako kudeaketa- eta koordinazio-esperientziak trukatu ditugu”. Euskadiko turismo industrialaren garapenean sakontzen jarraituko duen trukea.

Gainera, bidaia baliagarria izan da baliabide turistikoen zuzendariekin elkarraldiak izateko, besteak beste Zollverein meatze-guneko presidente Hans-Peter Nollekin, Ruhr Eskualde Elkarteko zuzendari nagusi Karola Geiß-Netthöfelekin eta Industriekultur Ibilbide Industrialeko zuzendari Timo Haugerekin. Era berean, bilera bat egin da ERIHko idazkari nagusiarekin (European Route of Industrial Heritage), Christiane Baumekin, eta akordioa itxi da ERIHk 2023an izango duen konferentzia eta urteko batzarra Euskadin egiteko, “mugarri garrantzitsua Euskadirentzat, turismo industriala garatzeko eta ERIHrekin lankidetzan aritzeko egindako lan handiaren ondorio” azaldu du sailburuak.

Industria Ondarearen Europako Ibilbidea (ERIH) Europako Kontseiluak Europako Kultur Ibilbide gisa aitortutako kultura-sare bat da, eta gure kontinenteko historia industrialaren funtsezko guneak lotzen ditu, haien berezko ezaugarriak aitortuta Turismo Industriala sustatzeko oinarri gisa. Sareak 2.000 gune baino gehiago ditu Europako 50 herrialdetan, eta horietatik 112 Anchor Points edo aparteko lekuak dira. Gune horiek Europako industria-ondarearen bihotza dira, eta, beraz, turistei eta bisitariei esperientzia paregabea eskaini behar diete, eta horiek hobeto ezagutu eta interpretatzeko beharrezko turismo-azpiegituraz hornitu behar dira.

2018an Turismo Industrialaren Plana lantzen hasi ondoren, Euskadik gaur egun Anchor point gehien dituen autonomia-erkidegoa izatea lortu du, orain arteko 3ren ziurtagiria jaso baitu: Encartada (Balmaseda), Trenbidearen Museoa (Azpeitia) eta Añanako Gatz Harana.

“Turismo industrialaren aldeko apustu hau uste sendo batetik eta helburu argi batekin sortu zen”, azaldu du sailburuak. “Gure industria-ondarea gure historiaren zati gisa gorde behar genuela uste dugu, eta hori gabe ezingo genuke gaurko Euskadi ulertu. Eta gure helburua memoria hori bizirik eta aktibo mantentzea izan zen, turismo industrialaren garapenaren bidez. Helburua da erakundeek eta herritarrek gure ondareari eta haren balioari buruz sentsibilizatzeko balio izatea, baina baita bisitariak erakartzeko eta turismo jasangarriaren estrategia indartzeko ere, desestazionalizazioari, turismo-tradizio txikiagoa duten eremuetara bisitari-fluxuak banatzeari eta tokiko garapenari laguntzen dielako”.

Alde horretatik, sailburuak azaldu duenez Alemaniara egindako bidaia instituzionalean “ikusi ahal izan dugu zer nolako eragin ekonomikoa duen tokiko garapenean, kudeatzaileen eskutik, Euskadin ezartzen ari garenaren oso antzeko estrategiekin, zalantzarik gabe, funtsezkoak direnak eskualde askorentzat. Eta ondorio garrantzitsu bat ere atera dugu: inplikatutako erakunde, elkarte eta eragileen ahalegin eta inbertsioarekin bakarrik egin daitekeela hori eta gai izan behar dugula inbertsio horien benetako irismena herritarrei erakusteko. Langileen historia honekiko harrotasun eta kidetasun sentimendua oso presente dago Ruhr bezalako esperientzietan, eta funtsezkoa da bultzada politikak inplementatzeko orduan”.