Javier Hurtado sailburuak eta Ermuko alkate Juan Carlos Abascalek Ermuko Merkataritza Bulego Teknikoa aurkeztu dute

16-03_RdP_OTC_Ermua.jpg

2022-03-16

  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Ermuko alkate Juan Carlos Abascalek eta Ermuko Merkatari eta Ostalari Elkarteko (EMOE) presidente Aitor Ruperezek Ermuko Merkataritza Bulego Teknikoa aurkeztu dute. Bulego horri esker, arreta-sare indartu bat izango du Debabarrenak.

Ermuko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Ermuko Merkataritza Bulego Teknikoa (MBT) aurkeztu da gaur. Merkataritza Bulego Teknikoa Covid-19ari aurre egiteko 2021ko ekitaldian merkataritza-bulego teknikoetara bideratutako laguntzen programan sartuta dago. Programa horrek guztira 36.017,78 euro bideratu ditu Debabarreneko saltokiak babestera zuzendutako hainbat ekintza egin ahal izateko.

Euskadko Merkataritza Bulego Teknikoen Sarea Autonomia Erkidegoko merkataritza-enpresei laguntzeko aktibo nagusietako bat da, baita politika publikoak koordinatu eta kudeatzeko balio handiko gorputz profesionala ere.

Javier Hurtado sailburuaren arabera, “merkataritza-bulego teknikoek sektoreari lotutako jarduerak efizientziaz egiteko beharrezkoa den aholkularitza eta trebetasuna eskaintzen dute. Eta, hori guztia, hurbiltasunetik eta merkataritzaren problematikaren ezagutzatik abiatuta”.

Sailburuak adierazi duenez, “gaur aurkeztu dugun Ermuko Merkataritza Bulego Teknikoa baliagarria izango da inguruko establezimenduei intereseko gai guztien inguruko aholkularitza eskaintzeko eta, era horretan, Ermuko udalerriko bizitza aberastuko duen merkataritza dinamiko bat lortzeko”.

Sailburuak aukera baliatu du alkateari eskerrak emateko, “merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren sektoreak babesteko ekintzetan egin duen lanagatik eta erakutsi duen lankidetzagatik”, eta Ermuko udalerria nabarmendu du; izan ere, “lan ona egin du merkataritzaren sektorea babesteko betekizunak betetzen dituzten eta sektorearen eraldaketa digitala eta jasangarria sustatzen duten proiektuak sortzeko garaian”.

Ildo horretan, Euskadik merkataritzaren sektorearen lehiakortasuna bultzatzeko 5,8 milioi euro jaso ditu Europako funtsetatik, eta onartutako 9 proiektuetako baterako finantzaketa lortu du Ermuak bertatik. Ildo horretan, 361.000 euro bideratu dira hiri-azoka jasangarrien proiektura.

 “20 jarduketa baino gehiago dira, honako arlo hauetan: eraldaketa digitala, saltokiaren eraldaketa, jasangarritasuna, ekonomia zirkularra, sentsibilitatea eta prestakuntza, eta Ermuko merkataritzaren berrikuntza, digitalizazioa eta lehiakortasuna indartzen lagunduko duten beste jarduketa batzuk.

Sailburuak amaitzeko azpimarratu duenez, Sailak “hurbileko merkataritzaren eta haren kohesio-izaeraren alde egiten du, hurbila eta kalitatekoa delako eta herritarrentzako babes-sareak sortzen dituelako”.