Hezkuntza-eremuan jokabide suizidaren prebentzioa, esku-hartzea eta posbentzioa egiteko estrategia

2022-10-13

  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Osasun Sailak prestatu dute elkarrekin Estrategia
  • Helburua da ikastetxeei marko erabilgarri bat eskaintzea, hezkuntzako profesionalei segurtasuna eskainiz, jokabide suizidako krisi-egoeretan erantzun azkarra eman ahal izateko
  • Hezkuntzako profesionalentzako, ikasleentzako eta komunitate osoarentzako prestakuntza ere badakar Estrategiak

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Jose Antonio de la Rica Arreta Soziosanitarioko zuzendariarekin eta Lucía Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariarekin batera, Hezkuntza-eremuan jokabide suizidaren prebentzioa, esku-hartzea eta posbentzioa egiteko estrategia aurkeztu du gaur goizean, Bilbon. Estrategia hau elkarrekin prestatu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Osasun Sailak, eta Euskal Herriko Unibertsitateak eta Osakidetzak ere parte hartu dute bertan. Jokabide suizidaren fenomenoa osasun publikoko arazotzat hartzen du Estrategiak, eta diziplina anitzeko ikuspegitik heltzen dio gaiari.

Gida bat da, eta tresna baliagarria eta orientatzailea izan nahi du –ikastetxeei, irakasleei eta eskola-komunitate osoari zuzendua–, suizidioaren prebentzioan, esku-hartzean eta posbentzioan aurrera egiteko, eskola-ingurunean. Dokumentu berriak segurtasuna emango die hezkuntzako profesionalei eskola-eremuan izan daitezkeen jokabide suizidako egoerei heltzeko orduan.

Horretarako, jokabide suizidaren prebentzioari dagokionez, Estrategiak, lehen orrialdeetan hasi eta azkeneraino, funtsezko zenbait alderdi nabarmentzen ditu, besteak beste: gizarte- eta hezkuntza-gaitasunak lantzea ikastetxeetan, ikasleak kudeaketa emozionalean heztea, gatazkak eta pertsonen arteko harremanak konpontzeko lan egitea, komunikazio natural bat finkatzea, komunitateko kide garelako sentimendua indartzea edo segurtasun eta konfiantza-giroa sortzea ikasgeletan.

Gaur aurkeztu den dokumentua Euskadin suizidioa prebenitzeko Estrategiatik eratorrita sortu da; Estrategia hori Osasun Sailak prestatu zuen, eta, hartan, besteak beste, "ikastetxeetan identifikatutako suizidio-arriskurako kasuetan jarduteko protokoloa” sortzeko beharra jasotzen du. Era berean, OMEren eta UNESCOren gomendioetan oinarritzen da, bai eta aipaturiko Estrategia horrek jasotakoetan ere; hauen arabera, ikastetxeak osasun mentala sustatzeko ingurune paregabeak dira.

Hezkuntza-printzipioak

Estrategiak honako hezkuntza-printzipio hauek ditu oinarrian, suizidioaren prebentzioan esku-hartzeko.

  • Inklusioa: ikasle guztien presentzia, parte-hartzea eta ikaskuntza bermatzea eta, horretarako, ikastetxean dauden pertsona guztien berezitasuna eta balioa aitortzea.
  • Ikasle gisa zentzua sortzea eta itxaropena sustatzea: Bizikidetzan ikasten dena eta bizi izaten dena, garapen integraleko proiektu pertsonal batekin lotzen da, eta herritartasun aktiboa, kritikoa eta ahaldundua izateko baldintzak sortuko ditu proiektu horrek, gaur egun nahiz etorkizunean. Horrela, zentzua ematen dio ikaslea ikastetxean egoteari, eta, horrekin bat, erronka pertsonalak gainditu ahal izateko itxaropena ematen du.
  • Segurtasuna, konexioa eta komunikazioa: kalitateko interakzioak. Eskolak babes- eta laguntza-zirkuluak sustatu behar ditu pertsona kalteberenentzat, eta, hala, haien bidez, sufrimendua antzemateko alerta-seinaleak identifikatu ahal izango dira. Ikastetxeak, halaber, ingurunearekin komunikatzeko zabalik egon behar du, batez ere familiarekin eta gizarte- eta osasun-arloetako beste profesional batzuekin komunikatzeko.
  • Ongizate pertsonala eta emozionala: Ikastetxeak baliabideak eta tresnak eman behar ditu hezkuntzak emozio eta sentimenduen kudeaketa egokia eta bizitzarako trebetasunen garapena sustatzeko. Modu berean, gatazkak kudeatzeko behar diren ikaskuntzak bultzatuko ditu.

