Gizarteratzeko V. Euskal Plana pobreziari aurrea hartzeko Euskadin garatzen diren politikei buruzko hausnarketa-jardunaldi batean aurkeztuko da

portada_definitiva_cas.jpg

2022-09-16

  • Irailaren 28an izango da Donostiako Miramar Jauregian, eta izen-ematea doakoa eta irekia d
  • Beste lurralde batzuetan garatutako esperientziak eta jarduteko ereduak azalduko dira

Gizarteratzeko II. Jardunaldiak datorren irailaren 28an hausnartuko du Euskadin pobrezia eta gizarte-bazterkeria prebenitzeko garatzen diren politikei buruz. Donostiako Miramar Jauregian egingo den hitzorduan inguruko beste lurralde batzuetan garatutako esperientziak kontrastatuko dira, eta gaur egun egiten ari diren Gizarteratzeko V. Euskal Planaren elementu estrategikoak ezagutuko dira.

Iazko ekainean egindako lehen jardunaldiaren ondoren, Lan eta Enplegu Sailak bigarren edizioa antolatu du, Euskal Autonomia Erkidegoan bazterkeriaren prebentziorako garatzen diren politiketan aurrera egiten jarraitzeko. Jardunaldia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak inauguratuko du, eta, ondoren, mahai-inguru bat egingo du bazterketa-egoeran dauden pertsonen beharrei buruz eta egoera horiek prebenitzeko politika egokienei buruz hausnartzeko. Raúl Floresek, FOESSA-Cáritas Fundazioko ikasketa-taldearen koordinatzaileak, eta Borja Barragué UNEDeko eta Lucía Martínez Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek hartuko dute parte.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruz Euskadiko Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurka Borrokatzeko Sarearekin (EAPN) lankidetzan garatutako partaidetza-esperientzia aurkeztu ondoren, beste lurralde batzuetan (Katalunian, Valentziako Erkidegoan edo Pirinio Atlantikoetan, esaterako) garatutako gizarteratze-politiken plangintzako beste esperientzia batzuk ezagutuko dira.

Jardunaldian, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege berria Eusko Legebiltzarrean izapidetzearekin batera egingo dena, Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak gaur egun prestatzen ari den Gizarteratzeko V. Euskal Planaren elementu estrategikoen berri emango du.

Arratsaldean, Idoia Mendia Lehendakariordeak zuzentzen duen Sailak V. Plan honen esparruan bultzatutako proiektuak aurkeztuko dira. Horrela, Deustuko Unibertsitateko irakasle Natxo Martínezek triaje-tresna aipatuko du; SIISeko ikerketa-teknikari Idoia Garcíak gizarteratzeko ibilbide mistoekin gauza bera egingo du; EDE Fundazioko koordinatzaile Rocío Salazarrek inklusio-sistemen arteko koordinaziorako tokiko mahaien berri emango du, eta Lanbideko Prestazio eta Inklusioko zuzendari Sara Buesak, azkenik, laneratzearen bidez gizarteratzeko prestakuntza-, enplegu- eta laguntza-proiektuak azalduko ditu. Amaiera Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendari Francisco Pedrazak emango du.

Jardunaldia irailaren 28an (asteazkena) hasiko da, goizeko 9etan, Donostiako Miramar jauregian. Bertaratzea irekia eta doakoa da, eta izen-emateak Euskadiko II. Inklusio Jardunaldian (Euskadi.eus) egin daitezke.