Jaurlaritzak euskal administrazio publikoetan egiaztapen txartelak formatu digitalean aurkezteko aplikazio mugikorra jarri du abian

NIK.jpg

2022-09-19

  • NIK Patrika digitala/Cartera digital aplikazioak orain arte plastikozko txartelean aurkezten diren egiaztagiriak telefono mugikorrean hartzeko balioko du.
  • Eraldaketa digitalaren barruan, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren proiektu estrategikoetako bat da
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak txartel digitalaren erabilera euskal administrazio publiko guztiek eskaintzen dituzten beste zerbitzu batzuetara zabaltzea aurreikusten du

Administrazio publikoen aurrean herritarrek beren egiaztagiriak euskarri digitalean gorde ahal izan ditzaten aplikazio mugikor bat jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak. NIK wallet aplikazioak zorro digital gisa balioko du plastikozko txartel gisa eraman ohi diren dokumentuak eramateko eta aurkezteko. Modu honetara erosotasun, arintasun eta segurtasun handiagoa ahalbidetuko du beharrezko zerbitzuak eta izapideak jasotzerakoan. Eusko Jaurlaritzak bere programan du jasota plan hau, eraldaketa digitalaren arloko proiektu estrategikoen artean.

Horrela, NIK Patrika digitala/Cartera digital aplikazioaren bidez, edonork sar ditzake bere txartelaren euskarri elektronikoa bere telefono mugikorrean. Aplikazioa deskargatu ondoren, telefono mugikorra erakusteko keinu bakar batekin identifikatu ahal izango da dagokion zerbitzuan. Zerbitzuak lortzeko edo jarduerak egiteko beharrezkoak diren egiaztagiri fisikoak bildu eta eraman beharrean, aplikazio honekin formatu elektronikoan sartuta eraman ahal izango dituzu zure gailu mugikorrean.

Aplikazio mugikorra Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak garatu du. Txartel-zorro digitala oso erabilgarria da dokumentuak mugikorrean gordetzeko eta in situ eta modu telematikoan aurkezteko aukera ematen baitu, hala nola, udal kiroldegietara sartzeko identifikazio txartelak (Santurtziko kasuan, dagoeneko erabilgarri dago eta laster zabalduko da Euskadiko beste udalerri batzuetara), Osasun Identifikazioko Txartela (TIS) edo hezkuntzako irakasle publikoen izaera egiaztatzen duten dokumentua. Sailak txartel digitalaren erabilera euskal administrazio publiko guztiek eskaintzen dituzten beste zerbitzu batzuetara zabaltzea aurreikusten du.

Txartel digitala tresna segurua da, gailua identitate indartsu batekin lotuta dagoelako, eta, beraz, ez dago informazio faltsua edo legez kanpokoa erabiltzeko mehatxurik. Telefono mugikorra lapurtuz gero, lapurrak ez luke patrika digitalera sartzeko aukerarik izango, aplikazioak sarbide fisikoa kontrolatzen baitu kode edo aztarna digital baten bidez edo gailu mugikorraren beraren aurpegi azterketa biometrikoaren bidez.

Plastikozko txartelek ez bezala, txartel digitalak iraungitze kontrol automatikoa egiteko aukera ematen du, horien berritzea berariaz eskatu behar baita. Horrek balizko zerbitzuen hartzaileen kudeaketa hobea egiteko aukera ematen du. Gainera, txartel fisikoek denboraren joanak eragindako narriadura naturalari lotutako arazoak dituzte, eta hori saihestu egiten da akreditazio digitalekin.