Noiz eta nola ekin?

Estrategiak jarduteko zenbait agertoki aurreikusten ditu, ikastetxean sor daitekeen egoeraren arabera: suizidioaren alarma-seinaleak identifikatzea; suizidio-ahalegin bat; edo suizidioagatiko heriotza bat.

Helburua da, kasu guztietan, ikastetxeei tresna baliagarri eta azkar bat ematea, ahalik eta lasterren jardutekoa, gertatzen den kasuaren aurrean.

  1. Identifikatutako suizidio-arriskuaren aurrean jarduteko protokoloa. Jokabide suizidako arrisku handiena adierazi ohi duten alarma-seinaleak antzematean oinarritzen da (besteak beste, suizidioaz hitz egitea edo suizidioaren inguruko planak egitea, sexu-abusuen edo bullyingaren biktima izatea, gainerakoentzat karga bat delako pertzepzioa, autoestimu baxua…). Protokoloak berebiziko garrantzia ematen dio jokabide suizidako arriskuan dauden ikasleekin komunikazioa izateari, prebentzio moduan. Ikasleak laguntza bilatzen aktibo izan daitezen lortu nahi da.

Ikastetxean jokabide suizidako arriskuan dagoen ikasle bat antzematean, haren babeserako zirkuluaren eta gainerako profesionalen presentzia eta laguntza beharko dira. Hori dela eta, Estrategiak jokabide suizidako krisietan jarduteko prozedura bat zehazten du. Prozedura honek honako urrats hauek barne hartzen ditu, besteak beste: egoeraren berri ematea Hezkuntza Ikuskaritzari eta Berritzegune Nagusiari; ikastetxean Krisi Suizidari Erantzuteko Taldea sortzea, edo ikaslearen inguruko behaketa bat ezartzea, eta hura ikuskaritzarik gabe ez uztea. Familiarekin bat etorriz, jokabide suizidaren arriskuari aurre egiteko garrantzi berezia duen jarduketa bat da profesionalen arteko lankidetza garatzeko baldintza egokiak eratzea (profesional horiek izango dira, eskolakoekin batera, osasun mentaleko eremukoak eta eremu sozial eta sozioedukatibokoak). Azken batean, lanerako sare kohesionatua sortu nahi da.

  1. Suizidio-saio baten ondoren jarduteko protokoloa. Suizidiorako ahalegin baten ondoren, kasu askotan, nerabeak ospitaleratu egiten dira. Nerabe horiek ikastetxera itzultzen direnean, premia sozioemozional eta hezkuntza-premia konplexuak izan ohi dituzte; hori dela eta, ikastetxeek prozedura formala behar dute pertsona horien trantsizioa eta itzulera eta eskola-komunitatearen egokitzapena egokia izateko. Helburu horrekin, ikastetxeak ikasleari baliozkotzeko eta hazkuntza pertsonalerako testuingurua eman behar dio, eta haren gaitasunekin berriro harremanetan jartzeko aukera. Era berean, kide izatearen sentimendua landuz, lotura sortzeko aukera ematen duen harreman-ingurunea eskaini behar du.

Hori dela eta, dokumentuak jarduketa-plan bat proposatzen du, bi une bereizita: ikaslea ikasgelara itzuli aurretik eta ondoren jarduteko plana. Jarduketa-plan horrek Trantsiziorako eta Ikastetxerako Itzulerako Plan Pertsonalizatua (TIIP) izango du ardatz. Ezinbestekoa izango da orduan ere ikastetxearen, familiaren, osasun-eremuaren eta ikaslearen beraren arteko koordinazioa eta inplikazioa.

Trantsiziorako eta ikastetxera itzultzeko protokolo hori jokabide suizidarako arriskua prebenitzeko modu eraginkortzat ere jotzen da; hala, kutsatze sozialak izateko eragina murrizten da, batez ere ikasle kalteberenen artean.

