Gobernu Kontseiluak Inklusiorako V. Plana (2022-2026) onartu du, desberdintasun-arrakala berriak eteteko (Gobernu Bilera 2022-12-27)

logoconsejo.jpg

2022-12-27

Prestazioen eraginkortasuna areagotzea, enpleguko pobrezia murriztea eta osasun-arloko desberdintasunak prebenitzea du helburu

Zerbitzuek eskain dezaketena ardatz duen sistema batetik pertsonei eskaini behar dieguna ardatz duen sistema batera igaro nahi dugu, adierazi du Mendiak

Gobernu Kontseiluak 2022-2026 Inklusiorako V. Euskal Plana onartu du gaur. Tresna horren bidez, desberdintasun-arrakala berriak eten, enpleguko pobrezia murriztu eta prestazioen eraginkortasuna areagotu nahi dira. 

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Kontseiluak Inklusiorako V. Euskal Plana berretsi du gaurko bilkuran, 2017tik 2021era bitartean indarrean egon denaren ondorengoa. Plana gauzatzeko ardura duten erakunde publiko guztien aurrean aurkeztu zen joan den irailean, Donostian egindako Inkusiorako II. Jardunaldian, baita arlo horretan lan egiten duten eta plana egiten parte hartu duten hirugarren sektoreko erakundeen, gizarte-eragileen eta legebiltzar-taldeen aurrean ere. 

2022-2026ko V. Inkusiorako Planak erronkak eta hainbat emaitza ezartzen ditu, eta horiek ahalegina eskatzen dute gizarteratzearekin lotutako politiketan gertatu behar diren eraldaketa eta aurrerapen nagusiak adostasunez lehenesteko, bai eta euskal biztanleriaren egoeran gertatu behar diren aldaketak elkarrekin definitzeko ere. 

Plana abian jartzeko, esparru estrategiko bat ezarriko da, lehentasun komunekin, helburuak eta gomendioak, gizarteratzeko politiketan inplikatutako eragile guztien politikak bideratzeko, eta bi plan operatibo, bat 2023-24 aldirako eta bestea 2024-25 aldirako, administrazio publikoek eta hirugarren sektoreak sustatutako jarduketa eta proiektu traktore espezifikoekin. Era berean, Lan eta Enplegu Sailak finantzaketa-lerro espezifiko bat antolatuko du proiektuak abian jartzea sustatzeko. 

Era berean, etxebizitzarako eskubide subjektiboa gauzatu nahi da, sustapen publikoko alokairuko etxebizitzetan bizi diren pertsonen kopurua handituz, bai eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoa jasotzen dutenena ere; gizarte-zerbitzuek gizarte-bazterkeriaren eremuan jarduteko duten gaitasuna indartzea; pobrezia energetikoa prebenitzea, hori jasaten duten biztanleen ehunekoa murriztuz; eta osasun-arloko desberdintasunak prebenitzea, hilkortasunari, hautemandako osasunari, gaixotasun kronikoen prebalentziari eta osasun mentalaren egoerari dagokienez, errenta-maila desberdinak dituzten lurraldeen artean eta maila sozioekonomiko desberdinetako pertsonen artean. 

Hasierako datuak 

Plana definitzeko, aldez aurretik beharren diagnostiko bat egin da, eta horrek agerian utzi du 2017an aurreko dokumentua egin zenetik gora egin dutela Euskadin gizarte-bazterketa larriko egoerek (EAEko biztanleriaren % 9ri eragiten diote), bai eta pobrezia larriko egoerek ere (biztanleriaren % 6,1i eragiten diote, 2008ko bikoitza, BPGaren hazkundea gorabehera). Gainera, desberdintasun-tasak handitu egin dira, % 20 pobreagoko diru-sarrerak gainerako % 80koak baino askoz ere gutxiago hazi direlako. 

Era berean, eta COVIDaren eragina gorabehera, jarduera eta okupazio-tasek mantzen dira, eta langabezia-tasak murrizten dira, etxebizitza-eskariak behera egiten du, baina etxebizitza erosteko eta alokatzeko prezioak igotzen dira, eta etxegabetzeen kopuruak ere behera egiten du, bestalde etxegabetasun-egoerak, itxuraz, gora egiten du. Diagnostikoaren arabera, gainera, oraindik ere desberdintasun sozioekonomikoek jarraitzen dute osasunari, heriotza-tasari eta hezkuntza-emaitzei dagokienez, desgaitasuna, generoa, adina eta jatorria oraindik ere arrisku-faktoreak dira pobreziari eta bazterketari dagokienez, eta 2015etik etorkinen kopuruak gora egin du, nahiz eta pandemiak migrazio-fluxuak moteldu dituen. 

Plana abian jartzeko, esparru estrategiko bat ezarriko da, lehentasun komunak, helburuak eta gomendioak bilduko dituena, gizarteratzeko politiketan inplikatutako eragile guztien politikak orientatzeko, eta bi plan operatibo, bata 2023-24 aldirako eta bestea 2024-25, administrazio publikoek eta hirugarren sektoreak sustatutako jarduera eta proiektu traktore espezifikoekin. Era berean, Lan eta Enplegu Sailak finantzaketa-lerro espezifiko bat antolatuko du proiektuak abian jartzea sustatzeko. 

Lehendakariordeak irailean egindako aurkezpenean adierazi zuen bezala, Inklusiorako Plan honekin zerbitzuek eskain dezaketena ardatz duen sistema batetik pertsonei eskaini behar dieguna ardatz duen sistema batera igaro nahi dugu, eta hori izango da datozen bost urteetako esparru estrategikoa. Era berean, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren programaren funtsezko printzipioetako bat dela gure gizarteko kide bakar bat ere ez geratzea alde batera, ez bakarrik gutxieneko ongizate batetik, baita gizartean eta lanean berriro lotzeko aukeretatik ere, eta desberdintasun-tarte berririk ez irekitzea.