Gobernu Kontseiluak asteroko ohiko bilera egin du

2022-09-07

Gobernu Kontseiluak, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru dela, asteroko ohiko bilera egin du gaur goizean. Bertan, hainbat erabaki onartu dira.

Alde batetik, eta hezkuntza arloari lotuta, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran ikastetxe publikoetan edo, salbuespen gisa, itunpeko ikastetxe pribatuetan eskolatuta dauden hezkuntza-premia berezietako ikasleentzat 2022-2023 ikasturtean eskola-garraiorako banakako dirulaguntzak deitzen dituen Agindua onartu du. Deialdi honek 4.554.000 euroko diru kopurua du.

Gainera, gaurko bileran Gobernu Kontseiluak baimena eman du Errenteriako Udalak 1.314 m²-ko partzela bat doan lagatzeko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, Gipuzkoako udalerri honetan alokairuko babes sozialeko 27 etxebizitza eraikitzeko. Etxebizitzak herriko Esnabide sektorean egongo dira, eta bertan erroldatuta dauden eta Etxebiden izena emanda dauden pertsonei lehentasunez alokatzera bideratuko dira.

Gobernu Kontseiluak, halaber, oniritzia eman dio 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzen dekretuari; dekretua Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu du. Dekretuak 4.000.000 euroko zuzkidura du, atzeraeraginezkoa da 2021/07/01etik, orduan amaitu baitzen pandemian abian jarritako laguntzen indarraldia. Horrela, erabaki da iraunkorra izatea 0 eta 14 urte bitarteko seme-alaben zaintzaileak kontratatzeko dirulaguntza.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena