Javier Hurtado sailburua: "Turismo-industriak trakzio, berrikuntza eta jasangarritasuneko elementu gisa zein herrialde-marka proiektatzeko elementu gisa duen balioa aldarrikatu nahi dut"

2022-03-31

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Mondragón Hospitality klusterra (hotel-sektorera bideratutako enpresen klusterra) aurkezteko jardunaldia inauguratu du gaur. Aurkezpenean, Mondragón Taldeko, ekitaldia egin den Basque Culinary Centerreko eta erakundeetako ordezkariek eta hotel-sektoreko hainbat profesionalek hartu dute parte. Industria, Merkataritza eta Turismoko ministro Reyes Marotok eman dio amaiera jardunaldiari. Eusko Jaurlaritzatik, halaber, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak hartu du parte.

Hurtado sailburuak Mondragón Hospitality ekimena nabarmendu du, eta, adierazi duenez, “bultzada handia emango dio hotel- eta turismo-sektorearen berrikuntzari. Izan ere, Mondragon Taldea, kooperatibismoaren eredu ez ezik, industria-berrikuntzaren eredu ere izan da beti. Haren ezagutza hotel-sektorean aplikatzeak lehiakortasun-plus bat emango dio turismo-industriari, eta eragina izango du toki-garapenean”.

Ildo horretan, sailburuak turismo-industriak gero eta garrantzi handiagoa duela azpimarratu nahi izan du, eta, adierazi duenez, “zuzeneko enplegua eskaintzen die herritarren % 10i, eta beste zeharkako enplegu askoren euskarria da. Eta gastronomia (Euskadin turismoa erakartzeko elementu nagusia) gaineratzen badiogu, eragina askoz handiagoa da”.

Eta sailburuak azaldu duenez, turismoaren gero eta garrantzi handiago horrek ez du zerikusirik bisitari kopuru handiagoarekin, “azken urteetan jarraitutako estrategiari eta faktore exogeno batzuei esker Euskadi turismo-jasangarritasunaren arloko erreferente izatearekin baizik. Eta jasangarritasuna diogunean, ez gara tokiko estrategia batez ari, estrategi global batez baizik. Kontua ez da, besterik gabe, Euskadi gero eta desestazionalizatu, deszentralizatu eta dibertsifikatuago dagoen turismo jasangarri eta jarraitu baten eredu izatea. Kontua ez da, besterik gabe, Euskadik mundu osoan ospe handia duen gastronomia bat izatea. Horrez gain, Euskadik ekarpen handia egiten du berrikuntza teknologiko eta industrialetan”.

Sailburuaren ustez, turismo-jasangarritasunaren funtsezko alderdietako bat “jasangarritasuna gure ekintza guztien ardatz nagusia izateko apustua da. Industriak bezalaxe, turismoak jasangarritasunerako bidea egiten jakin izan du, eta turismo-arloko erkidegorik lehiakor eta jasangarrienetako bat gara gaur egun.

Hori dela eta, sailburuak adierazi duenez, “turismo horrek eta gastronomiak trakzio-, kohesio- eta proiekzio-elementu gisa duten balioa aldarrikatu nahi dut gaur. Gainera, turismoak neurri handian bultzatzen du herrialde-markaren irudia, eta hori funtsezkoa da gure enpresen lehiakortasunerako. Markako industriak eta markako turismoak elkarrekin joan behar dute beren proiekzio nazionalean eta nazioartekoan, eta Euskadi Basque Country marka indartsua izango da gure aliantzak indartsuak badira”.