Itelazpik Bikain kalitate ziurtagiria lortu du euskararen erabilera eta kudeaketagatik

Polentzi_Urkijo__Zupiria_eta_Dobaranekin.jpg

2022-12-13

  • Ziurtagiriak Eusko Jaurlaritzaren azpiegitura publikoen eta telekomunikazioen sarea kudeatzen duen sozietate publikoa aintzatetsi du euskararen erabilera eta presentziagatik, bai zerbitzu hizkuntza gisa, zein lan hizkuntza gisa
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako sailburuorde Polentzi Urkijok gaur jaso du ziurtagiria

Euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketaren normalizazio maila egiaztatzen duen zilarrezko Bikain ziurtagiria jaso du Itelazpik gaur. Ziurtagiria lortzeko kanpo ebaluazio batera aurkeztu ondoren lortu du egiaztapen hori Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari lotutako sozietate publikoak. Bikain zigilu ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak emana, eta kanpo auditoria bat gainditu ondoren lortzen da.

Ebaluazio horretan ezarritako neurri unitatea Erreferentzia Marko Estandarra da, lau ardatzetan oinarrituta: erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo harremanak, barne harremanak eta hizkuntza kudeaketa. Itelazpik puntuaziorik handiena lortu du irudi korporatiboari, kudeaketa sistemei eta herritarrekiko harremanei dagokienez. Talde ebaluatzaileak azpimarratu du 2014tik Itelazpi euskararen kudeaketa espezifikoa egiten ari dela eta urte hauetan guztietan sendotasun handia lortu duela. Gaineratu du hizkuntza irizpideak onartu eta barneratu dituela, euskara batzorde bat osatu duela eta arkitektura oso bat eraiki duela euskara enpresako beste edozein gai bezala kudeatzeko.

Era berean, azpimarratu du erakundeak estrategikotzat jotzen duela euskara sustatzea, eta hizkuntza politika indarrean dagoen kudeaketa planean eta plan estrategikoan sartuta dagoela. Izan ere, hizkuntza irizpideak jasotzen dituen HPO dokumentua sortu du. Ildo horretan, ezarritako irizpideen betetze mailaren jarraipena egiten du.

Egiaztagiriak banatzeko gaur arratsaldean Donostian egin den ekitaldian Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako sailburuorde Polentzi Urkijok jaso du Itelazpiren ziurtagiria Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburuaren eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako Sailburuordearen eskutik.

Ziurtagiri honek erakusten du Matxalen Lauzirikak zuzentzen duen entitateak euskara erabiltzen duela bere jarduera profesionaletan, bere irudi korporatibotik hasi eta bezeroekiko, gizartearekiko eta kanpoko edozein eragilerekiko harremanetaraino, eta komunikazioarekin eta pertsonen kudeaketarekin lotutako eremu guztietan.

Hizkuntza kudeaketaren kalitatea ebaluatzeko eta ziurtatzeko sisteman, Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten eremu sozioekonomikoko erakunde publikoek eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek parte har dezakete.