  1. Suizidio bidezko heriotza baten ondoren jarduteko protokoloa. Suizidioaren posbentzioa delakoa da. Suizidioaren ondoren bizirik irauten duten pertsonengatik, pertsonekin eta pertsonentzat egiten diren ekintzen multzoa jasotzen du (eskola-komunitate osoa). Hauen susperraldi psikosoziala erraztea eta beste ondorio kaltegarri batzuk prebenitzea ditu helburu (besteak beste, jokabide suizida edo sintomatologia klinikoa agertzea). Beraz, posbentzio-estrategia on bat, aldi berean, jokabide suizida prebenitzeko modu bat da, ingurune hurbilenean eta kalteberenean.

Eskolak bere kideetako bat suizidioz hil dela dioen albistea jasotzen duenean, Krisi Suizidari Erantzuteko Jarduketa Plana aktibatuko du. Hark honako urrats hauek izango ditu, besteak beste: informazioaren benetakotasuna egiaztatzea; eskola-komunitateari heriotzaren berri erantzukizunez ematea; jokabide suizida kutsatzearen prebentzioa; laguntza-zerbitzuak aktibatzea, eta oroitzapen-ekitaldirako plan bat garatzea.

Protokoloak suizidioaren bidezko heriotza ikastetxetik kanpora edo ikastetxean bertan izan den bereizten du.

Oinarrizko ezagutzen gida

Irakasleei eta irakasle ez diren langileei zuzendurik, haur eta nerabeengan jokabide suizida prebenitzeko oinarrizko eta funtsezko ezagutzak ere ematen ditu Estrategiak.

Horretarako, atal didaktiko hau jokabide suizidaz hitz egitean erabiltzen diren oinarrizko terminoak azaltzen eta definitzen hasten da, besteak beste: ideazio suizida, suizidioari buruzko komunikazioa, suizidio-saioa, suizidioa edo autolesio ez-suizidak. Eta, aldi berean, fenomeno horrek adinarekin zein sexuarekin duen harremana aztertzen du (generoaren paradoxa) edo sexu-orientazioarekin eta genero-identitatearekin duena (kolektibo ez-normatiboak).

Jokabide suizidaren ezagutza zehatzagoa sustatzeko eta, hala, suizidioaren fenomenoarekin batera sarritan izaten diren estigma eta tabua murrizteko, dokumentuak suizidioaren inguruko zenbait mito faltsu edo okerreko informazio –sozialki oso hedatuak– biltzen eta gezurtatzen ditu.

Modu berean, laguntza behar duten ikasleak identifikatu eta antzemateko lana errazteko, gidak jokabide suizidan zeresan duten faktoreak zehazten ditu:

  • Suizidioaren aurrean babesteko faktoreak: faktore pertsonalak, familia-faktoreak edo eskola- eta gizarte-ingurunekoak.
  • Suizidioaren fenomenoaren arrisku-faktoreak: faktore pertsonalak, familia-faktoreak edo eskola- eta gizarte-ingurunekoak.
  • Suizidioaren inguruko alarma-seinaleak: hitzezkoak eta hitzezkoak ez diren seinaleak.

Komunitatearentzako prestakuntza

Hezkuntza Sailak hilabeteak daramatza ikasleen gogo-aldartearen inguruko prestakuntza-saioak garatzen. Hala, une hauetan, ongizate emozionalari buruzko prestakuntza du abian 900 irakasle ingururekin. Protokolo-gida ikastetxeetara bidali ondoren, honako hau izango da aurreikusitako prestakuntza:

  • Ikastetxe guztietan abian diren BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea, Bizikasi ekimenaren barruan sortuak) taldeetako profesionalen prestakuntza-saioak. Gaiari buruzko hamar orduko prestakuntza jasoko dute.
  • Saio horiek, aurrerago, eskola-komunitate osoari zabalduko zaizkio (irakasle ez diren ikastetxeko langileei, familiei…), webinar bidez; izan ere, komunitateko kide den edozeinek izan dezake behatzaile edo gatekeeper eginkizun garrantzitsua, haren ingurunean suizidio-arriskuaren alarma-seinaleak identifikatzeko.
  • Prestakuntza-saioak, era berean, Bigarren Hezkuntzako ikasleei iritsiko zaizkie, ikastetxeetan suizidioaren inguruan garatuko diren lan-dinamiken bidez, edo jokabide suizida landuko duten ikasmaterialen bitartez, datorren ikasturtetik aurrera.